Jarri praktikan aholku hauek zure olagarro-gisatua arrakastatsua izan dadin.

Nola prestatu olagarro aurtengo Gabonetan, puntu-puntuan

2022ko azaroaren 18a

Ausartuko zara Gabon hauetan olagarro-plater bat prestatzen? Edozein unetarako egokia da, eta aperitibo gisa nahiz plater nagusi gisa jar dezakezu. Gainera, hainbat eta hainbat errezeta daude itsaski gozo horretaz gozatzeko.

Olagarroa testura- eta zapore-puntu egokienean prestatzeko, aholku batzuk emango dizkizugu, goxo-goxo gera dadin eta zure gonbidatuak errepikatzeko gogoz gera daitezen.

Olagarro ona prestatzeko sekretuak

  • Funtsezkoa da olagarroa egosi aurretik biguntzea; hala, haragiaren zuntzak hautsiko dira, gogortasuna galduko du eta askoz samurrago geratuko da. Hori lortzeko zenbait modu daude, baina aldez aurretik izoztea edo jada izoztuta erostea gomendatzen dugu.
  • Olagarro gordina 6 hilabete ere gorde daiteke izozkailuan.
  • Olagarroa kozinatzeko, hozkailuan desizoztu behar dugu 24 ordu lehenago; askatzen den ura kentzen joan behar da. Desizoztu denean, ongi garbituko ditugu erroak eta burua, ur hotzarekin. Gero, 3 aldiz sartu eta aterako dugu ura irakiten ari den lapiko batean, “izutzeko” eta azala ez hondatzeko.
  • 25-30 minutuz edukiko dugu lapikoan (2 kg-ko olagarro baterako). Aldian behin sastatuz joango gara, biguntzen ari den jakiteko. Kontuan izan behar dugu olagarroak ur asko askatzen duela eta uzkurtu egiten dela egosten ari den bitartean; beraz, lapikoa ez dugu gehiegi bete behar, gainezka egingo baitu bestela.
  • Olagarroa prest dagoenean, utzi minutu batzuez erretilu batean eta moztu guraizeekin bero dagoen artean.
  • Egosita dagoen egiaztatzeko, sastatu zotz batekin. Zotza erraz sartzen bada, samur egongo da, bere puntuan eta jateko prest. Sartzea kostatzen bazaizu, denbora gehixeago utzi behar da geldi.
  • Olagarroa proteinaz aberatsa da, eta Omega 3 gantz osasungarriak eta zenbait mineral ere ematen dizkigu. Horregatik, oso elikagarritzat jotzen da.

Nola egosi olagarro izoztua

  • Olagarro gordin izoztua egosi behar baduzu, ur irakinetan sartu behar duzu (gatzik gabe). Ura berriz irakiten hasi bezain laster, egosi 15 bat minutuz (kilo bakoitzeko) su ertainean, lapikoa estali gabe. Itzali ondoren, utzi 15 edo 20 minutu geldi, eltzea estalita daukazula.

Berotzeko trikimailu bat

  • Jarri olagarroa plastikozko izozte-poltsa batean, eta sartu ur beroz betetako lapiko batean 10-15 minutuz. Urak ez du olagarroaren haragia ukitu behar, ez dezan berriro egosi. Tarte horretan, beroa iritsiko zen olagarroaren barruraino.

Eta beste trikimailu bat gisatu eta saltsetarako

  • Bazenekien olagarroaren buruak gelatina gehiago duela gainerakoak baino? Horregatik, buruak ezin hobeak dira gisatuetan erabiltzeko, saltsa lodiagoa egingo dizute eta.

Beste gomendio batzuk

Edozein itsaski prestatu behar duzunean, ez badaukazu garbi nola egin, begiratu gure egoste-denboren taula eta zenbat gramo gatz bota behar den.

Postrerako, kontuan izan gure Cocolizze eta Hur-turroizko errezetak.