Arkume-platerak klasikoak dira Gabonetan, baina, betiko plateren aldean zerbait desberdina nahi baduzu, zapore gozo eta azidoak ezin hobeto orekatzen dituen errezeta hau iradokitzen dizugu.
Arkume-beso honek txundituta utziko ditu zure gonbidatuak, eta sukaldaritza-une berezia sortuko du zure Gabonetako mahaiaren inguruan. Presta zaitez errezeta paregabe bat eskaintzeko: arkumearen tradizioa zitrikoen freskotasunarekin batera.
Plater nagusi landua da, baina ez du zailtasun handirik. Nahikoa da gure argibideei jarraitzea, eta ezin hobeto aterako zaizu.
Arkume-besoa saltsa zitrikoarekin prestatzeko urratsak
4 lagunentzako osagaiak
- Arkume-beso bat.
- 2 limoi.
- Tipula gozo bat.
- 4 baratxuri-ale.
- 400 g patata.
- Azenario bat.
- Oliba-olioa.
- Piperbeltz beltza.
- Gatza.
- 10 g perrexil fresko.
- Apio-adar erdia.
- 70 ml ardo zuri.
- 30 g azukre.
- 15 g gurin, gatzik gabea.
Pausoz pauso
1. Berotu labea. Eman gatza eta piperra arkume-besoari, gehitu baratxuriak (zuritu gabe), eta bota olio apur bat. Egin labean 30 minutuz 220 ºC-ra, gorritu arte.
2. Bien bitartean, zatitu tipula, apioa eta azenarioa karratutan. Gorde.
3. Garbitu limoiak ur berotan, eta lehortu. Haietako bati atera azal-xerra finak azal-kentzekoarekin. Kendu zati zuria azaletik. Txikitu fin-fin xerrak. Irakin ura lapiko batean, eta galdarraztatu 2 minutuz limoi-azal txikitua. Xukatu eta freskatu.
4. Aizto batekin, atera atalak zuritutako limoiari banan-banan. Baztertu atalen arteko mintza. Gorde.
5. Lapiko batean, jarri azukrea, bi koilarakada ur eta beste limoiaren zukua. Urtzen denean, bota txikitutako limoi-azalak eta gurina. Egin su eztian, eta eragin konfitatu arte (10 minutuz) eta ziropa bilakatu arte.
6. Labean 30 minutuz egin ondoren, atera arkume-besoa labetik, gaineratu barazki-zatiak baso bete urekin batera, eta jarraitu labean egiten ordubetez 180 ºC-ra. Tarteka, hidratatu arkume-besoa zukuekin eta urarekin (zukuak gehiegi lehortzen badira).
7. Arkume-besoa eginda dagoenean, iragazi egosketako zukuak eta nahasi limoi-azalarekin egindako ziroparekin. Gaineratu limoi-atalak eta unean bertan txikitutako perrexila, zitriko-saltsa egiteko.
8. Zerbitzatu arkume-besoa saltsarekin estalita, eta atera gainerakoa saltsaontzi batean.
Hornigaia: Egin labean 400 g patata xerra finetan ebakita, turrusta bat oliorekin eta beste turrusta bat ardorekin, gatzarekin eta piperbeltzarekin, 30 bat minutuz.
Chefaren sekretua
Ez daitezen gehiegi egin, komeni da patatak bakarrik egitea ontzi batean, xerra finetan moztuta. Eginda daudenean, kozinatutako barazkiak eta arkume-besoa gaineratuko ditugu, eta pataten ontzian bertan estaliko dugu haragia saltsarekin, patatak ere busti daitezen.
Beste gomendio batzuk
Haragia zapore zitrikoekin konbinatuta gustatzen bazaizu, probatu ezazu Indioilar-azpizuna laranja-saltsarekin prestatzeko errezeta hau.
Gabonetan eskaintzeko modukoa da, halaber, Indioilaskoa labean patata, perretxiko eta ezkaiaren kremarekin eder hau.
Aukeratu gure Turroi-aukera zabalaren artean; nobedade interesgarriak ditugu.