Tahinia aurkezten dizugu, sesamo-haziekin eginiko elikagai % 100 naturala.

Tahinia aurkezten dizugu, sesamo-haziz egindako pasta % 100 naturala

2022ko otsailaren 03a

Inoiz entzun duzu ezer Tahiniaz? Apenas ezagutzen dugu gurean, baina, apurka-apurka, ari da tokia egiten, batez ere beren burua zaintzea gustuko dutenen artean.

Horrexegatik erakutsi nahi dizugu Ekialde Ertainean sorturiko pasta hau, sesamo-haziz egina, eta kontsumitzeko hainbat modu ere proposatuko dizkizugu. Ikusiko duzu zeinen ederra!

Tahiniaren ezaugarriak eta propietateak

  • Tahinia pasta bat da, % 100 sesamo-haziz egina.
  • Produktu horren ezaugarri nagusia da erabat naturala dela.
  • Osagai bakarra du, eta, beraz, batere gehigarririk ez.
  • Ez dauka laktosarik eta glutenik, eta aproposa da dieta beganoetarako.
  • Produktu osasungarria da, gantz asegabe eta zuntz ugarikoa.

Prestatzeko eta kontsumitzeko moduak

Primerakoa da txigorkietan zabaltzeko, fruta edo entsaladei laguntzeko, pita-ogia bertan bustitzeko, edo beste hainbat errezeta prestatzeko, hala nola Humusa edo Baba Ghanousha. Hona hemen horietako batzuk:

Baba Ghanousha

Imagen Texto 1 Tahini

  • Egin erditik berenjena bat, eta gazitu.
  • Erantsi olio pitin bat, itsatsita gera ez dadin, eta erre labean 40 minutuz, 200 ºC-an.
  • Utzi hozten, eta hustu berenjena koilara batekin; ondoren, txikitu sardexkarekin, harik eta pure egin arte, berenjena-zatitxoren batzuk utzita.
  • Erantsi koilaratxokada bat kumino, koilarakada bat jogurt greko, gatza eta piperbeltza. Nahastu.
  • Ondoren, erantsi limoi-erdi baten zukua eta koilarakada bat tahini. Nahastu nahi bezalako testura lortu arte.
  • Ipini platerean eta berdindu. Apaindu perrexil xehatu pixka batekin, piperrauts gozoarekin eta olio zorrotadatxo batekin.

Brokoli salteatua almendra xerratuekin eta tahini-saltsarekin

Imagen Texto 2 Tahini

  • Moztu 200 g brokoli arbolatxo txikitan. Ipini zartagin batean olio pixka bat, eta salteatu brokolia minutu batzuetan –txanda txikitan, brokolia ez dadin pilatu zartaginean–.
  • Gehitu 30 g almendra, xerratan eginda. Almendrak pitin bat gorritu bitartean eta brokolia al dente dagoela, hautseztatu koilarakadatxo bat kumino, eta zerbitzatu platerean.
  • Irabiagailu edo mixer batean, gehitu tahinia –lau koilarakada mardul–, bi baratxuri-ale, 75 ml limoi-zuku eta arrasean betetako koilaratxokada bat gatz –tontortu gabe–.
  • Apaindu platereko brokolia, tahini-saltsarekin gozatuta.

Platano-, ahabi- eta tahini-txigorkia

Imagen Texto 3 Tahini

  • Ogi biribilaren gainean, igurtzi tahinia, ipini platanoa –trontzotan eginda–, dozena erdi ahabi, eta hautseztatu sesamo-hazi xigortuekin.
  • Horretarako, sesamo-haziak txigortu behar dira aurretik zartaginean su bizian, oliorik gabe bost minutu inguruz, harik eta gorritu arte.

Tahini-, datil- eta olo-galletak

Imagen Texto 4 Tahini

  • Mixer edo irabiagailu batean, xehatu 200 g tahini eta 170 g datil zatikatu. Nahastu ondo 200 g olo ehorekin, harik eta ore homogeneo bat lortu arte. Baliteke datil-zatitxoren bat geratzea.
  • Lortutako orearekin, moldekatu bospasei galleta, gaineratu sesamo-haziak nahieran, eta ipini laberatzeko paper gainean, aurretik oliba-olio pixka batekin igurtzita.
  • Laberatu 15 minutuz, 180 ºC-an. Utzi hozten, eta bapo jatera!

Beste gomendio batzuk

Igurzteko beste krema osasungarriren bat nahi baduzu, hamaikatxo aukera eskaintzen dituena, agian interesatuko zaizu gure kakahuete-krema.