Imanol Flandes (Mercadona) eta Nafarroako Elikagai Bankuko boluntarioak, elikagai-entregan

Mercadonak 51.000 kilo baino gehiago eman dizkie premiazko produktutan Nafarroako Elikagai Bankuari eta jantoki sozialei

2020ko apirilaren 23a
  • Sendotu egin ditu elikagai-dohaintzak COVID-19 gaitzak eragin duen egoera berezian, bizi dugun ezohiko konplexutasuneko egoera honetan behar handiena duten herritarren eskaerei erantzuteko.
  • Gaur, 16 tona lekale, arroz, makarroi eta esne baino gehiago eman dizkio Nafarroako Elikagai Bankuari.
  • Dohaintzan emandako 51.411 kiloetatik, 24.000 Foru Erkidegoko jantoki sozialei banatu zaizkie; konpainiak egunero ematen dizkie produktuak.

Mercadonak —supermerkatu fisikoak eta onlineko salmenta batzen dituen konpainia— 51.411 kilo premiazko produktu eman dizkie (74 palet) Elikagai Bankuari eta laguntza eman ohi dien Nafarroako bost jantoki soziali, hala nola esnea, olioa, pasta, lekaleak, arrain- eta barazki-kontserbak, produktu freskoak eta plater prestatuak (haragi-bolak, atun-pastela, lasagnak, barazki-kremak, esnezko postreak...), COVID-19 gaitzak eraginda herrialdeak bizi duen egoera berezian.

Apirilean, guztira, 27.411 kilo produktu eman dizkio konpainiak Nafarroako Elikagai Bankuari. Lehenengo entrega hilaren hasieran izan zen, eta 11.191 kilo elikagai eman zituen. Bigarrena, berriz, gaur egin da, apirilak 23, eta 16.220 kilo eman ditu premiazko produktutan, hala nola lekaleak, arroza, makarroiak eta esnea.

Hala, Mercadonak bat egin du Nafarroako Elikagai Bankuak COVID-19 gaitzak eragin duen egoera berezian egindako deiarekin, behar handiena duten herritarren eskaerei, ahal duen neurrian, erantzuteko eta egoera arintzen laguntzeko.

Era berean, behar handiena duten kolektiboei arreta ematen jarraitzeko, Mercadonak indartu egin du Nafarroako jantoki sozialekin duen lankidetza (maiz aritzen da haiekin elkarlanean) elikagaiak emanez: guztira 24.000 kilo eman dizkie joan den martxoaren 27az geroztik.

Imanol Flandes Nafarroako Mercadonako Kanpo Harremanetarako zuzendariak hau adierazi du: "Bizi dugun egoera berezi hau oso aldakorra da, eta bizkorrak izan behar dugu erabaki eta planteamenduetan, helburu bakar bat izanik: bizi dugun konplexutasun handiko egoera berezi honetan pertsona ahulenen beharrei erantzutea. Hiru aste baino gehixeagotan 51.000 kilo elikagai baino gehiago ematea izan da gure ekarpen txikia”.

Bestalde, Joaquín Fernández Nafarroako Elikagai Bankuko zuzendariak hau adierazi du: "Bereziki eskerrak ematen dizkiot Mercadonari bere laguntzagatik, bai dohaintza honen bidez bai bestelako elikagai-dohaintzen bidez laguntzeagatik, batez ere une hauetan, osasun-krisiaz gain, krisi sozial eta ekonomikoa ere badugun une hauetan. Martxoaren erdialdera arte, 23.000 lagun artatzen genituen; azken asteetan, dagoeneko nabaritu dugu igo egin dela elikagai-laguntza eskatzen duten pertsonen kopurua. Dohaintza horiek ezinbestekoak dira lehendik ere beharrak zituzten eta orain krisi hau ere nabaritzen hasi diren familia horiei laguntzeko".

Gizarte-ekintza jasangarriko politika, Mercadonaren enpresa-erantzukizun sozialean integratua

Mercadonak gizartearekiko dituen konpromisoetako bat da gizarteari itzultzea gizartetik jasotzen duenaren zati bat. Horretarako dauka, hain justu ere, Erantzukizun Sozialeko Plana. Konpainiaren alderdi sozial eta etikoa garatzeko, zenbait jarduera-ildo jasangarri erabiltzen ditu planak, hazkuntza partekatuaren aldeko jardunaren sendogarri, guztiak ere.

Politika horri jarraituz, Nafarroako Elikagai Bankuarekin elkarlanean aritzeaz gain, beste zenbait produktu ere ematen dizkie supermerkatu-kateak Nafarroako bost jantoki soziali: Tuterako Villa Javier, Tafallako San Francisco Javier etxea, eta Iruñeko eskualdeko Ilundain Fundazioa, Paris 365 eta Behartsuen Haurridetxoan egoitza. Dohaintza egunero egiten da, astelehenetik larunbatera bitartean, Mercadonaren baliabide logistikoei eta giza baliabideei esker. Mercadonak jantoki sozialetara eramaten ditu produktuak, eta kalitate- eta segurtasun-kondiziorik onenetan banatzen, boluntarioek, gero, otorduak presta ditzaten. 2020an, orain arte, konpainiak 112 tona elikagai eman ditu erakunde sozial horien artean.

Imanol Flandes (Mercadona) eta Nafarroako Elikagai Bankuko boluntarioak, gaurko elikagai-entreganImanol Flandes (Mercadona) eta Nafarroako Elikagai Bankuko boluntarioak, elikagai-entregan.

Elikagai-dohaintza Nafarroako Elikagai BankuariElikagai-dohaintza Nafarroako Elikagai Bankuari.

HauEZINdaGELDITU Hau Pasatuko Da eta