Logotipo de Mercadona

Mercadonak % 3,9 handitu du bere fakturazioa, 21.623 milioi euroraino, eta 4.000 lanpostu finko berri sortu ditu

2017ko martxoaren 02a

Azken urtean, hazkundea izan du enpleguan eta fakturazioan, ekintza hauei esker: “Produktu-aukera eraginkorra” estrategia garatu du, berrikuntzaren alde egin du, produktu freskoak bultzatu ditu, eta bitarteko hornitzaileekin eta hornitzaile espezialistekin lankidetzan aritu da, bezeroak gogobetetzeko eta ezusteko atseginak emateko

  • 4.000 lanpostu berri egonkor eta kalitateko sortu ondoren, konpainiak 79.000 langileko taldearekin bukatu zuen 2016a. Zergatan eta gizarte-segurantzan, 1.468 milioi euroko ekarpena egin du Mercadonak 2016an.
  • Konpainiak bi mugarri handi izan ditu 2016an: bere nazioartekotze-proiektuari ekitea, Portugalen sartuta, eta Denda Eraginkorraren Eredu Berria martxan jartzea.
  • Mozkin garbia 636 milioi euro izan da, % 4 gehiago; inbertsioa 685 milioi eurokoa izan da; eta salmenta-bolumena % 4 hazi da, 11.071 milioi kilo eta litroraino (kilitro).
  • Beste urte batez, konpainiako kide guztien artean banatu ditu mozkinak: 300 milioi, langileen artean, helburuak lortzeagatiko sari gisa, eta 250 milioi gizarteari itzuli dizkio, zergen bidez. Eta mozkin garbiaren zifratik, 515 milioi enpresan berrinbertitu dira, baliabide propio gisa, eta gainerakoa akziodunen artean banatu da, dibidendu bidez.
  • 2017ko asmoak betetzeko, Mercadonak historiako inbertsio handiena egingo du, aurreikuspenen arabera: 1.000 eta 1.200 milioi euro bitarte “Eta, gainera, erabaki du mozkin garbia sakrifikatzea, 200 milioi euroraino jaitsita (2016koaren herena), etorkizuneko Mercadonaren oinarriak ezartzeko helburuarekin”, esan du Juan Roigek. 

Mercadonak berretsi egin du 2016an enplegu egonkor eta kalitatekoa sortzeko konpromisoa: kontratu finkoko 4.000 lanpostu berri sortu ditu, eta, hala, 79.000 langileko taldea du. Enplegua sortzeko apustu horrek premisa honi erantzuten dio: langileak zenbat eta konprometituago eta gusturago egon, orduan eta gusturago egongo da “Nagusia” (konpainiak bezeroei deitzen die “Nagusi”), abantaila gehiago lortuko dira, enplegu gehiago sortuko da eta ongizatea areagotuko gizartean. Mercadonak berretsi egin du errealitate hori 2016an. Fakturazioa % 3,9 handitu du, 21.623 milioi euroraino; 2015ean, berriz, 20.831 milioi eurokoa izan zen.

Erosketa-bolumena % 4 handitu da, 11.071 milioi kilo eta litroraino (kilitro); konpainiaren mozkin garbia, berriz, 636 milioi eurokoa izan da, 2015ean baino % 4 handiagoa.

Aldi berean, Mercadonak indartu egin du inbertsiorako konpromisoa: 685 milioi euroraino heldu da 2016an. Diru horrekin, 35 supermerkatu berritu dira, eta 50 supermerkatu berri ireki; hala, 1.614 supermerkatu izateraino zabaldu da sarea. Orobat, aukera eman du Abrerako bloke logistikoa (Bartzelona) eraikitzeko lanekin jarraitzeko (fase batzuk dagoeneko funtzionatzen ari dira), eta Gasteizko bloke logistikoa eta Villadangos del Páramoko datuak prozesatzeko zentroa (León) eraikitzeko lanekin segitzeko. Konpainiaren inbertsioei buruzko atalean, aipatzekoa da, halaber, Valentziako Sagunt udalerrian (zehazki, Parc Sagunt-en) dagoen lur-sail bat erosi duela konpainiaren bloke logistiko erregulatzailea eraikitzeko.

Eta Mercadonak aberastasuna eta enplegua sortzeko eta inbertsio-ahalegina egiteko gizartearekin duen etengabeko konpromiso horretan sartzen da Espainiari egindako zerga-ekarpena, zeina 1.468 milioi euroraino iritsi baita 2016an. Guztizko horretatik, 693 milioi euro Gizarte Segurantzari dagozkio; 250, zergei; eta 525, BEZaren eta PFEZaren bilketari.

Sortutako mozkinak partekatzea

Arrakastak, partekatuz gero, zapore hobea du” printzipioari jarraituz, eta beste urte batez ere 25/25/40/10 formula aplikatuz, Mercadonak bere langileekin partekatu du, 2016an ere, bere mozkin totalaren (1.186 milioi euro) % 25: 300 milioi euro, helburukako primaren kontzeptuan. Mozkinen beste % 25 (250 milioi euro) gizarteari itzuli dizkio, zerga gisa; % 40 (515 miloi euro), enpresan inbertitu ditu berriro, baliabide propio gisa; eta gainerako % 10a akziodunen artean banatu du, dibidenduen bidez.

Gomendioaren balioa: “Nagusia” gogobetetzea eta ezusteko atseginak ematea

2016an, Mercadonak hornitzaileekiko, bitarteko hornitzaileekiko eta bezeroekiko lankidetza estuagoa izatea lortu du, “Nagusia” gogobetetzen eta liluratzen jarraitzeko. Horretarako, produktu-aukera eraginkor bat lortzeko estrategia indartzen jarraitu du: 300 berritasun eta 350 hobekuntza egin ditu produktuetan. Katearen alderdi guztien lankidetzaren emaitza dira, eta arrakasta handia izan dute. Horri esker, produktu berrien merkaturatzean lau aldiz arrakasta-tasa hobea lortu du sektoreko batezbestekoa baino. Lankidetza horren eta entzute aktiboaren erakusle dira, adibidez, laranja-zuku egin berria (ekimen horren bidez, egunean 50 litro ari da saltzen, batez beste, denda bakoitzeko, eta 2017an 75 milioi kilo laranja erabiltzea ekarriko luke) eta sushia saltzeko proiektua (gaur egun, 17 dendatan dago, eta egunean 105 ale saltzen dira, batez beste, denda bakoitzeko). Halaber, produktu berriak sartu dira aukeran; besteak beste, txia-haziak, kinoa, kalea, edamamea, baratxuri beltza eta matcha tea. Superelikagai esaten zaie produktu horiei, haien nutrienteak oso onuragarriak baitira osasunerako.

Bestalde, kalitate handiena prezio ahalik eta baxuenean eskaintzeko, indartu egin du bere produktu-aukera are gehiago espezializatzeko estrategia, 2012an hasia. Horretarako, 2017an langile gehiago izango ditu Gomendio eta Erosketa Sailetan.

2016aren bukaeran, konpainia 126 bitarteko hornitzailerekin eta 500 hornitzaile espezialista baino gehiagorekin ari da lankidetzan, eta horrek aukera eman dio preskripzioaren eta elkarlanaren bidez produktu freskoago, tokikoago eta espezializatuagoak izateko; azken batean, “Nagusien” itxaropen eta ohituretara hobeto egokitzen diren produktuak izateko.

Familia eta lana uztartzea eta langileen ongizatearekiko konpromisoa

Langileen ongizatearekin duen konpromisoa betez, lana eta familia uztartzearen alde egiten jarraitu du konpainiak. Arlo horretan egiten dituen ekimenen artean, nabarmentzekoak dira hauek: 2016an, langile emakumeen % 5ek ama izatea erabaki zuten, eta, gainera, 2.552 ama langilek erabaki zuten beste 30 egunez luzatzea legeak ezarritako lau hilabeteko amatasun-baja. Halaber, urtean zehar, 17.800 langilek lanaldi murriztuak izan dituzte; kasu horietako batzuetan, gainera, seme-alabak eraman dituzte enpresak 2001etik bere bloke logistikoetatik lautan dituen haur-hezkuntzako doako zentroetara: Huévar del Aljarafe (Sevilla), San Isidro (Alacant), Ciempozuelos (Madril) eta Abrera (Bartzelona).

Neurri horiengatik, eta kalitateko lanaren alde eta garapen profesionala sustatzearen alde egiten duenagatik, Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANE) —Nazio Batuen mendekoa— goraipatu egin du Mercadonaren Giza Baliabideen politika. “Enplegu atipikoa munduan” ikerketan, nabarmendu du Mercadonak bere langileak kudeatzeko modua dela enpresaren lehiakortasun-estrategiaren gakoetako bat.

Mercadonaren jarduera ekonomikoaren eragina: 16.055 milioi euroren erosketak Espainian

Bere jardueraren bitartez, eta Espainiako elikagai-industriaren eta lehen sektorearen aldeko apustu jasangarriagatik, Espainiako ekonomia bultzatzen laguntzen du Mercadonak. Hala erakusten du erosketa-bolumenak, % 4 igo baita 2016an, 16.055 milioi euroraino; horrek esan nahi du 100 eurotik 12 Mercadonaren erosketei dagozkiela Espainian elikagai-industrian egiten diren erosketetan. Horrez gain, kontuan hartu behar da Mercadonarekin lan egiten duten bitarteko hornitzaileen eta hornitzaile espezialisten kluster industriala, hark ere dinamizatu egiten baitu, bere jarduerarekin eta inbertsioekin, gure herrialdeko ekonomia. Osorik hartuta, kluster horrek 3.154 lanpostu berri sortu zituen 2016an; horrekin, urtearen amaieran, 48.728 langile zituen, 245 fabrika, eta 560 milioi euroren inbertsioa egina denera iazko ekitaldian. Inbertsio horri esker, instalazio berriak erosi ditu, eta 65 ekoizpen-lerro eta fabrika berriak martxan jarri.

Horrek guztiak erakusten du nolako garrantzia duten Espainian konpainiak eta haren muntaketa-kateak, CASPOPDONAk. BPGaren % 1,8 (20.100 milioi euro), herrialdean guztira dauden lanpostuen % 3,8 (660.000 langile), eta bere erosketen % 85 Espainian.

2017rako konpromisoak: 1.000 eta 1.200 milioi euro bitarteko inbertsio historikoa Mercadona eraldatzeko

Epe ertain eta luzean hazten jarraitzeko, Mercadonak asmoa du 2016an hasitako estrategia nagusiak bultzatzen jarraitzeko 2017an, hala nola salmenta-eredu berriak, eta, horretarako, erabakia du prestakuntzako inbertsioa bikoiztea, 100 milioi eurora iristeko.

Horrez gain, konpainiaren Online Proiektua aztertzen hasiko da, eta Portugalen hedatzen jarraituko du, non lurra erosia baitu jada 2019an irekitzekoak dituen lau dendetatik baterako. Aldi berean, inbertsioa laukoiztu egingo du denden mantentze-lanetan eta haien eraberritzean, 126 berrituko baitira; horrekin eta 30 supermerkatu berri irekitzearekin, indar egingo da Denda Eraginkorraren Eredu Berriaren ezarpenean, zeinetan “Nagusiak” zerbitzurik onena jaso ahal izango baitu, leku zabalago eta erosoago batean eta erosgaiak egokiago antolatuta dauzkala.

Halaber, datuak prozesatzeko zentroa eraikitzen jarraituko du Villadangos del Páramon (León). Logistikaren arloan, plataforma berri bat eraikitzen hasiko da, Valentziako Sagunt udalerrian (zehazki, Parc Sagunt-en) bloke logistiko erregulatzaile nagusi bihurtuko dena; horrez gain, Gasteizko blokea eta Abrerakoa (Bartzelona) eraikitzen segituko du.

Mercadona eraldatzea xede duten eginbehar horiei guztiei erantzuteko, historiako inbertsiorik handiena egiteko asmoa du 2017an konpainiak: zehazki, 1.000 eta 1.200 milioi euro bitartekoa.

Inbertsio handi horren arrazoia da konpainiako akziodunek (Kapitala) eta Zuzendaritza Batzordeak erabaki dutela 2017an eta 2018an jomuga ez jartzea epe laburreko mozkinetan, lehenago bezala: “Konpainiaren kapitala ez da galga izango enpresaren eraldaketarako, eta 2017ko etekina, zehazki, 200 milioi eurora murriztu da, 2016koaren herenera”, esan du konpainiako presidente Juan Roigek. “Etorkizuneko Mercadonaren oinarriak jartzeko helburuarekin, erabaki dugu epe laburreko etekinak sakrifikatzea, Mercadonak gerora begira hasiak dituen mugimenduetan bizkorrago eta etengabe egiteko aurrera. Uste osoa dugu erabaki horrek balio handia izango duela epe ertain eta luzean konpainiaren 5 osagaien asebetetzea hobetzeko. Hau da Mercadona osatzen dugun guztiok nahi dugun enpresa arduratsu eta sendoaren eredua”, adierazi du Juan Roigek konpainiaren prentsaurrekoan.

 

MERCADONA: 2016KO DATU ESANGURATSU BATZUK

MERCADONA: 2016KO DATU ESANGURATSU BATZUK

 

Juan Roig, Mercadonaren 2016ko prentsa aurrekoan. 

Juan Roig y miembros del Comité de Dirección de Mercadona.Juan Roig eta Mercadonako Zuzendaritza Batzordeko kideak Mercadonaren 2016ko prentsa aurrekoan.

 

 

2016. Urteko Memoria

Descargar