Iritsi da kalabaza-sasoia. Elikagai gozo horrekin prestatzeko 4 errezeta proposatzen dizkizugu.

Iritsi da sasoiko kalabaza zure sukaldera

2023ko urriaren 13a

Kalabaza-sasoia da dagoeneko. Udazkeneko produktu honek aukera asko ematen ditu, eta tradizio aberatsa du sukaldaritzan. Gure gastronomiako altxor honek zapore eta testura ugari oparitzen dizkigu.

Kalabazak zapore leuna eta apur bat gozoa dauka, eta lur-ukitu bereizgarri bat ere badu. Gainera, modu askotan erabil daiteke sukaldean. Behar bezala prestatuta, samurra eta leuna geratzen da. Horregatik, aukera ezin hobea da zopak, pureak, pastelak eta testura krematsua behar duten beste plater batzuk prestatzeko. Bestalde, kalabaza errea edo parrillan presta dezakezu. Testura sendoa eta zapore karamelizatua hartuko ditu: dimentsio berri bat zure sukaldeko sorkuntzetan.

Kalabaza-denboraldia erabat aprobetxa dezazun, hemen doazkizu proposamen batzuk.

4 errezeta gozo kalabazarekin

Kalabaza txahalez betea

Ingredientes para Calabaza rellena de ternera

1. Ireki kakahuete-kalabaza, eta kendu haziak. Egin ebaki batzuk kalabazari, errazago egin dadin.

2. Sartu aldez aurretik 180 ºC-ra berotutako labean, oliba-olio apur batekin eta gatza eta piperbeltza botata. Egin 40 minutuz, bigundu eta apur bat gorritu arte.

3. Koilara batekin, atera kalabaza pixka bat. Saiatu azala ez apurtzen.

4. Bien bitartean, frijitu tipula bat 2 baratxuri-atalekin eta erramu-orri batekin batera. Gaineratu 500 g gisatzeko haragi, lata bat tomate zatitu eta 2 kopa ardo beltz. Egin 45 bat minutuz, edo haragia desegiten hasi arte.

5. Sardexka batekin, birrindu haragia, eta gaineratu hasieran ateratako kalabaza-haragia.

6. Ondu, eta bete kalabazak haragi-nahastearekin.

7. Hautseztatu perrexil xehatua

Kalabaza-hummusa piperrautsarekin eta kalabaza-haziekin

Ingredientes para Hummus de calabaza con pimentón y pipas de calabaza

1. Egin 500 g kalabaza aurrez 180 ºC-ra berotutako labean, bigundu arte.

2. Jarri iraztontzi batean, eta sakatu likido guztia kendu arte.

3. Iragazi garbantzu-pote txiki bat.

4. Jarri garbantzuak, kalabaza, limoi baten zukua, koilarakada bat tahini, olioa, gatza eta kuminoa irabiagailuan. Irabiatu, testura krematsua lortu arte.

5. Atera plater batera, eta hautseztatu piperrautsa, kalabaza-haziak eta martorri xehatua.

Kalabaza-cookieak txokolate-pipitekin

Ingredientes para Cookies de calabaza con pepitas de chocolate

1. Jarri 400 g kalabaza zatitu erretilu batean, gurin-zatitxo batzuekin batera, eta egin labean 180 ºC-ra, bigundu arte (labana erraz sartzeko moduan).

2. Utzi epeltzen. Jarri iraztontzi fin batean, eta utzi ura ateratzen. Sakatu, gehiegizko ura kentzen laguntzeko. Utzi iraztontzian gutxienez 30 minutuz.

3. Zabaldu kalabaza labeko erretilu batean, eta jarri paper xurgatzailea gainean, ahalik eta hezetasun gehiena kentzeko. Xehatu, eta gorde 120 g errezetarako.

4. Nahasi 240 g irin, koilaratxokada bat abiarazle, koilaratxokada-erdi bikarbonato, gatz apur bat eta espeziak: kanela, intxaur muskatua eta jengibrea (bakoitzetik apur bat).

5. Ontzi batean, irabiatu aurrez bigundutako 150 g gurin eta 100 g azukre beltz, krema harro bat lortu arte. Gaineratu 2 gorringo, irabiatu, eta gehitu kalabaza-purea.

6. Nahasi irina gainerako osagaiekin, eta gaineratu 80 txokolate-pipita.

7. Egin bolak orearekin, nahi duzun tamaina eta formakoak, eta sartu hozkailuan 30 minutuz.

8. Berotu labea 180 ºC-ra, eta jarri orea erretilu batean, labeko paperaren gainean, ez itsasteko.

9. Egin labean 12-15 minutuz. Atera labetik, eta utzi labeko erretiluan bertan hozten 5 minutuz. Gero, atera zerbitzatzeko ohol batera, eta utzi hozten.

Kalabaza-milkshakea espeziekin eta karameluarekin

Ingredientes Milkshake de calabaza, especias y caramelo

1. Egin 400 g kalabaza aurrez 180 ºC-ra berotutako labean, bigundu arte.

2. Jarri iraztontzi batean, eta kendu hezetasun guztia. Utzi hozten.

3. Karamelua egiteko, jarri 25 g gurin, 100 g harrotzeko esne-gain eta 75 g azukre kazola txiki batean, eta irakin. Kendu sutatik eta utzi hozten.

4. Jarri irabiagailuan espeziak (jengibre-hautsa, kanela eta intxaur muskatua —bakoitzetik apur bat—) terrina-erdi banillazko izozki, kalabaza eta baso bete esne. Irabiatu, krematsu geratu arte.

5. Gehitu nahi adina karamelu eta esne-gain harrotu. Hautseztatu espeziekin.

Beste gomendio batzuk

Beste errezeta bat ere proposatuko dizugu: Kalabaza- eta dilista-krema.

Badakizu Barazki izoztuek nutriente eta propietate guztiak mantentzen dituztela?

Ez badituzu probatu txia-haziak, esperimentatu haien elikagai-aberastasuna errezeta hauekin.