Gurutze Gorriaren Kataluniako ordezkariak eta Mercadonakoak, dohaintzaren une batean

Mercadonak 6.000 kilo garbantzu egosi baino gehiago eman dizkio Kataluniako Gurutze Gorriari

2022ko ekainaren 10a
  • Urtarriletik maiatzera bitartean, konpainiak 2,1 milioi kilo premiazko produktu baino gehiago eman dizkie Kataluniako gizarte-erakundeei. 2021ean, 5,3 milioi kilo baino gehiago eman zizkien.
  • Bartzelonako, Tarragonako, Gironako eta Lleidako 157 gizarte-erakunderekin eta ongintza-elkarterekin lankidetzan aritzen da egunero, eta 251 supermerkatuek hartzen dute parte.

Mercadona supermerkatu fisikoen eta onlineko salmentako konpainiak 6.041 kilo garbantzu egosi (570 gramoko 10.640 potoren baliokidea) eman dizkio Kataluniako Gurutze Gorriari.

Gurutze Gorriari egindako dohaintza berri hau pandemiaren ondorioz Kataluniako zenbait gizarte-erakunderi eta ongintza-elkarteri supermerkatu-katea egiten ari zaien dohaintzetako bat da. Guztira, urtarrilaren 1etik maiatzaren 30era arte, 2.186.149 kilo eman ditu elikagaitan (lehorrak zein freskoak) eta norberaren higienerako produktutan. 2021ean, % 77 handitu ziren dohaintzak, eta 5,3 milioi kilo baino gehiago (5.396.000 zehazki) eman zizkien.

Mercadonak egunero laguntzen die lurralde osoko 157 gizarte-erakunderi eta ongintza-elkarteri, hala nola Bartzelonako, Tarragonako, Gironako eta Lleidako lau elikagai-bankuei eta haien erakunde laguntzaileei, Kataluniako Gurutze Gorriari eta elikagaiak ez diren produktuen La Nau bankuari, besteak beste. Erakunde guztietatik, 103 Bartzelonako eskualdeetakoak dira, 24 Tarragonakoak, 21 Gironakoak eta 9 Lleidakoak. Gainera, handituz joan da, pixkanaka, saltzeko egokiak ez diren baina kontsumitzeko moduan dauden produktuen dohaintzak egiten dituzten supermerkatuen kopurua, eta, duela urtebete eta erdi baino lehenagotik, kateak Katalunian dituen denda guztiek parte hartzen dute (251, guztira).

Aurten orain arte emandako 2,1 milioi kiloetatik, 1,4 baino gehiago Bartzelonako eskualdeetako gizarte-erakundeen artean banatu dira, 369.000 Tarragonakoetan, eta 226.000 eta 131.000 tona bideratu dira Gironako eta Lleidako eskualdeetara, hurrenez hurren.

Josep Quitet Kataluniako Gurutze Gorriko lehendakariak hau esan du: “Mercadonak behin eta berriro laguntzen digu, eta, horri esker, pandemia osteko krisi-giroan, Gurutze Gorrira jotzen jarraitzen duten guztien premiei erantzun ahal izaten diegu”. Quitetek orobat nabarmendu du ezen “ziurgabetasun ekonomikoak larriagotu duen testuinguru honetan enpresa-sektorearen gizarte-konpromisoa inoiz baino premiazkoagoa dela, inor atzean ez uzteko".

Bestalde, Bernat Morales Mercadonaren Kataluniako Kanpo Harremanetarako zuzendariak zera nabarmendu du: "Gurutze Gorria eta Kataluniako gainerako gizarte-erakundeak eta ongintza-elkarteak lan garrantzitsua egiten ari dira”. Eta, ondoren, zera adierazi du: “2022ko lehen lau hilabeteetan 2,1 milioi kilo eta gehiago eman ditugu dagoeneko elikagaitan eta norberaren higienerako produktutan. Horrek, konpainiarentzat, esan nahi du bete ditugula premiarik handiena duten pertsonen eskaerei ahal den neurrian erantzuteko elkartasuneko eta erantzukizun sozialeko helburuak, eta pozgarria da hori konpainiarentzat”.

Gizarte-ekintza jasangarriko politika bat, Mercadonaren enpresa-erantzukizun sozialean integratua

Mercadonak gizartearekiko dituen konpromisoetako bat da gizarteari itzultzea gizartetik jasotzen duenaren zati bat. Horretarako dauka, hain justu ere, Erantzukizun Sozialeko Plana, zeinak hainbat jarduera-ildo jasangarriren bidez jorratzen baititu konpainiaren alderdi soziala eta etikoa, hazkunde partekatuaren aldeko jardunaren sendogarri guztiak ere. Plan horren zati gisa, 350 jangela sozial, 60 elikagai-banku eta Espainiako eta Portugalgo beste erakunde sozial eta ongintza-erakunde batzuekin lankidetzan ere ari da, eta egunero ematen dizkie elikagaiak. 2021ean, konpainiak 20.600 tona elikagai eman zizkien erakunde horiei guztiei; haietatik 5.300 tona baino gehiago Katalunian eman ditu. Lagundu ohi dituen gizarte-erakundeei eta ongintza-elkarteei premiazko produktuak emateko prozesuak indartzea erabaki zuen, eta, harrezkero, kantitate horiek handituz joan dira.

Gainera, konpainiak janaria alferrik ez galtzeko zenbait estrategia erabiltzen ditu, eta hainbat ekimenetan parte hartzen du giza baliabideak eta baliabide logistikoak eskainiz, hala nola Bilketa Handian eta Kilo-bilketetan.

Gurutze Gorriaren erantzun osoa eta koordinatua

2020ko martxoan pandemia hasi zenetik 2022ko lehen hiruhilekora arte, “Gurutze Gorriak koronabirusaren aurrean ERANTZUN” planak laguntza humanitarioa eman die Kataluniako 621.000 pertsonari baino gehiagori, premiazko laguntza humanitarioa jaso baitute: elikagaiak eta oinarrizko beste produktu batzuk. Plan horren bidez, ia 5 milioi kilo elikagai (4.943.820 kg), oinarrizko laguntzarako 111.752 kit eta aurrez ordaintzeko 74.534 txartel banatu dira.

Krisi honetan, 434 enpresa-lankidetza lortu dira, bai produktu-dohaintzaren bidez, bai ekarpen ekonomikoak eginez, bai beste mota batzuetako lankidetzak lortuz, hala nola espazioak, ibilgailuak edo industria-makinak lagatzea.

Gurutze Gorriaren Kataluniako ordezkariak eta Mercadonakoak, dohaintzaren une bateanGurutze Gorriaren Kataluniako ordezkariak eta Mercadonakoak, dohaintzaren une batean.