Glutenik gabeko pizza prestatzen irakatsiko dizugu.

Glutenik gabeko pizzaren errezeta

2021ko maiatzaren 24a

Maiatzaren 27an, Zeliakoen Estatuko Eguna ospatuko da. Urtero bezala, Mercadonak bat egin du egun horrekin kolektiboari ikusgarritasuna eta laguntza emateko. Gure konpromisoa irmoa da, eta horren erakusgarri da glutenik gabeko produktu asko ditugula.

Zure errezeta-bilduma osa dezazun, beste errezeta goxo-goxo bat proposatzen dizugu: glutenik gabeko pizza. Jakin nahi duzu nola prestatu?

Ikusi, pausoz pauso, glutenik gabeko pizza prestatzeko errezeta

Bi lagunentzako osagaiak:

  • 400 g glutenik gabeko ogi-prestakin
  • 250 ml ur
  • 1 zorro okindegiko legamia
  • 2 koilarakada oliba-olio
  • Berenjena erdi bat
  • Tipula gozo erdi bat
  • 3 koilarakada tomate frijitu
  • 100 g mozzarella gazta
  • Gazta urtetsua, 50 g
  • 8 xerra urdaiazpiko
  • Gatza

Pausoz pauso:

Masa egiteko:

1. Ontzi batean, jarri ur epela eta disolbatu legamia.

2. Beste ontzi batean, jarri ogi-prestakina eta 5 g gatz, eta nahasi.

3. Egin zulo bat nahastearen erdian eta bota hara legamia daraman ur epela eta oliba-olioa.

4. Eskuz oratu bola-itxura eman arte.

5. Jarri ontzian eta estali zapi batekin. Utzi bero-iturriren batetik gertu ordubetez.

6. Egin masa bi zatitan, eta gorde erdia izozkailuan, beste pizza bat egiteko. Orain erabiliko duzun erdiari beste prestakin pixka bat hautseztatu, eta oratu arrabolarekin, fin-fin egin arte.

Pizza egiteko:

1. Berenjena hatz-erdiaren lodierako xerratan ebaki, azal eta guzti. Jarri uretan eta gehitu gatza. Utzi ordu-erdiz, bigundu dadin eta azidotasuna aska dezan.

2. Xukatu sukaldeko paperarekin. Labeko erretilu batean, jarri berenjena eta tipula juliana eran moztua, eta estali aluminio-paperarekin. Sartu 250°C-an aurrez berotutako labean, 10 minutuz.

3. Pizzaren oinarrian, tomate frijitua eta mozzarella ugari jarri.

4. Gehitu tipula eta berenjena erreak.

5. Sartu pizza labean 250°C-an 12 minutuz, erretilua labearen behealdean jarrita eta aireztagailua martxan dela.

6. Orea egin ondoren, apaindu urdaiazpiko-xerrekin eta birrindu gazta urtetsua gainetik.

7. Labea itzalita baina oraindik bero dagoela, sartu 2 minutuz, gazta urtzeko.

Beste gomendio batzuk

Pasta atsegin baduzu, errezeta hau ere probatu dezakezu: Glutenik gabeko helizeak, boloniar saltsa begetalarekin. Ikasi nahi duzu glutenik gabeko barazki-kurruskarien errezeta prestatzen?