Elikagaiak alferrik galtzearen aurkako 5. astearekin bat egin du Mercadonak. Ekimena AECOCek koordinatzen du, eta aurreko edizioetan ere hartu dugu parte. Aurten, lelo honekin dator: “Elkarrekin konponbideak elikatzen”.
Elikagaiek ez dute hondakinik! Ideia horretatik abiatuta, hondarrak aprobetxatzeko kaneloien errezeta bat proposatuko dizugu, eta aholku erabilgarriak emango dizkizugu elikagaiak hobeto aprobetxatzeko eta janaria alferrik ez galtzeko.
Erosketa egiteko eta etxean gordetzeko aholkuak
- Hartu denbora erosketa-zerrenda prestatzeko. Horrela, denbora eta dirua aurreztuko dituzu, eta elikagaiak alferrik galtzea saihestuko.
- Prestatu asteko menua. Aukeratu zer jango duzun egun bakoitzean; hala, behar duzuna bakarrik erosiko duzu, eta hozkailuan ez zaizu ezer hondatuko.
- Ohitu zaitez hozkailua edo jaki-tokia begiratzen. Egin erosi behar diren gauzen zerrenda haiek agortu ahala.
- Antolatu jaki-tokia aldian-aldian. Produktu-taldeka antola dezakegu, eta iraungitze-data hurbilen duten produktuak aurrean jarri, hobeto ikus ditzagun.
- Gorde elikagaiak behar bezala, giro-tenperaturan egon direlako edo ontzi egokietan gorde ez direlako alferrik gal ez daitezen.
- Izozkailuan sartu aurretik, jarri etiketak produktuei, eta, haietan, idatzi produktuaren izena eta zein egunetan izoztu duzun.
Elikagaiak hobeto aprobetxatzeko aholkuak
Haragia eta errekiak aprobetxatzeko
- Oilasko-hegalak prestatzen dituzunean, eros itzazu osorik, eta gorde puntak hegazti-saldei zaporea eta testura emateko. Gauza bera egin dezakezu oilasko errearen edo beste hegaztiren baten hezurrekin: gorde eta erabil itzazu salda bikainak prestatzeko.
- Izoztu prestatuko dituzun haragien zain, azal eta gantzen ebakinak. Su txikian egindako saldek eskertuko dizute.
- Erreki, gisatu eta eltzekarietatik sobera den haragia modu askotara berrerabil daiteke. Edozer gauza sar diezaiekezu bexamelarekin egindako kroketei: oilaskoa (errekien soberakinetatik), haragia eta barazkiak (eltzekarien hondarretatik), legatza (labean egin ondoren geratzen denetik), txipiroiak… Risotto baten soberakinekin ere presta ditzakezu kroketak, italiarrek egiten duten bezala.
- Sobera duzun haragiarekin, edozein dela ere, tortilla mexikarrak presta ditzakezu, ahuakatea, tipula gordina eta saltsa min bat gehituta.
Lekaleak aprobetxatzeko
- Egun batzuen buruan, lekaleak lodiegi geratzen dira. Haiekin, oso pure finak presta daitezke.
- Eltzekari bateko soberazko txitxirioak ezin hobeak dira ondu eta hummus gozo-gozo bat prestatzeko.
Arrainak aprobetxatzeko
- Arrandegira joaten zarenean, eskatu arrainen burua eta hezurrak gordetzeko. Barazki-ebakinekin batera egosiz gero, salda zaporetsuak izango dituzu.
- Arrain zurien hezurrei dagokienez (legatza, urraburua, lupia), arraspatu atxikitako haragia koilara batekin. Zatitxo horiek arrain-zopan bota ditzakegu, edo arrain-kroketak prestatzeko erabili. Izokinaren edo atunaren hezurrak erabilita, tartar bat presta dezakezu. Antxoen hezurrak irineztatu eta frijitu ondoren, oso gustura jango dituzue.
- Edozein arrainen soberakinak patata egosiarekin nahasiz gero, kauserak egin daitezke, arrautza-irinetan pasatzen badituzu, edo entsaladillak, maionesarekin nahasiz gero.
- Legatzaren, bakailaoaren edo izokinaren azala geratzen bazaizu, friji ezazu, eta txintxorta batzuk izango dituzu.
- Olagarroa osorik aprobetxa daiteke, baita burua ere: ortuariekin egindako entsalada freskoetan jar daiteke, edo arrozaren osagarri gisa.
- Frijitu edo birrineztaturen bat sobera geratzen bazaizu, jar ezazu arroz luzearekin, barazki salteatuekin eta saltsaren batekin.
Barazkiak aprobetxatzeko
- Porruen zati berdea ezin hobea da saldak, errekiak edo salteatuak egiteko.
- Barazkiak erretzen dituzunean, hotzean ere zerbitza ditzakezu, gainetik olio pixka bat botata. Edo tortilla bat prestatzeko erabili. Edo kremak egiteko, salda, esne-gain edo esne pixka bat gehituz gero.
Opilak eta ogia aprobetxatzeko
- Opil gogortuen hondarrak esnearekin eta arrautzekin nahasiz gero, bizkotxoak eta pastelak presta daitezke.
- Birrindu ogi gogorra eta birrineztatu nahi duzuna. Bestela, busti ezazu esnetan, haragi edo arrainen betegarriei testura emateko. Baratxuriz igurtzi eta salda berotan bustitzen baduzu, arrain-zopak egiteko ere erabil dezakezu. Edo baratxuri-zopa zoragarriak prestatzeko.
Esnekiak aprobetxatzeko
- Hozkailuan ahaztuta geratu den gazta gogorraren soberakinekin, gazta-kremak egin ditzakezu, barazkien osagarri gisa, edo pastarako saltsa bikain bat.
Hondarrak aprobetxatzeko kaneloien errezeta
2 lagunentzako osagaiak
- Kaneloiak egiteko 8 hodi, aurrez egosiak
- Txerri-masail gisatuen soberakinak (300 g).
- 1 litro esne.
- 70 g irin.
- 70 g gurin.
- 80 g Grana Padano birrindu.
- Arbendol txigortua (% 0 gatz).
- 1 koilarakadatxo intxaur muskatu.
- 1 koilarakadatxo piperbeltz zuri.
- Gatza.
Urratsez urrats
Betegarria
1. Atera aurreko egunean sobera geratu ziren masail gisatuak hozkailutik. Haragia oso trinko dagoela ikusten baduzu, berotu ezazu, gero maneiatu ahal izateko.
2. Bereizi, batetik, masailak eta, bestetik, saltsa eta barazkiak. Papurtu masailak.
3. Xehatu saltsa eta barazkiak, eta nahasi bereiz utzitako saltsa pixka batekin, baina ez dadila likido geratu; saltsak busti egin behar du, haragiak zukutsua egoten jarrai dezan. Gorde.
Bexamela
1. Urtu gurina lapiko batean, su motelean. Gehitu irina txandatan, eta utzi sutan, nahasteari utzi gabe.
2. Irina gorritzean, gehitu esnea (aurrez berotua) txanda txikitan; nahasi gogoz hagaxkarekin, pikorrik gera ez dadin. Erabili beti su txikia.
3. Irakin guztia 10 bat minutuz. Gehitu intxaur muskatua, piperbeltz zuria eta gatza.
4. Pikorrak geratu badira, pasatu irabiagailua edo iragaz ezazu.
Aurkezpena
1. Prestatu pasta-hodiak eta bete itzazu haragiarekin. Mahuka bat edo koilaratxo bat erabil dezakezu.
2. Igurtzi laberako azpil baten hondoa gurin apur bat gehiagorekin, eta jarri koilarakada batzuk bexamel.
3. Ipini kaneloiak azpilean eta estal itzazu bexamel askorekin.
4. Hautseztatu Grana Padano birrinduarekin eta arbendol xehe-xehearekin. Sartu labean 40 bat minutuz (berotu ezazu aurretik 180 °C-an). Bexamelak arina izan behar du, denbora horretan kaneloiaren pasta ondo egos dadin.
5. Pasta egosita dagoenean, gainerre dena gazta eta arbendola ondo gorritu arte.
6. Zerbitzatu 3 edo 4 kaneloi pertsonako eta bota aurretik erreserbatuta utzi dugun gisatuaren soberazko saltsa gainetik.
Beste gomendio batzuk
Gure izozteko poltsak erabiltzen dituzu? Hermetikoak eta erresistenteak dira. Hainbat gauzatarako balio dute: elikagaiak izozteko, hozkailuan gordetzeko, lantokira edo eskolara eramateko, etab.
Bazkari edo afarietarako ideiak behar badituzu, sartu gure errezeten atalean.