Mercadonaren banaketa-furgoneta

Huelvako El Matadero auzoko jantoki sozialari laguntzen dio Mercadonak

2018ko irailaren 27a
  • Konpainiak premiazko produktuak ematen dizkio egunero jantoki sozialari, zeinak 80 pertsona hartzen baititu egunean.
  • Hitzarmen berri hau kontuan hartuta, sei jantoki soziali laguntzen die Mercadonak Huelvako probintzian.

Mercadona Huelvako El Matadero auzoko jantoki sozialari laguntzen hasi da, kontsumitzeko egokiak diren baina konpainiaren irizpideen arabera saltzeko egokiak ez diren premiazko produktuak egunero banatuz. Dohaintza egunero egiten da Mercadonaren baliabide logistikoei eta giza baliabideei esker; haiek eramaten dituzte produktuak jantokira, boluntarioek janaria presta dezaten.

El Matadero auzoko jantoki soziala Eliza Kristau Ebanjelikoarena da (Renacer en Jesucristo), eta 80 pertsona hartzen ditu egunean. Gosaria eta bazkaria ematen dituzte, bai eta egun osorako ogitartekoak eta elikagaiak ere. Gainera, gaur egun, inguruko 11 familiari ere eramaten dizkie elikagaiak. 

El Matadero auzoko jantoki sozialaren arduradun Luciano Gómezek eskerrak eman dizkio Mercadonari "kalitatezko elikagaiekin laguntzen duelako". Halaber, nabarmendu duenez, "eguneroko dohaintza horiei esker, aukera izan dugu erabiltzaile-kopurua eta elikagai-aukera handitzeko eta, hala, dieta osatuagoa eskaini eta umeak dituzten familiei eta mugikortasun-arazoak dituzten adineko pertsonei ere laguntza eman".

Bestalde azpimarratu behar da konpainiak gizarte-ekintzako planaren garapenarekin jarraitzen duela Huelvako zenbait gizarte-entitate eta instituziori laguntza eskainiz; besteak beste, bost jantoki sozial hauekin dihardu egunero: Huelva hiriburuko Virgen de la Cinta, Cartayako Virgen de la Consolación, Ayamonteko Virgen de las Angustias, Isla Cristinako Asociación Manos Solidarias eta Lepeko Comedor Social. Horiei zentro berri bat gehituko zaie, egunero elikagaiak banatuko dituena. Gainera, 3.900 kilo baino gehiago eman dizkio konpainiak premiazko produktuetan Huelvako elikagai-bankuari, behar gehien dutenen artean banatzeko.

Mercadonaren erantzukizun sozial korporatiboarekin bat datorren gizarte-ekintza jasangarria

Hona Mercadonak gizartearekiko duen konpromisoetako bat: laguntzea haren garapena eta aurrerapena jasangarriak izan daitezen. Horretarako dauka, hain juxtu ere, Erantzukizun Sozialeko Plana, zeinak hainbat jarduera-ildoren bidez jorratzen baititu konpainiaren alderdi soziala eta etikoa, hazkuntza partekatuaren aldeko jardunaren sendogarri guztiak ere. Politika horri jarraikiz, Mercadona lanean ari da besteak beste Hiri Banaketa Jasangarriaren Proiektua garatzen laguntzeko, bai eta gure hirietako airearen kalitatea hobetzeko ere, bere kamioi eta furgonetak higiarazteko teknologia garbiagoak eta eraginkorragoak erabiliz eta bere saltokietan lorategi-estalkiak eta lorategi bertikalak eraikiz.

Ingurumen-jasangarritasuna da Mercadonaren Erantzukizun Sozial Korporatiboaren beste ildo estrategiko bat. Mercadonaren Ingurumena Kudeatzeko Sistema propioak logistika hobetzea, energia-efizientzia areagotzea eta hondakin gutxiago sortzea du helburu. Sistema horren parte batek ekonomia zirkularra du inspirazio-iturri, eta hau du xede: hondakinak berriz ere baliabide bilakatzea, hornitzaileekin elkarlanean jardunez.

Horrez gain, Mercadonak 140 jantoki soziali eta 60 elikagai-bankuri laguntzen die, bai eta Espainia osoko ongintzazko beste zenbait erakunderi ere, elikagaiak emanez edo elikagaiak jasotzeko kanpainak sustatuz. Halaber, beren dendak trencadisezko muralekin apaintzeko, 27 fundazio eta okupazio-zentrorekin lankidetzan jarduten da. Desgaitasun intelektuala duten mila lagunek baino gehiagok egiten dituzte mural horiek.

2009az geroztik, Jasangarritasunerako Banaketaren Europako Foroko (REAP) partaide da Mercadona. Hainbatean behin, erakunde horretako kide guztien jardueraren jasangarritasunaren kanpo-ikuskapenak egin ohi dira. Europako Batzordea ere erakundeko lehendakaritzaren kide da. Bestalde, Mercadonak 2011. urtean bere atxikimendua adierazi zion Nazio Batuen Mundu Hitzarmenari, zeinak jasotzen baititu giza eskubideen, lan-arauen eta ingurumenaren aldeko eta iruzurraren aurkako borrokaren oinarrizko balioak.