Ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak Mercadonan

Mercadonak 21 milioi euro inbertitu ditu ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuetan

2023ko otsailaren 02a
  • Iberdrolarekin eta Repsolekin lankidetzan, konpainiak kalitatezko kargatze-zerbitzua eskaini nahi du oso prezio lehiakorrean.
  • Karga 6 aldiz azkarragoa izango da, 3,7 kW-etik 22 kW-era igota.
  • Aurreikuspenen arabera, 2024aren amaierarako, 5.000 kargatze-puntu erdiazkar ezarriak egongo dira, eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko Espainiako sare handienetako bat sortuko da.

Mercadona supermerkatu fisikoen eta onlineko salmentako konpainiak ibilgailu elektrikoentzako kargatze-puntuen sarea berritu eta zabaldu du, “Nagusiari” (bezeroari) zerbitzu hobea eman nahian. Horretarako, 21 milioi euro inbertitzea eta 5.000 bat kargatze-puntu erdiazkar ezartzea aurreikusten da; hala, Mercadonaren karga-sarea Espainiako eta Europako hegoaldeko sare pribatu handienetako bat bihurtuko da.

Enpresak gaur egun dituen 2.000 kargatze-puntuetatik 100ek dagoeneko badute zerbitzu hobetu hori, eta kateko gainerako dendetara zabalduko da pixkanaka. Helburua da 2024aren amaieran Denda Eraginkorraren Eredu Berria ezarria duten eta aparkalekua duten denda guztiek izatea sistema berri hori instalatua.

Kargatze-puntu berri horien hobekuntza nagusien artean, nabarmentzekoa da karga-abiadura 6 aldiz handiagoa dela, 3,7 kW-etik 22 kW-era igo baita.

Iberdrolarekin eta Repsolekin lankidetzan (haiek kudeatuko dituzte kargatze-gune horien zerbitzua eta bezeroarentzako arreta), konpainia zerbitzu hori eskaintzen hasiko da “Nagusiei”, eta haiek ibilgailu elektrikoak kargatu ahal izango dituzte erosketak egiten dituzten bitartean. Bezeroak kudeaketa guztiak egin ahal izango ditu hornitzaile horien mugikorretako aplikazioaren bidez (Recarga Pública Iberdrola eta Waylet, Repsolena), hala nola erraz ordaindu, hurbilen dagoen kargatze-puntua aurkitu eta erabilgarri dagoen ala ez jakin.

Ángela Clemente Lópezek, Mercadonako Ibilgailu Elektrikoak Kargatzeko Zerbitzuko arduradunak, mugimendu horretan parte hartzen duten laguntzaile nazional guztien garrantzia nabarmendu du. “Iberdrolaren eta Repsolen eskutik, kargatze-puntuetako operadore gisa, eta Circutor-en eskutik, kargagailuen fabrikatzaile gisa, ibilgailu elektrikoak kargatzeko kalitatezko sare bat sortzen ari gara. Sare horrek ibilgailu elektrikoaren erabilera sustatzen eta garraio pribatua deskarbonizatzen laguntzen du herrialde osoan, ez bakarrik hiri handietan. Gainera, kargatze-puntu horietan kargatzen duten ibilgailu elektrikoen erabiltzaileek erdira murriztu ahal izango dute, gutxi gorabehera, ibilbide bat egiteko kostua, erregaia erabiltzen duten ibilgailuen aldean”, azaldu du.

“Iberdrolak urteak daramatza mugikortasun elektrikoa bultzatzen hainbat arlotan, kargatze publikotik hasi eta etxebizitza- edo enpresa-sektoreraino. Horregatik, gaur esan dezakegu gure kargatze publikoko sarea liderra dela Espainian. Mercadonarekin sinatutako hitzarmen horri esker, mugikortasun elektrikoa are gehiago hurbilduko diegu herritarrei, supermerkatuetan karga erdiazkarreko zerbitzuak eskainita. Hala, Mercadonaren bezeroek beren ibilgailuak kargatu ahal izango dituzte erosketa egiten duten bitartean, eta, gainera, Iberdrolaren kargatze publikoko aplikazioa erabili ahal izango dute, eta bertatik erraz kargatu eta ordaindu ahal izango dute, dagoeneko 100.000 erabiltzailek baino gehiagok egiten duten bezala. Zalantzarik gabe, albiste handia da mugikortasun elektrikoaren bidez ekonomia deskarbonizatzea lortzeko”, adierazi du Raquel Blancok, Iberdrolako Smart Mobilityko zuzendari orokorrak.

Bestalde, Carlos Bermúdez Repsoleko Mugikortasun Elektrikoko kudeatzaileak adierazi duenez, “Mercadonarekiko aliantza hori Repsolek Espainian mugikortasun elektrikoaren alde egindako apustuaren beste urrats bat da.  Akordio horri esker, Repsolek handitu egin du sarbide publikoko kargatze-puntuen sarea, eta, ondorioz, energia anitzeko enpresa Espainiako mugikortasun elektrikoaren eragile garrantzitsuenetariko bat da. Gainera, mugarri horrek sendotu egin du gure posizioa, enpresa liderra baikara mugikortasunean eta 2050erako emisio netoak zero izateko helburua baitugu. Asmo handiko helburu hori hartu duen sektoreko lehen enpresa da gurea”.

Mugimendu hori urrats garrantzitsua da Mercadonarentzat energia-trantsizioa garatzeko estrategiarantz, zeina dagoeneko martxan baitago, energia berriztagarriak eta energia aurrezteko neurriak ezartzearekin lotuta.

Auto elektrikoak kargatzeko aparkaleku-plazak dituen supermerkatuen zerrenda hemen (eguneratua).

Ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak Mercadonaren denda bateanIbilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak Mercadonaren denda batean.

Ibilgailu bat kargatzen Mercadonaren denda bateko aparkalekuanIbilgailu bat kargatzen Mercadonaren denda bateko aparkalekuan.