% 100 elektrikoa den kamioia, Mercadonarako ibilbidea egiten Madrilgo hirigunean

Mercadona proba egiten hasi da % 100 elektrikoa den eta BEG, PM eta NOx gasik isurtzen ez duen kamioi berri batekin

2021ko abenduaren 02a
  • Haren teknologia berriak lagundu egiten du konpainiaren eguneroko jardueraren inpaktua gutxitzen, hirietako airearen kalitatea hobetzen eta zarata gutxitzen.
  • Ibilgailu berria Scania da, % 100 elektrikoa, 21 paleteko edukiera du, 26 tona du gehieneko masa baimendua, eta gutxi gorabehera 200 km inguruko autonomia du teorian. Ezaugarri horiekin, irtenbide ezin hobea da hiri barruko banaketarako.
  • Scania, Acotral, Frigicoll eta ThermoKingekin lankidetzan.

Mercadona konpainia, Scania, Acotral, Frigicoll eta ThermoKing hornitzaileekin lankidetzan, laborategiko proba bat egiten hasi da bere prozesu logistikoetan, bere flotan % 100 elektrikoa den kamioi-modelo berri bat gehituta. Proiektu berri horrekin, Mercadonak are gehiago murriztu ahal izango du bere jarduerak hirietan duen inpaktua, eta, hala, Europako Itun Berdearen eta Klima Aldaketaren Legearen helburuekin duen konpromisoa sendotu ahal izango du.

Ibilgailu berriak ez du isurtzen berotegi efektuko gasik (BEG) garraioan, eta horrek ondorio positiboak ditu ingurumenaren babesean eta kontserbazioan. Horrez gain, motor berri horrek hirietako airearen kalitatea hobetzen laguntzen du, pertsonen osasunerako kaltegarrienak diren gasak ere ezabatzen dituelako; adibidez, 10 mikra baino txikiagoak diren partikulak eta nitrogeno oxidoa (NOx) sortzen dituztenak.

Mercadonaren eta haren hornitzaileen proiektu honek kutsadura akustikoa murrizten ere laguntzen du, zarata nabarmen gutxitzen duelako. Motor-motari eta ibilgailuaren diseinuari esker, giza entzumenak ia hautematen ez duen soinu-maila erdiesten da.

Kamioi berriak Scania 300 kWh motorra du, eta tenperatura anitzekoa da. Litio-ioizko bateriez elikatutako motor elektriko bat du, gehienez 220 km-ko autonomia duena. 230 kW-eko korronte zuzenarekin, 90 minutu behar ditu osorik birkargatzeko. Probaldia Acotralen flotan gehitu den unitate batekin egingo da. Epe horretan, Mercadonak Ciempozuelosko (Madril) bloke logistikoko nasa bateko birkarga-prozesuak optimizatu nahi du, gidarien atsedenaldiak eta salgaiak kargatzeko ordutegiak ahalik eta gehien aprobetxatzeko.

Ibilgailua kamioi zurrun bat da, eta hiri barrurako diseinatuta dago, eguneko zein gaueko deskargetarako. 21 paletentzako edukiera du, eta 26 tonako gehieneko masa baimendua. Hozte-ekipamendua ere % 100 elektrikoa da, eta motorraren bateria berera konektatuta dago. ThermoKingek garatutako Frigoblocken bertsioa da, eta, hozte-ekipamenduak gasik ez isurtzeaz gain, hiriguneetan ekipoa piztuta ibiltzeko aukera ematen du, kutsadura akustikoa nabarmen murrizten duelako.

% 100 elektrikoak diren eta BEGik, partikularik eta NOx-ik isurtzen ez duten motorren bidezko hiri-garraioaren proiektu berri honek berretsi egiten du Mercadonak eta haren hornitzaile logistikoek garraio jasangarriarekin eta auzokoekiko bizikidetzarekin duten konpromisoa. Konpainiak urteak daramatza baliabide gutxiagorekin gehiago garraiatzearen alde eta ibilbide bakoitza optimizatzearen alde egiten, baita bere jardueraren inpaktua ahalik eta gehien murriztearen alde ere. Horretarako, orain probatzen ari dena bezalako ekimenak egiten ditu, Europak ezarritako helburuekin guztiz bat datozenak.

Mercadonak Planeta zaintzen jarraitu nahi du, eta horrek ahalegin handia dakar berekin. Adibidez, Emisioak Murrizteko Plana abiatu zuen Lean & Green ekimenaren bidez, zeina Espainian Fabrikatzaile eta Banatzaile Elkarteak (AECOC) sustatu baitzuen, eta egiaztatu du % 20 edo gehiago murriztu dituela CO2-emisioak bere prozesu logistikoetan; zehazki, 2016-2020 bitartean % 27.

Logistika jasangarria: ingurunearekin konprometituak

Mercadonak bere prozesu logistikoak berraztertzen eta hobekuntzak egiten jarraitu du, eta, horri esker, hornikuntza-prozesua optimizatu ahal izan du, gero eta jasangarriagoa izan dadin. Horretarako, hainbat soluzio erabili ditu, hala nola gutxiago kutsatzen duten erregaiak erabiltzea (adibidez, gas natural likidotua [GNL] eta gas natural konprimatua [GNK]), ibilgailuetako hozte-ekipamenduetan erabiltzen diren gasak hobetzea, flota berriztatzea motor estandar aurreratu eta efizienteagoekin eta emisioak kontrolatzeko merkatuan dauden neurri murriztaileenak betetzen dituzten kamioiak erabiliz hiriguneetako azken miliako banaketak egitea. Horrez gainera, Zortziaren Estrategia indartzen jarraitu du hainbat ekimen konbinatuta, eta, haiei esker, bere flotaren ingurumen-portaera hobetzea lortu da. Hauek dira ekimenetako batzuk: “Erosketak nasan” ekimena, zeinak karbono-aztarna murrizten baitu; “Alderantzizko logistika” baliatzea, itzulerako ibilbideak optimizatzeko; erraz konpontzen eta birziklatzen diren ontzi berrerabilgarrien pool bat erabiltzea; eta ontzi eta enbalajeen ekodiseinua zaintzea, kargarako espazioa albait gehien aprobetxatzeko eta “airea garraiatzea” saihesteko.

Horri guztiari eta bere logistika-sailaren eta esparru horretan konpainiarekin batera aritzen diren Totaler Hornitzaileen etengabeko ahaleginari esker, konpainiak aurrerapauso esanguratsuak egin ditu 2020an, datu hauek erakusten dutenez: flotaren % 99k Euro Vic eta Euro VId estandarrak betetzen ditu, gas naturala (GNL eta GNK) darabilten 103 kamioi ditu jada, 700 dendak baino gehiagok zirkulazio txikieneko orduetako logistika isila darabilte, eta % 85eko betetze-tasa lortu du kamioietan, pandemiak eraginda aldaketa logistiko konplexuak egin behar izan baditu ere 2020 eta 2021ean.

Etxera Eramateko Zerbitzuko eta Mercadona Onlineko flotei dagokienez, bi erregaiko furgonetak ekartzen ari da, eta, horrekin batera, furgoneta elektrikoekin probak egiten ari da.

Gainera, Mercadonaren bloke logistikoetan energia aurrezteko eta energia-eraginkortasuna lortzeko hobekuntza garrantzitsuak egiten ari da, hala nola LED bidezko argiztapena eta eguzki-panel fotovoltaikoak jartzea haietako batzuetan; adibidez, Villadangosen eta Gasteizen.

Kamioi elektrikoa proban Mercadonaren bloke logistikoko instalazioetan, CiempozuelosenKamioi elektrikoa proban Mercadonaren bloke logistikoko instalazioetan, Ciempozuelosen.

% 100 elektrikoa den kamioia, Mercadonarako ibilbidea egiten Madrilgo hirigunean  % 100 elektrikoa den kamioia, Mercadonarako ibilbidea egiten Madrilgo hirigunean.