Gure sukaldaritzan klasikoa den arrain urdin bat da atuna. Zalantzarik gabe, mundu osoan gehien kontsumitzen diren arrainetako bat da, eta zapore aparta du. Kaloria gutxi ditu, proteinatan eta Omega 3 gantz-azidotan aberatsa da, eta A, D eta B taldeetako bitaminak ere ematen dizkigu.
Propietate horiei guztiei esker, besteak beste, nutrizio-balio handiko elikagaia da, ezin hobea dieta orekatua izateko.
Gainera, erabilera anitz ditu, modu askotara jan baitaiteke: labean, plantxan, gisatua, marinatua, freskoa, kontserban… Ezin atunaz aspertu; zuri nola gustatzen zaizu gehien?
Guri asko gustatzen zaigu takotan prestatzea, inspirazio mexikarreko errezeta erraz batean oinarrituta. Jakin nahi duzu nola?
Ikusi pausoz pauso atun-takoen gure errezeta
2 lagunentzako osagaiak
- 1 atun-xerra.
- 1 tipula.
- 1 ahuakate.
- 1 errefau.
- 4 cherry tomate.
- 2 talotxo takotarako.
- Lima-erdia.
- Martorria.
- Jengibrea.
- Gatz- eta piperbeltz-apur bat.
Pausoz pauso
1. Moztu atun-xerra 2na zentimetro inguruko zatitan, ahalik eta homogeneoena.
2. Jarri atuna ontzi batean, bota gatza eta piperra, eta birrindu jengibrea eta lima-erdiaren azala.
3. Bota limaren zukua atunari, estali film gardenez, eta sartu hozkailuan 5 minutuz.
4. Bitartean, moztu tipula juliana eran, ahuakatea haizemaile-forman, errefaua xaflatan, eta cherry tomateak laurdenetan.
5. Atera atuna lima-zukutik, eta erreserbatu.
6. Zartagin batean, berotu talotxoak bi aldeetatik, kolore pixka bat hartu arte.
7. Jarri ahuakatea talotxoaren oinarrian, erdian, eta atun-zatiak gainean.
8. Amaitzeko, jarri tipula, errefaua eta cherry tomateak.
9. Hautseztatu martorri txikitu berriarekin nahierara.
Beste gomendio batzuk
Bazkari eta afarietarako beste aukera oso orekatu bat duzu beste errezeta hau: legatza barazkiekin, lurrunetan eginda.
Bakailaoa jateko errezeta bat prestatu nahi?