Mercadonaren CO2-emisioen murrizketa

Mercadona jasangarriagoa, bere lehen Lean & Green izarra eskuratuta

2021ko uztailaren 16a
  • Mercadonak ziurtatu du 2016-2020 bitartean % 27 murriztu duela CO2 baliokidearen emisioa bere prozesu logistikoetan; hala, hasieran ezarritako % 20ko helburua gainditu du.
  • 2020an, konpainiak bat egin zuen AECOCek Espainian bultzatzen duen nazioarteko Lean & Green ekimenarekin. Mercadonak diseinatu duen eta saritua izan den Emisioak Murrizteko Planak ziurtatzen du azken 5 urteetan gutxienez % 20 murriztu dituela logistikarekin lotutako emisioak.
  • Prozesuak berriro ebaluatu ondoren, jasangarritasun-estrategia berriak abian jarri eta hobekuntza garrantzitsuak ezarri dira.

Fabrikatzaile eta Banatzaile Elkarteak (AECOC) lehen Lean & Green izarra eman dio Mercadonari, 2020an % 20 edo gehiago murriztu zuelako bere prozesu logistikoetan sortutako CO2 baliokidearen emisioa. Murrizketa hori % 27 izatera iritsi da 2021ean. Lorpen garrantzitsu hori Mercadonak landu eta abian jarritako Emisioak Murrizteko Planaren fruitua da, eta asmo handiko plan horrek Lean & Green-en sari bat eskuratu du.

Hornikuntza-kateari lotutako emisioak murrizteko Europako lankidetza-plataformarik handiena da Lean & Green. Ekimen hori bat dator 2050ean neutraltasun klimatikoa lortzeko xedez Parisko Akordioan (COP21) ezarritako helburuekin.

Jasangarritasunaren alorrean erreferente izateko, 2020az geroztik Mercadonak nazioarteko eta lanbide arteko ekimen horretan parte hartzen du, zeinari Europako 200 enpresa baino gehiago baitaude atxikita. Horretarako, emisioen jarraipena egiteko sistema trazagarri eta garden bat izan behar dute, eta, gainera, jardunbide egokiak partekatu behar dituzte Espainiako eta nazioarteko beste enpresa batzuekin.

Lean & Green programak bost maila ditu, eta horietako bakoitzak berotegi-efektuko gasak murrizteko helburu kuantifikagarriak ditu. Enpresak maila bateko helburua lortzen duen aldiro, izar bat ematen zaio, 5 izan arte. Lehen izarra lortu ondoren, Mercadonak Emisioak Murrizteko Plana lantzen jarraituko du, ezarritako helburu zorrotzak lortu arte.

Mercadonaren Garraio Jasangarriaren zuzendari Paco Rosellóren hitzetan, “Lean & Green-en balioak bat datoz Mercadonaren garraio jasangarriaren eta optimizazio logistikoaren ereduaren helburuekin”, eta “Mercadonak Planeta zaintzeko duen konpromisoa agerikoa da enpresaren hainbat prozesutan, hala nola logistikan, zeina funtsezkoa baita gure jarduerarentzat. Lean & Green-ekin bat egiteak ekarri du trazagarritasuna eta gardentasuna hobetzea, baina, batez ere, geure buruarekin zorrotzagoak izaten lagundu digu, eta Europako Itun Berdeak ezarritako helburuetan aurrera egiten”. Gainera, honako hau dio: “Duela zenbait urtetatik egiten ari den ekintzei esker, Mercadonak emaitza onak lortu ditu; adibidez, emisioak % 27 murriztu ditugu, eta horrek esan nahi du 80.000 tona CO2 baliokide gutxiago isuri ditugula atmosferara”. Rosellók dioenez, “bide onetik goaz, baita une kritikoetan ere; adibidez, gaur egungo osasun-krisiarekin bizi izan ditugun une kritikoetan ere, Planeta zaintzen jarraitu dugu”.

Logistika jasangarria: ingurunearekin konprometituak

Konpainiak bere prozesu logistikoak berraztertzen eta hobekuntzak egiten jarraitu du, eta, horri esker, hornikuntza-prozesua optimizatu ahal izan du, gero eta jasangarriagoa izan dadin. Horretarako, hainbat soluzio erabili ditu, hala nola gutxiago kutsatzen duten erregaiak erabiltzea (adibidez, gas natural likidotua [GNL] eta gas natural konprimatua [GNK]), ibilgailuetako hozte-ekipamenduetan erabiltzen diren gasak hobetzea, flota berriztatzea motor estandar aurreratu eta efizienteagoekin eta emisioak kontrolatzeko merkatuan dauden neurri murriztaileenak betetzen dituzten kamioiak erabiliz hiriguneetako azken miliako banaketak egitea. Horrez gainera, Zortziaren Estrategia indartzen jarraitu du hainbat ekimen konbinatuta, eta, haiei esker, bere flotaren ingurumen-portaera hobetzea lortu da. Hauek dira ekimenetako batzuk: “Erosketak nasan” ekimena, zeinak karbono-aztarna murrizten baitu; “Alderantzizko logistika” baliatzea, itzulerako ibilbideak optimizatzeko; erraz konpontzen eta birziklatzen diren ontzi berrerabilgarrien pool bat erabiltzea; eta ontzi eta enbalajeen ekodiseinua zaintzea, kargarako espazioa albait gehien aprobetxatzeko eta “airea garraiatzea” saihesteko.

Horri guztiari eta bere logistika-sailaren eta esparru horretan konpainiarekin batera aritzen diren Totaler Hornitzaileen etengabeko ahaleginari esker, konpainiak aurrerapauso esanguratsuak egin ditu 2020an, datu hauek erakusten dutenez: flotaren % 99k Euro VI estandarra betetzen du, gas naturala (GNL eta GNK) darabilten 103 kamioi ditu jada, 700 dendak baino gehiagok zirkulazio txikieneko orduetako logistika isila darabilte, eta % 85eko betetze-tasa lortu du kamioietan, pandemiak eraginda aldaketa logistiko konplexuak egin behar izan baditu ere 2020 eta 2021ean.

Etxera Eramateko Zerbitzuko eta Mercadona Onlineko flotei dagokienez, bi erregaiko furgonetak ekartzen ari da, eta, horrekin batera, furgoneta elektrikoekin probak egiten ari da.

Gainera, Mercadonaren bloke logistikoetan energia aurrezteko eta energia-eraginkortasuna lortzeko hobekuntza garrantzitsuak egiten ari da, hala nola LED bidezko argiztapena eta eguzki-panel fotovoltaikoak jartzea haietako batzuetan; adibidez, Villadangosen eta Gasteizen.