Bloque Logistico Vitoria-Gasteiz

Mercadonak Gasteizen bloke logistikoa eraikitzeko lanak abiarazi ditu

2015ko abuztuaren 12a
  • Proiektuaren lehen fasean 50 euroko inbertsioa egingo du, eta kalitateko 100 lanpostu zuzen eta egonkor sortuko dira.
  • Bloke logistikoa Jundiz industrialdean eraikiko da, estatuko iparraldeko supermerkatuak hornitzeko, eta lehen faseko lanak 2017ko amaieran burutzea espero da.

 Mercadonak Gasteizko (Araba) Jundiz industrialdeko bloke logistikoaren lanak abiarazi ditu. Proiektuaren lehen fasean 50 milioi euroko inbertsioa egingo da, eta kalitateko 100 lanpostu zuzen sortuko dira, Mercadonak kalitateko lan egonkorraren alde egiten duen apustuarekin bat etorriz; lanpostu horiek proiektuaren faseek aurrera egin ahala sortuz joango dira. Bloke logistiko horretan 150 ETEk hartuko dute parte, eta kateak estatuko iparraldean dituen supermerkatuak hornitzeko erabiliko du; lehen faseko lanak 2017ko amaierarako burutzea espero da. Inbertsio horrek berretsi egiten du Mercadonak Euskadiren alde egin duen apustu irmoa.

Bloke logistikoa 150.000 m2-ko lursail batean kokatuko da, Bidegana eta Fuentecillas kaleen artean, eta hasieran gutxi gorabehera 32.000 m2 eraikiko dira. Lehen fase horretan, tenperatura desberdineko zenbait gune bereizi dituen nabe bat eraikiko da. Alde batetik, ogia egiteko gune bat eraikiko da, produktu izoztuetarako gune bat eta produktu freskoetarako hirugarren bat; horiek guztiak erabat automatizatuta egongo dira. Horrez gain, eskuzko biltegiratzerako eta taldeketarako laugarren gune bat ere izango du. Ogigintzako gunearen eta izoztuen gunearen artean instalazioen korridorea egongo da; han sortuko dira eta handik banatuko dira lau guneetako instalazioek funtzionatzeko behar dituzten hornidurak.

Gasteizko bloke logistikoak bat egingo du Mercadonaren sare logistiko eraginkorrarekin; sare horrek guztira 847.000 m2-ko azalera baino handiagoa du. Sare horren bidez, enpresak eraginkortasunez hornitzen ditu bere supermerkatu guztiak, eta, gainera, helburu hau betetzen du: geroz eta gauza gehiago garraiatzea geroz eta baliabide gutxiago erabiliz, eta ingurunearentzat "ikusezin" izaten jarraitzea. Enpresak gehiegizko ahaleginak saihesten dituen eredu logistiko berritzaile horren alde egitea erabaki zuenetik, baliabide asko bideratu ditu bere sare logistiko adimenduna modernizatzera. Egunero 1.300 pertsonatik gora aritzen dira sare horretan lanean, eta Mercadonak 700 milioi eurotik gora inbertitu ditu azken urteotan sare horretan.

Mercadona EAEn

Mercadonak apustu irmoa egin du Euskadiren alde. Hiru denda ditu dagoeneko, Gasteizen hirurak, eta 120 langile, denak kalitateko enplegu egonkorrarekin. Halaber, harreman komertziala du autonomia-erkidego honetako 1.279 ETErekin. 2014an, 252 milioi euroko erosketak egin zizkien EAEko hornitzaileei, eta, bitarteko hornitzaile fabrikatzaileekin batera, 15 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu Euskadin. Nekazaritzako elikagaien hornitzaileen adibide gisa, eta tokiko produktuen alde egiten duen apustuaren erakusgarri, 65.200 kilo Arabako patata erosi ditu. Euskal enpresekiko duen konpromisoaren beste adibide argi bat da Ormazabal zerbitzu-enpresarekin azken urteotan izandako harreman komertziala; Ormazabal Mercadonaren supermerkatu guztietako eraldaketa-zentroen hornitzailea da, eta urtean batez beste 1,2 milioi euro fakturatzen dizkio. Enpresaren erantzukizun sozialaren barruan, Mercadonak egunero laguntzen dio Gasteizko Babesgabetuen Andre Maria jangela sozialari; jangela horretan, egunean batez beste 600 lagun hartzen dira. Horrez gain, Arabako Elikagaien Bankuari ere laguntzen dio, eta duela gutxi 2.500 kg premiazko produktu eman dizkio. Ildo horretatik, Euskadin erakunde sozialekin duen lankidetzaren ondorioz, 23 tona elikagai eman zituen 2014an.