Presidentearen gutuna

Zuekin guztiokin partekatu nahi dut nola egin dion aurre Mercadonak ziurgabetasunez betetako 2022 honi. Atzean geratu dira enpresa gisa egoerak egonkorrak eta iragartzeko modukoak ziren garai haiek. Testuinguru gero eta konplexuago baten aurrean erreakzionatu behar izan dugu: COVID-19aren biharamuna oraindik gogoan genuela, Ukrainako gerraren gatazka eta haren eraginak iritsi zaizkigu, hau da, energiaren eta lehengaien prezioen igoera eta eskasia, eta horrek guztiak inflazio-tasa altuak eragin dizkigu.

Testuinguru konplexu horren ondorioz, oraingo honetan ere Mercadona osatzen dugunok inguruneko egoeretara moldatzeko dugun gaitasuna erakutsi dugu. Izan ere, azken urte hauek erakutsi digutenez, ez dago lehiarako abantaila finkorik, ez eta aldatu ezin den posizionamendurik.

Egoera horiek eta aurre egin diegun ohiz kanpoko egoera guztiak gorabehera, Mercadonak hobetzen jarraitu du. Plantillaren ahaleginari, lanari, bizkortasunari eta autokritikarako gaitasunari esker lortu du. Izan ere, enpresaren eredu propioarekiko konpromisoa dute Mercadonako langileek, eredu hori gure gida baita erabakiak hartzeko garaian eta lagungarri baitzaigu enpresa gisa aurrera egiteko, helburu komun bat lortzeko bidean: enpresaren bost osagaiak gogobetetzea. Bihotzez zorionak Mercadona osatzen dugun 99.000 lagunei, ohiz kanpoko egoeretan ere egunero hobetzen jarraitzen baitugu.

Langile horien guztien eta lankidetzan aritzen garen 3.000 produktu-hornitzaileen ahalegin mentalean oinarritzen da gure enpresa-ereduaren arrakasta, zeinak bizkortasunez egokitzeko aukera ematen baitigu: arazoak detektatzeko, beste ikuspegi bat izateko pibotatzeko, erronkak onartzeko eta guztion artean irtenbideak aplikatzeko. Jarduteko modu horri esker eta hainbat ekimen aplikatuta, aurten ere gure kudeaketa hobetzea lortu dugu.

Aurrerapen horrez gainera, 2022an inbertsio-ahalegin handia egin dugu, 923 milioi eurokoa, Mercadona eraikitzen eta sendotzen jarraitzeko. 63 supermerkatu berri ireki ditugu Espainian eta Portugalen, eta, hala, ekitaldiaren amaieran 1.676 denda genituen. Bi Erlauntza berri ere inauguratu ditugu, Alacanten eta Sevillan; esklusiboki onlineko eskaerak prestatzeko eta banatzeko biltegiak dira erlauntzak. Eta Jateko Prest saila ere indartu dugu. Bloke logistikoak eraikitzen, eraberritzen eta tresna informatiko berriak ezartzen eta garatzen jarraitu dugu. Halaber, Albalat del Sorellseko (Valentzia) bulego berrien lehenengo fasea martxan jarri dugu, eta Portugalgo nazioarteko proiektuaren garapena indartu dugu.

Ekimen horiez guztiez gainera, hornitzaileek produktuak garatzeko eta hobetzeko egiten duten lan bikaina nabarmendu behar dugu, kalitate sendoko produktu-aukera eraginkorra eskaintzeko aukera ematen baitigute. Gure supermerkatuetan egunero erosten duten 5,7 milioitik gora familiaren konfiantzazko supermerkatu gisa indartu da Mercadona lankidetza- eta erakartze-lan horri esker. Urtero eskertzen dut gure “Nagusi”en konfiantza, hura gabe Mercadonaren hazkundea eta haren salmenten bilakaera ezinezko izango bailirateke. Salmentek % 11,6 egin dute gora, 31.041 milioi eurora iritsi arte.

“Zorionak konpainia osatzen dugun 99.000 lagunei, ohiz kanpoko egoeretan ere egunero hobetzen jarraitzen baitugu. Ahaleginaren, lanaren, bizkortasunaren eta autokritikarako gaitasunaren eredu”

Mercadona osatzen dugun guztiok bereziki harrotzen gaitu gure konpainiaren bilakaerak eta herrialde honetako oparotasunari egiten dion ekarpenak. Gure enpresak aberastasuna sortzen du, gure zuzeneko eta zeharkako ekarpenek adierazten duten moduan: 2.263 milioi euro inbertitu dira, 2021ean baino % 12 gehiago. Gainera, zuzeneko zergak 390 milioi eurotik gorakoak izan dira, aurreko ekitaldian baino % 13 gehiago. Era berean, Mercadonak 718 milioiko irabazia izan du 2022an, aurreko urtean baino % 5,6 gehiago. Irabazi horrek euro bakoitzeko 2 zentimoko errentagarritasuna esan nahi du. Beraz, badakigu oraindik asko hobetu dezakegula Mercadona Proiektua sendotzeko lanean.

Aberastasuna eta ongizatea sortzeko lanean ez ezik, konpainia gogotik ari da enplegu egonkor eta kalitatezkoa sortzeko lanean, eta argi erakusten dute hori 2022ko datuek, konpainiak 3.200 langile gehiago baititu Espainian eta Portugalen. Mercadonak 99.000 langile ditu, eta konpainiak erosteko ahalmena mantenduko diela bermatu die, soldata inflazioaren arabera gehituko diela iragarri baitie. Aurten ere Mercadonak bere langileekin partekatu ditu irabaziak: 405 milioi euroko saria helburuak lortzeagatik, 2021ean baino % 8 gehiago.

Gure oparotasun jasangarriaren eredua konpainiak gizartearekin duen harremanaren parte da. Pertsonen garapenerako eta ongizaterako ekimen ugari egin dira: adibidez, Ukrainatik etorritako errefuxiatuentzat 1,5 milioi euroko dohaintza egin da, eta erakunde sozialei 25.100 tona elikagai eman zaizkie, 2021ean baino % 22 gehiago. Era berean, Mercadonak badaki kudeaketa jasangarriaren alde lan egiten jarraitzeak zenbat lagundu dezakeen planeta zaintzen eta babesten, eta, hala, bere ingurumen-konpromisoa lantzen jarraitu du: erakundearen hondakin-politikaren bidez, karbono-aztarna eta aztarna hidrikoa lantzen ditu.

2022a bukatu eta ekitaldi berri bat hasi dugu, zeinean, ziurgabetasun-inguruneaz eta inflazio altuarekiko kezkaz gainera, erronka berri bat ere gainditu beharko baitugu: interes-tasa altuen ondoriozko erronka, haien ondorioz gure “Nagusi”ek erosteko ahalmena galduko baitute, eta horrek eragin nabaria izango baitu erosketa-saskian. Horren jakitun izanda, Mercadonan dagoeneko markatu dugu gure enpresa-eredua, zintzotasuna, autokritika eta eguneroko ahalegina funtsezko alderdiak dituen bidea. Erronka horiek gainditzea gure ahalegin indibidual eta kolektiboaren eta Totaler Erradikalera bideratzeko dugun gaitasunaren mende egongo da, betiere gure “Nagusi”ei asmatzeko aukera emango dieten kalitate sendoko produktuak eskainiz. Markatutako helburuak betetzen baditugu gutako guztiok, ziur gaude Mercadonak bide onetik jarraituko duela.

Eskerrik asko, beste urte batez, guztioi, zuen konpromisoarengatik; Administrazio Kontseiluari, Zuzendaritza Batzordearengan duen konfiantzagatik, funtsezkoa baita etorkizuneko erronkei aurre egiteko; eta gure akziodunei, etengabe laguntzen digutelako, abenduan zendu zen gure lagun eta akziodun Juan Carlos Gómezek lagundu zigun bezala. Eskerrak ematen dizkiot hemendik, izan zuen inplikazioagatik eta eman zigun laguntzagatik, eta bat egiten dut Gómez Gómez familiaren saminarekin.