Funtsezkoa da zure txakurra edo katua bizitza-etaparen arabera elikatzea. Hemen azalduko dizugu nola.

Ikasi zure maskota elikatzen, haren bizitza-etaparen arabera (juniorra, heldua, seniorra)

2020ko irailaren 17a

Garrantzitsua da elikadura zure maskotaren adinera egokitzea. Txakur eta katuentzako askotariko pentsu-motak daude: juniorrentzat (kumeak), helduentzat eta seniorrentzat (adinez aurrera eginak); izan ere, premiak aldatuz joaten dira animaliaren bizitzan zehar, eta etapa bakoitzak bere elikadura-premiak ditu.

Zure maskotaren bizitza-etapa bakoitzeko premiak

Garbi izan behar dugu, lehenik eta behin, nola sailkatzen diren bizitza-etapak, txakurren eta katuen kasuan.

Infografía Etapas perros gatos euskera

Txakurren kasuan:

  • Txakurkumeak (junior) dira, 8 hilabete baino gutxiago dituztenean arraza txikien kasuan, 12 hilabete baino gutxiago dituztenean arraza ertainen kasuan, eta 15 hilabete baino gutxiago dituztenean arraza handien kasuan.
  • Beraz, txakur bat heldua da 8 hilabete baino gehiago dituenean arraza txikien kasuan, urtebete baino gehiago duenean ertainen kasuan, eta 15 hilabete baino gehiago dituenean handien kasuan.
  • Azkenik, txakurra senior dela esango dugu 8 urte inguru dituenean arraza txikien kasuan, zazpi urte dituenean ertainen kasuan, eta 6 urte handien kasuan.

Katuei dagokienez:

  • Katakumeak dira (junior) urtebete egin arte.
  • Urtebete egindakoan heldua dela esaten dugu.
  • Eta seniorra, 10 urte egiten dituenean. Nolanahi ere, 7 urterekin hasten dira denboraren joanarekiko sentikortasuna igartzen.

Nola elikatu txakurra eta katua adinaren arabera

Juniorrak

Txakurkumea bada, funtsezkoa da kumeentzako pentsu berariazko bat ematea, bizitzaren lehen etapan daudenez elikadura-premia bereziak baitituzte eta nutrizio-eskakizun handiagoak.

Beraz, beharrezkoa da dieta orekatua eta nutrizio aldetik osoa eskaintzea, kumeari garapen fisiko eta mental egokirako behar dituen elikagai guztiak egunero emanez.

Orobat da beharrezkoa pisua irabazten lagunduko dion dieta bat duela egiaztatzea, baina, aldi berean, gehiegi jaten ez ematea, obesitatea saihesteko edo —arraza handien kasuan, batez ere— arazo eskeletikoak saihesteko. Ez da komeni dieta beste elikagai batzuekin osatzea, nutrizio-desorekak gerta daitezkeelako.

Katakumeen kasuan, energia- eta mantenugai-beharrak katu helduenak baino askoz handiagoak dira, eta, horregatik, garapen normala eta bizitza luze, aktibo eta osasungarria izateko elikadura egokia behar dute.

Beraz, katakumeentzat bereziki diseinatutako elikagai bat eman behar zaie, oso azkar hazten direlako. Jaiotzean duten pisua bikoiztu egiten dute jaio eta hamar egunera. Katakumeak ama-esneaz gain beste elikagai batzuk hartzen hasten direnean, jantokia garbi eduki behar da, eta janaria egunean bi aldiz gutxienez berritu behar zaie.

Irentsitako elikagai solidoaren kantitatea handitu egiten da adinarekin; beraz, sei urte igarotakoan, katakumeei titia kendu ahal izango zaie.

Helduak

Txakurra edo katua animalia heldua bada, etapa honetarako diseinatutako pentsu bat eman behar zaio, kumeek ez bezalako premiak dituztelako helduek.

Beharrezkoa da animaliari dieta orekatua eta nutrizio aldetik osoa ematea, behar dituen elikagaiak egunero emango dizkiona, dituen premiak asetzeko eta zapore guztia eskainiz janariaz disfruta dezan.

Seniorrak

Animaliak adinean aurrera egin eta senior etapan sartzen direnean, sedentarioagoak izan ohi dira, eta ez dute hainbeste energia behar izaten. Baina bestelako nutrizio-premia batzuk izaten dituzte.

Horregatik, oso garrantzitsua da bizitza-etapa honetan dieta espezifiko bat izatea, gihar-masari eusten laguntzeko proteina-kantitate egokikoa, zuntz-kantitate egokikoa eta gantz-kantitatea murriztuz kaloria-dentsitate txikiagoa baina funtsezko gantz-azido guztiak dituena.

Txakur eta katu eme eradoskitzaileen elikadura

Edoskitzaroa eskakizun handiko etapa fisiologiko bat da txakur eta katu emeentzat. Etapa honetan, hiruzpalau aldiz energia gehiago behar izaten dute normalean baino.

Beraz, etapa honetan komeni da kumeentzako pentsua ematea; gero, kumeek berek jan dezakete pentsu hori bera titia kentzen zaienean.

Helduentzako beste elikagai batzuk baino energia- eta nutrizio-eduki handiagoa duten pentsuak dira, eta egokiak dira amek osasun-egoera orokor ona izan dezaten, behar beste esne ekoitz dezaten eta kumaldi osoa elikatzeko moduan egon daitezen, kume guztiak aurrera ateratzeko.

Txakur eme eradoskitzaileen kasuan, premiak aldatu egiten dira kume-kopuruaren, adinaren, arrazaren eta ingurumen-baldintzen arabera. Edoskitzaroaren zenbatgarren astean dauden kontuan hartuta, elikatze-gidaliburuetan adierazitako kantitateak hainbat hartualditan banatu beharko lirateke; hirutan, batzuetan.

Txakurra jana mugatzeko gai bada, onena da elikagaia hartzeko moduan uztea edoskitzaroak irauten duen bitartean, egunean zehar behar duena jan dezan.

Kateme eradoskitzaileen kasuan, energia-eskakizunak umealdi garaikoak baino handiagoak dira; izan ere, bizitzako lehen lau asteetan katakumeek amaren esnea besterik ez dute hartzen. Edoskitzaroak irauten duen bitartean, normala da katemea pisua galduz joatea gorputzeko erreserbak erabili ahala (inoiz ez luke % 10 baino gehiago galdu behar), baina berreskuratu egiten du pisua katakumeei titia kendutakoan.

Titia kendu ondoren, pixkanaka gutxitu behar zaio katu amari elikagai-kantitatea, mantentzeko behar duen kantitate normaletara iritsi arte.

Beste gomendio batzuk

Zure maskotaren elikadura aldatzeko premia baduzu, hemen azalduko dizugu nola egin pixkanaka, emaitza arrakastatsua izan dadin.