Entrada tienda Mercadona

Mercadonak 5.000 kilo premiazko produktu eman dizkio Nafarroako Elikagaien Banku Fundazioari

2019ko azaroaren 05a
  • Supermerkatu-kateak premiazko produktuen 206.000 kilo baino gehiago eman dizkie zenbait erakunderi 2018an, Nafarroan.

Mercadonak 5.000 kg premiazko produktu eman dizkio Nafarroako Elikagaien Bankuari (NEB). Zehazki, marmelada, azukrea, kakaoa, olioa, lekale egosiak eta patata freskoa eman zaizkio. Hala, berritu egin da bi erakundeek 2013az geroztik duten lankidetza-hitzarmena. Ordutik, 25.000 kilo premiazko produktu eman dizkio NEBi Mercadonak. Hitzarmen horren bidez, gainera, Nafarroako Mercadona supermerkatuek “Bilketa Handia” izeneko kanpainetan parte hartuko dute. Bezeroek kanpaina horietan ematen duten erantzun solidarioari esker, produktutan kilo gehiago pilatzen dira erakunde horiei emateko, Mercadonak ematen dituenez gain.

Produktuak ematean, han izan dira Joaquín Fernández, Nafarroako Elikagaien Bankuko lehendakaria, eta Imanol Flandes, Mercadonaren Kanpo Harremanetarako Nafarroako zuzendaria. Flandesek adierazi duenez, “Mercadonak Nafarroako gizartearekin duen inplikazioaren erakusgarri da ekimena”. Bestalde, Fernándezek eskerrak eman ditu “gaur egindako dohaintzarengatik, eta Mercadonaren eta NEBen arteko etengabeko lankidetzarengatik”.   

Enpresaren erantzukizun sozialaren barruan, Mercadonak, Nafarroako Elikagaien Bankuari ez ezik, Ilundain Haritz Berri Fundazioari, Iruñeko Behartsuen Haurridetxoari, Paris 365 jangela solidarioari, Lizarrako Tailer Eskolari, Tuterako Villa Javier jangela solidarioari eta Tafallako San Francisco Javier etxeari ere laguntzen die, egunero, premiazko produktuak emanez. Lankidetza horiei guztiei esker, 206.000 kilo elikagai baino gehiago eman zituen 2018an.

Imanol Flandes, director de Relaciones Externas de Mercadona en Navarra, y Joaquín Fernández, presidente de la Fundación Banco de Alimentos de NavarraImanol Flandes, Mercadonaren Kanpo Harremanetarako Nafarroako zuzendaria, eta Joaquín Fernández, Nafarroako Elikagaien Banku Fundazioko lehendakaria.

Mercadona Nafarroan

Mercadonak 11 denda ditu Nafarroan: hiru Iruñean (Gipuzkoa etorbidean, Sanduzelaiko etorbidean, eta Antso Azkarraren etorbidean) eta bana Antsoainen, Arangurenen, Barañainen, Burlatan, Eguesibarren, Lizarran, Tafallan eta Tuteran. Denda guztietako langileak batuta, 604 dira guztira, eta kalitateko lan egonkorra dute. Mercadonak Nafarroaren alde egin duen apustuaren erakusgarri da, besteak beste, 470 milioi euroko erosketak egin dizkiela Nafarroako hornitzaileei 2018an, aurreko urtean baino % 19 gehiago; halaber, 8 milioi euroko inbertsioa egin du. Gainera, Mercadonak hurbileko fruta eta barazkien alde egiten du, eta, apustu horren ondorioz, supermerkatu-kateak Nafarroa AGBko 18.000 kilo zainzuri erosi ditu kanpaina honetan; horrek esan nahi du % 200eko hazkundea izan dela aurreko kanpainarekin alderatuta.

Nafarroako Elikagaien Bankua Fundazioari buruz

Nafarroako Elikagaien Bankua (NEB) ongintzako fundazio bat da, irabazi-asmorik gabea, eta Espainiako Elikagaien Bankuen Federazioan (FESBAL) eta Europakoan (FEBA) sartua dago. 1996an sortu zen, eta haren helburua da gizarte-bazterkerian edo horretarako arriskuan dauden pertsonen elikadura-kondizioak hobetzea, integraziorako bidean aurrera egiteko, eta era berean, elikagaiak alferrik galtzea ekiditea. 2018an, NEBeko 176 boluntariok 3.748 tona elikagai banatu zituzten, Nafarroako 193 erakunde sozialen bidez. NEBek ia 24.652 erabiltzaile ditu, eta boluntarioen lan horri esker, 134 kilo eman zaizkio haietako bakoitzari.

Gizarte-ekintza jasangarriko politika Mercadonaren erantzukizun sozial korporatiboan integratua

Mercadonak gizartearekiko dituen konpromisoetako bat da gizarteari itzultzea gizartetik jasotzen duenaren zati bat. Horretarako dauka, hain juxtu ere, Erantzukizun Sozialeko Plana, zeinak hainbat jarduera-ildo jasangarriren bidez jorratzen baititu konpainiaren alderdi soziala eta etikoa, hazkunde partekatuaren aldeko jardunaren sendogarri guztiak ere. Politika horri jarraikiz, Mercadona lanean ari da, besteak beste, Hiri Banaketa Jasangarriaren Proiektua garatzen laguntzeko, bai eta gure hirietako airearen kalitatea hobetzeko ere, bere kamioi eta furgonetak higiarazteko teknologia garbiagoak eta eraginkorragoak erabiliz, eta bere saltokietan lorategi-estalkiak eta lorategi bertikalak eraikiz.

Ingurumen-jasangarritasuna da Mercadonaren Erantzukizun Sozial Korporatiboaren beste ildo estrategiko bat. Mercadonaren Ingurumena Kudeatzeko Sistema propioak logistika hobetzea, energia-efizientzia areagotzea eta hondakin gutxiago sortzea du helburu. Sistema horren parte batek ekonomia zirkularra du inspirazio-iturri, eta hau du xede: hondakinak berriz ere baliabide bilakatzea, Totaler hornitzaileekin elkarlanean jardunez.

Horrez gain, Mercadonak 170 jantoki soziali eta 60 elikagai-bankuri laguntzen die, bai eta Espainia osoko ongintzako beste zenbait erakunderi ere, elikagaiak emanez edo elikagaiak jasotzeko kanpainak sustatuz. Halaber, beren dendak trencadisezko muralekin apaintzeko, 33 fundazio eta okupazio-zentrorekin lankidetzan jarduten da. Desgaitasun intelektuala duten mila lagunek baino gehiagok egiten dituzte mural horiek.

2009az geroztik, Jasangarritasunerako Banaketaren Europako Foroko (REAP) partaide da Mercadona. Hainbatean behin, erakunde horretako kide guztien jardueraren jasangarritasunaren kanpo-ikuskapenak egin ohi dira. Europako Batzordea ere erakundeko lehendakaritzako kide da. Bestalde, Mercadonak bere atxikimendua adierazi zion Nazio Batuen Mundu Hitzarmenari 2011. urtean, zeinak jasotzen baititu giza eskubideen, lan-arauen eta ingurumenaren aldeko eta iruzurraren aurkako borrokaren oinarrizko balioak.