Mercadonaren supermerkatu eraginkor berri bateko sarrera

Cádiz – Hirian duen bigarren supermerkatua ireki, eta bere Denda Eraginkor Eredu berria ezartzen du Mercadonak

2017ko abenduaren 11
  • Konpainiak 50 supermerkatu ditu honezkero probintzia horretan, 2,6 milioi euroko inbertsioa jaso duen azken hau ireki ondoren.
  • Denda berri hau teknologikoki guztiz konektaturik dago, bezeroen erabateko erosketa esperientzia hobetzeko diseinua eta osoki eraberritutako atalak aurkezten ditu, eta denda tradizionalekin alderatuz, %40rainoko energia-aurrezpena lortuko da bertan.
  • Batazbeste, 38 hornitzailek hartu dute parte eraikuntzan, eta hauek 150 pertsona baino gehiago kontratatu dituzte lanak iraun bitartean.

Mercadonak supermerkatu bat inauguratzen du gaur Cádiz hiriburuan, San Severiano etorbideko 10. zenbakian, hain zuzen ere. Supermerkatu honek, konpainiak hiriburuan duen bigarrena eta probintziako 50.a denak, Denda Eraginkor Eredu berrira egokiturik irekitzen du, bere eraikuntzan 150 pertsona baino gehiago kontratatu dituzten 38 hornitzailek hartu dutela parte. Banaketa, apainketa eta atal guztien kokapena hobetzen duen diseinu berri bat aurkezten du supermerkatu berriak, betiere “Nagusien” -konpainiak bere baitan hala izendatzen ditu bezeroak- erosketa esperientzia hobetu eta optimizatzeko helburuarekin. 

Mercadonak Cádizen duen denda eraginkor berri honek lanpostu egonkor eta kalitatezkoa duten 82 pertsonak osatutako langile taldea dauka, 1.855 metro karratuko azalerako salmenta sala du eta aurreko denda ereduarekiko guztiz eraberritutako diseinuaz eginda dago, kolore eta material berriak erabiliz supermerkatuari sarbidea ematen dion kanpoko fatxadan zein atal ezberdinen kokapenean. Argiztapen naturala errazten duten espazio zabal eta gardenen alde apustu egiten du, bai eta kolore beroen aldekoa ere, dendako giroak bata bestearengandik bereizte aldera.

Berritasunak atal guztietan

Ildo beretik, atalez-atal ere badakartza berritasunak, “Nagusien” (bezeroen), langileen, hornitzaileen, eta gizartearen beraren mesederako. Baditu, esate baterako, haize-lasterrak saihesteko kristal bikoitzeko sarrera berria, esne fresko eta zuku hoztuarentzako lerro berri espezifikoak, bukaera-gune berri bat okelarentzat, kosmetika espezializatuarentzako gondola zentral bat lurrindegian, laranja-zukua unean bertan ateratzeko makina, labeko atal berria, ogia xerratzeko gailuarekin eta gozotegi hoztuarekin, urdaiazpiko ontziratua zein moztekoa duen txarkuteria berria, eta oskoldun produktuentzako erakusmahai berri bat arrandegian, beste berritasun batzuen artean.

Horrez gain, Mercadonaren Denda Eraginkor Eredu berri honek zerbitzurik onena eskaini nahi die bezeroei beren erosketa-ekintza errazteko orduan ere, fruta eta barazkien korridoreak zabalago eginez, eta bi orga modelo berri ezarriz, askoz ergonomiko eta arinagoak.

Era berean, langileen eguneroko lanak errazteko neurri ugari txertatzen ditu supermerkatu eredu berriak, ergonomia hobetu eta gainesfortzuak saihestu nahian. Kutxa-altzari berria diseinatzeko, adibidez, Valentziako Biomekanika Institutuaren laguntza izan du Mercadonak. Supermerkatuak baditu, bestalde, langileek beren aisialdiko momentuez erosotasun handiagoz goza dezaten atondutako gune komunak, jateko gune hornituago bat, eta armairu pertsonal zabalago eta erosoagoak.

Energia-aurrezpena eta guztiz informatizatutako kudeaketa: denda ekoeraginkorra

Ingurumenari begira hartu diren neurriek %40rainoko energia-aurrezpena lor dezakete denda tradizionalen ereduarekin alderatuz gero. Alde batetik, isolamendu termiko eta akustikoari esker lortu da hau: eraikuntza osagaiak zein horma eta sabaien zabalera optimizatuz, eta energetikoki eraginkorragoak eta ingurumenarekin adeitsuagoak diren izozte-kutxatzarrak erabiliz. Bestetik, LED argiztapen sistema automatizatua du ereduak, guneen eta eguneko orduen arabera erregulatzen dena, kudeaketa energetiko askoz eraginkorragoa lortuz.

Teknologikoki guztiz konektaturik dagoen Mercadonaren Denda Eredu Berri honek, halaber, zenbait gailu elektroniko eta langileen elkarlanerako tresna txertatzen ditu, informazioa dendako edozein aldetik parteka dadin ahalbidetzeko, supermerkatu bakoitzeko autogestioa erraztuz eta kate guztiko prozesuak azkartuz. Gailu berrien artean ditugu, besteak beste, kutxa lerroa, balantzak, edo papera ordezkatuz administrazio-kudeaketa errazten duten tableta elektronikoen erabilera. Honek guztiak prozesuak optimizatzea eta dendaren kudeaketa denbora errealean ezagutzea ahalbidetzen du, erabakiak hartzea erraztuz eta bizitasun handiagoa lortzen lagunduz, bereziki produktu freskoen kudeaketan.

Hauxe da supermerkatua irekitzeko ordutegia: astelehenetik larunbatera, 9:00etatik 21:30etara. 114 tokidun aparkalekua du, ibilgailu pribatuz lekualdatzen diren bezero guztien erosketa errazteko. Halaber, etxerako zerbitzua eta online erosketa gaitu ditu Mercadonak.

Beste irekitze honi esker, Mercadonaren bezeroek konpainiak bakarrik erabiltzen duen B.P.B. (Beti Prezio Baxuak) merkataritza-politika ezagunaren onurak jasoko dituzte. Produktuen ale bakoitzeko gutxieneko prezioa bermatzean datza, kalitate gorena mantenduz eta era jarraituan. Honen bitartez, eskaintza eraginkorra eskaini diezaieke konpainiak bezeroei, kalitate handienaz eta ahalik eta prezio baxuenean, edozein delarik ere produktuaren ekoizlea.

Denda Eraginkor Eredu Berriaren arabera 126 denda eraberritzea aurreikusten du Mercadonak 2017ko ekitaldian, 180 milioi euro inbertituz Espainia osoan barrena; horrez gain, beste 5 milioi euro inbertituko ditu hobekuntza informatikoen I+G+Ban.

Mercadona Cádizen

Mercadonak 50 supermerkatu ditu Cádizeko probintzian, eta enplegu egonkorra ematen die bertako 2.391 langileri. Nabarmentzekoa da, bestalde, bere erantzukizun soziala indartu egin zuela iaz probintzia horretan, 43.000 kilo elikagai baino gehiago dohaintzan eman baitzituen bertan, zenbait ekimen tarteko. Gainera, hainbat “Kilo Operazio”-tan aritu da, Cádizeko Elikagaien Bankuarekin eta Algeciraseko Elikagaien Bankuarekin elkarlanean, bai eta beste zenbait ekimenetan ere, hala nola Elikagaien Bankuak sustatutako “Elikagaien Bilketa Handia” kanpainan. Halaber, Cádiz hiriburuko Virgen Poderosa Jantoki Sozialarekin eta Algeciraseko Padre Cruceyra izenekoarekin ere egiten du lan Mercadonak, eta salmentatik baztertzen dituen baina kontsumitzeko egoera onean dauden produktuak ematen dizkie egunero.