Mercadonaren 6.25 Estrategiaren kartelak bat

Mercadonak 39,7 milioi kWh murriztu du energia-kontsumoa 2019an eta 2020an

2021ko ekainaren 07a
  • 2019an eta 2020an, 39,7 milioi kWh murriztu du argindar-kontsumoa eta 1.400 eguzki-panel baino gehiago instalatu ditu. Guztira 1.020 “8ko Denda” ditu orain, eta, horiei esker, % 40raino murrizten da energia-kontsumoa supermerkatu konbentzionalekin alderatuta.
  • 2020an, Mercadonak bat egin du nazioarteko Lean&Green ekimenarekin (AECOCek bultzatua), eta emisioak murrizteko plan bat lantzen ari da, zeinaren bidez ziurtatu ahal izango du 2015-2019 bitartean % 20 murriztu dituela emisio logistikoak.
  • 2019an eta 2020an, hobekuntza garrantzitsuak egiteaz gain, prozesuak berrebaluatu eta estrategia berde eta jasangarriak jarri ditu martxan.

Mercadona supermerkatu fisikoen eta onlineko salmentako konpainiak 2019an eta 2020an aurrepausoak egin ditu bere Ingurumen Kudeaketako Sisteman, Planeta Zaintzen Jarraitzeko. Urte horietan prozesuak berrebaluatu ostean eta jasangarritasun-neurri berriak martxan jarri ostean, ingurumena babesteko eta errespetatzeko duen konpromisoa indartu du konpainiak; horretarako, 90 milioi euro-tik gorako inbertsioak egin ditu bi urte horietan. Bere Kudeaketa Arduratsuaren Ereduaren parte gisa, duela hamarkada bat baino gehiago Nazio Batuen Mundu Hitzarmenaren Espainiako Sarearekin elkartu zen, eta, hogei bat erakunderekin batera, nekazaritzako elikagaien industrian Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) sustatzen dituzten lantaldeetan parte hartu zuen, sektorerako Jardunbide Egokien Gida bat argitaratuta.

Baliabide gutxiagorekin gehiago ekoizteko oinarrizko premisan oinarritzen ditu bere jarduerak Mercadonaren Ingurumena Kudeatzeko Sistemak. Horretarako, bere jarduerak sortutako ingurumen-inpaktuak identifikatu, eta helburuak eta estrategiak zehazten ditu inpaktu horiek lau arlo nagusitan murrizteko: logistika jasangarria, eraginkortasun energetikoa, ekoizpen eta kontsumo jasangarriak eta hondakinen murrizketa eta kudeaketa.

Logistika jasangarria

Konpainiak bere logistika berraztertzen eta hobekuntzak egiten jarraitu du, eta, horri esker, prozesu horiek optimizatu ahal izan ditu, gero eta jasangarriagoak izan daitezen. Horretarako, hainbat soluzio erabili ditu konpainiak, hala nola gutxiago kutsatzen duten erregaiak erabiltzea, ibilgailuetako hozte-ekipamenduak hobetzea, flota berriztatzea motor estandar aurreratu eta efizienteagoekin eta emisioak kontrolatzeko merkatuan dauden neurri murriztaileenak betetzen dituzten kamioiak erabiliz hiriguneetako azken miliako banaketak egitea. Horrez gainera, Zortziaren Estrategia indartzen jarraitu du hainbat ekimen konbinatuta, eta, haiei esker, bere flotaren ingurumen-portaera hobetzea lortu da. Adibidez, “Erosketak nasan” ekimena, zeinak karbono-aztarna murrizten baitu; “Alderantzizko logistika” ezartzea, itzulerako ibilbideak optimizatzeko; edo ontzi eta enbalajeen ekodiseinua zaintzea, kargarako espazioa optimizatzeko eta “airea garraiatzea” saihesteko.

Horri guztiari eta bere logistika-sailaren eta esparru horretan konpainiarekin batera aritzen diren Totaler Hornitzaileen etengabeko ahaleginari esker, konpainiak aurrerapauso esanguratsuak egin ditu 2020an, datu hauek erakusten dutenez: flotaren % 99k Euro VI estandarra betetzen du, gas naturala (GNL eta GNK) darabilten 103 kamioi ditu jada, 777 dendak zirkulazio txikieneko orduetako logistika isila darabilte, eta % 85eko betetze-tasa lortu du kamioietan, pandemiak eraginda aldaketa logistiko konplexuak egin behar izan baditu ere.

Bere ekintzak ingurumenean duen eragina murrizteko etengabeko konpromisoa are gehiago bultzatzeko, konpainiak 2020an bat egin du nazioarteko Lean&Green ekimenarekin (Espainian AECOCek bultzatzen du). Ondorioz, emisioak murrizteko ekintza-plan bat lantzen ari da, zeinaren bidez ziurtatu ahal izango baitu 2015-2019 bitartean % 20 murriztu dituela emisio logistikoak eta, gainera, beste % 10 murriztuko dituela 2023rako.

Energia-eraginkortasuna

Mercadonak, halaber, hobekuntza garrantzitsuak egin ditu energia-eraginkortasunean, zeina Ingurumen Kudeaketako Sistemaren bigarren ardatza baita. Zehazki, dendetako energia-kontsumoak zehatz eta denbora errealean neurtzeko proiektu bat jarri du martxan, eta plaka fotovoltaikoak instalatzea erabaki du, energia-iturri berriztagarria izanik emisioak murrizten direlako. Horri dagokionez, 2020an konpainiak 1.400 eguzki-panel baino gehiago instalatu ditu 8 zentrotan, Espainian eta Portugalen. Ekimen horri esker, energia elektrikoaren gastua % 15 murrizten du zentro bakoitzean. Guztira, 9.000 eguzki-panel ditu aktibo, 600 kWp baino gehiagoren baliokidea plaka fotovoltaikotan.

Gainera, denda ekoeraginkorren alde aurrera jarraitu du konpainiak 2019an eta 2020an, supermerkatu-sarea Denda Ekoeraginkorraren Eredu Berrira edo “8ko Denda”ren eredura egokituz. Ahalegin horri esker, 1.020 “8ko Denda” izatea lortu du 2020. urtearen amaieran. Eredu horretako dendetan, % 40 murrizten da energia-kontsumoa denda konbentzionalekin alderatuta.

Horri guztiari esker, Mercadonak, beste urte batez, 39,7 milioi kWh murriztu du kontsumo elektrikoa 2019an eta 2020an; dendara iristen diren merkantzien m3-ko kontsumoa 57,6 kWh eta 58,5 kWh izan da 2020an eta 2019an, hurrenez hurren, eta, 2017an adibidez, 61,5 kWh izan zen. Beste ekimen berde batzuetan ere jarraitu du lanean; besteak beste, ibilgailu elektrikoak kargatzeko 1.433 puntu instalatu ditu aparkalekuetan, eta gas hoztaileen ihesak prebenitu eta kontrolatu ditu. Hobekuntza nabarmenak egin ditu ihes horien ondoriozko emisioen bilakaerari dagokionez: % 14,3 ziren 2017an, eta, 2019an eta 2020an, berriz, % 6,93 eta % 5,61 izan dira, hurrenez hurren.

Hondakinen Kudeaketa eta plastikoen murrizketa: 6.25 Estrategia

Mercadonak badakienez zer aukera sortzen diren hondakinak ondo kudeatzen direnean eta horrek planetaren jasangarritasunean duen eragina ezagutzen duenez, murrizketan eta ekonomia zirkularraren oinarrietan zentratu ditu ahaleginak duela zenbait urtez geroztik, estrategia nagusi gisa.

Horretarako, ontzi komertzialak berrerabiltzeko eta birziklatzeko sistema errotuak indartzeaz gainera, 2020an 6.25 Estrategia abiarazi du, zeinean plastikoaren erabilera murrizteko eta hondakinak arduraz kudeatzeko sei ekintza jasotzen baitira 2025ean helburu hirukoitz bat lortzeko: ontzietan % 25 murriztea plastikoaren erabilera, plastikozko ontzi guztiak birziklagarriak izatea, eta hondakin plastiko guztia birziklatzea.

Helburu hori lortzeko prozesuan, konpainiak erabilera bakarreko plastikozko poltsak kendu ditu sail guztietatik; erabilera bakarreko plastikozko gai botatzekoak ere desagerrarazi ditu eta sukalde-tresna jasangarriak ekarri ditu. Datozen bost urteetan, hornitzaileen lankidetzarekin, marka propioko ontzietako plastikoa murriztuko du, eta birziklatzeari buruzko informazioa emango die “Nagusi”ei (bezeroak), hondakinen bereizketa bultzatzeko eta errazteko, bai dendetan, bai etxean. Neurri horiei esker, 2020an bakarrik 3.000 tona plastiko birziklatu dira poltsa berrerabilgarriak egiteko, eta erabilera bakarreko materialen 180.000 tona baino gehiago aurreztu dira urtean.

Mercadonak 140 milioi euroren inbertsioa egingo du 2025. urtea bitarte 6.25 Estrategian eta berekin dakartzan konpromiso guztiak lortzen; gainera, kateko denda guztiak 6.25 Denda bilakatuko dira 2021ean.

Texto 2 Imagen Tienda 6.25

Ingurunearekin eta ekoizpen jasangarriarekin konprometituak: 17.000 tona produktu dohaintzan emanak eta jasangarritasunaren eta animalien ongizatearen inguruko ziurtagiriak

Horrez guztiaz gainera, eta estrategia gisa hondakinak murrizteari dagokionez, beste ekimen batzuk ere egin dira, hala nola kontsumitzeko ondo dauden produktuak dohaintzan ematea. Ekimen horren barruan, Mercadona 290 jantoki sozialekin baino gehiagorekin eta 60 elikagai-bankurekin lankidetzan aritu da 2020an, eta 17.000 tona produktu eman dizkie guztira, Espainian eta Portugalen.

Paraleloki, konpainiak gizartearekin dituen loturak indartzen jarraitu du ekoizpen- eta kontsumo-eredu jasangarriago bat bultzatzen duten beste proiektu batzuen bitartez. Horren adibide dira, besteak beste, Ekonomia Zirkularraren Mercadona Katedra sortu izana UPF-Barcelona School of Management-ekin eta animalien ongizaterako politikak. Testuinguru horretan, nabarmentzekoa da hornitzaileak Antibiotikoekiko Erresistentziaren aurka egiteko Plan Nazionalera atxiki izana, eta, halaber, hornitzaileek dituzten ziurtagiriak. Esate baterako, Mercadonaren akuikultura-hornitzaile guztiek jasangarritasuneko jardunbide egokien ziurtagiria dute; eta nekazaritzako hornitzaileen % 100 Global GAPera (elikagaien segurtasuna eta nekazaritza-ustiategien jasangarritasuna bermatzeko borondatezko arau bat) atxikita daude.

Mercadonak, gizartetik jasotzen duenaren zati bat gizartearekin partekatzeko konpromisoaren barruan, bere eguneroko jardueran sartzen du Erantzukizun Sozialeko Plana, eta alderdi sozialari eta etikoari erantzuten dio jarduera-ildo jasangarrien bitartez; modu horretan, hazkunde partekatuaren alde egiten duen lana sendotzen du.

Informazio gehiago webguneko ‘Zaindu dezagun planeta’ atalean eta berriki argitaratu den Mercadonaren Ingurumen Memoria 2019-2020 memorian.