Mercadonaren supermerkatu eraginkor bateko bodega

Errioxa – Mercadonak bere Denda Eraginkor Eredu berria txertatu du Logroñoko Burgos etorbidean

2017ko abenduaren 11
  • Denda hau irekitzeak General Yagüe kalean zegoen supermerkatua ixtea dakar.
  • Teknologikoki guztiz konektaturik dago, bezeroen erabateko erosketa esperientzia hobetzeko diseinua eta osoki eraberritutako atalak aurkezten ditu, eta denda tradizionalekin alderatuz, %40rainoko energia-aurrezpena lortuko da bertan.
  • Supermerkatu eraginkor berriak 2,6 milioi euroko inbertsioa jaso du. Batazbeste, 75 hornitzailek hartu dute parte lanetan, eta hauek 245 pertsona kontratatu dituzte eraberritzea iraun bitartean.

Mercadonak beste supermerkatu bat inauguratzen du gaur Burgos etorbideko (Logroño) 2. zenbakian. Irekitzeak Logroñoko General Yagüe kaleko 5. zenbakian Mercadonak zuen denda ixtea dakar. Supermerkatuak 2,6 milioi euroko inbertsioa jaso du, eta Konpainiaren Denda Eraginkor Eredu berrira egokiturik irekitzen du. Lanak iraun bitartean 245 pertsona baino gehiago kontratatu dituzten 75 hornitzailek hartu dute parte eraikuntzan.

Mercadonak Logroñon duen denda eraginkor berri honek 1.500 metro karratuko azalerako salmenta sala du eta aurreko denda ereduarekiko guztiz eraberritutako diseinuaz eginda dago, kolore eta material berriak erabiliz supermerkatuari sarbidea ematen dion kanpoko fatxadan zein atal ezberdinen kokapenean. Argiztapen naturala errazten duten espazio zabal eta gardenen alde apustu egiten du, bai eta kolore beroen aldekoa ere, dendako giroak bata bestearengandik bereizte aldera.

Berritasunak atal guztietan

Ildo beretik, atalez-atal ere badakartza berritasunak, “Nagusien” (bezeroen), langileen, hornitzaileen, eta gizartearen beraren mesederako. Baditu, esate baterako, haize-lasterrak saihesteko kristal bikoitzeko sarrera berria, esne fresko eta zuku hoztuarentzako lerro berri espezifikoak, bukaera-gune berri bat okelarentzat, urdaiazpiko ontziratua zein moztekoa duen txarkuteria berria, eta kosmetika espezializatuarentzako gondola zentral bat lurrindegian. Gainera, oskoldun produktuentzako erakusmahai berri bat ere badu arrandegian, laranja-zukua unean bertan ateratzeko makina, eta labeko atal berria, ogia xerratzeko gailuarekin eta gozotegi hoztuarekin, beste berritasun batzuen artean.

Horrez gain, Mercadonaren Denda Eraginkor Eredu berri honek zerbitzurik onena eskaini nahi die bezeroei beren erosketa-ekintza errazteko orduan ere, fruta eta barazkien korridoreak zabalago eginez, eta bi orga modelo berri ezarriz, askoz ergonomiko eta arinagoak.

Era berean, langileen eguneroko lanak errazteko neurri ugari txertatzen ditu supermerkatu eredu berriak, ergonomia hobetu eta gainesfortzuak saihestu nahian. Kutxa-altzari berria diseinatzeko, adibidez, Valentziako Biomekanika Institutuaren laguntza izan du Mercadonak. Supermerkatuak baditu, bestalde, langileek beren aisialdiko momentuez erosotasun handiagoz goza dezaten atondutako gune komunak, jateko gune hornituago bat, eta armairu pertsonal zabalago eta erosoagoak.

Energia-aurrezpena eta guztiz informatizatutako kudeaketa: denda ekoeraginkorra

Ingurumenari begira hartu diren neurriek %40rainoko energia-aurrezpena lor dezakete denda tradizionalen ereduarekin alderatuz gero. Alde batetik, isolamendu termiko eta akustikoari esker lortu da hau: eraikuntza osagaiak zein horma eta sabaien zabalera optimizatuz, eta energetikoki eraginkorragoak eta ingurumenarekin adeitsuagoak diren izozte-kutxatzarrak erabiliz. Bestetik, LED argiztapen sistema automatizatua du ereduak, guneen eta eguneko orduen arabera erregulatzen dena, kudeaketa energetiko askoz eraginkorragoa lortuz.

Teknologikoki guztiz konektaturik dagoen Mercadonaren Denda Eredu Berri honek, halaber, zenbait gailu elektroniko eta langileen elkarlanerako tresna txertatzen ditu, informazioa dendako edozein aldetik parteka dadin ahalbidetzeko, supermerkatu bakoitzeko autogestioa erraztuz eta kate guztiko prozesuak azkartuz. Gailu berrien artean ditugu, besteak beste, kutxa lerroa, balantzak, edo papera ordezkatuz administrazio-kudeaketa errazten duten tableta elektronikoen erabilera. Honek guztiak prozesuak optimizatzea eta dendaren kudeaketa denbora errealean ezagutzea ahalbidetzen du, erabakiak hartzea erraztuz eta bizitasun handiagoa lortzen lagunduz, bereziki produktu freskoen kudeaketan.

Hauxe da supermerkatua irekitzeko ordutegia: astelehenetik larunbatera, 9:00etatik 21:30etara. 79 tokidun aparkalekua du, ibilgailu pribatuz lekualdatzen diren bezero guztien erosketa errazteko. Halaber, etxerako zerbitzua eta online erosketa gaitu ditu Mercadonak.

Beste irekitze honi esker, Mercadonaren bezeroek konpainiak bakarrik erabiltzen duen B.P.B. (Beti Prezio Baxuak) merkataritza-politika ezagunaren onurak jasoko dituzte. Produktuen ale bakoitzeko gutxieneko prezioa bermatzean datza, kalitate gorena mantenduz eta era jarraituan. Honen bitartez, eskaintza eraginkorra eskaini diezaieke konpainiak bezeroei, kalitate handienaz eta ahalik eta prezio baxuenean, edozein delarik ere produktuaren ekoizlea.

Denda Eraginkor Eredu Berri honen arabera 126 denda eraberritzea aurreikusten du Mercadonak 2017ko ekitaldian, 180 milioi euro inbertituz Espainia osoan barrena; horrez gain, beste 5 milioi euro inbertituko ditu hobekuntza informatikoen I+G+Ban.

Mercadona Errioxan

Honekin, Errioxaren alde egin duen apustu irmoa berresten du Mercadonak. 9 denda ditu han (5 Logroñon eta bana Alfaro, Arnedo, Calahorra eta Haron), eta lanpostu egonkor eta kalitatezkoa duten 495 pertsonak osatutako langile taldea.

Gainera, bertako 805 ETErekin du harreman komertziala konpainiak, eta 326 milioi euroko erosketak egin dizkie errioxar hornitzaileei 2016an, aurreko urtean baino %8 gehiago.

Bere erantzukizun sozial korporatiboren barnean, 88,6 tona behar-beharrezko produktu eman ditu dohaintzan Mercadonak, Errioxako Elikagaien Bankuarekin eta Logroñoko Cocina Económica jantoki sozialarekin egindako lanari esker.