Mercadonaren lan-taldea handitzeko eskaintza, 2024ko udako kanpainarako

Mercadonak udako kanpainarako kontratazioari ekin dio

2024ko apirilaren 04a
  • Hasierako soldata hilean 1.553 euro gordinekoa da, eta langileek lanpostuari egokitutako prestakuntza jasotzen dute.
  • Konpainiak bere plantilla handituko du maiatzetik irailera, turisten etorrerari erantzuteko eta zerbitzuaren bikaintasunari eusteko.

Mercadonak langileak kontratatuko ditu 2024ko udako kanpainarako, zeina maiatzean hasi eta irailean amaituko baita. Neurri horrekin, 100.000 lagunetik gorako plantilla indartu nahi du, turisten etorrerak eta langileen oporraldiak bat egiten duten garaian dendetako eta etxez etxeko banaketako zerbitzuaren bikaintasuna bermatzeko.

Bere enplegu-atarian argitaratu ditu, jada, Espainiako supermerkatu batzuetan lanpostuak betetzeko enplegu-eskaintzak. Eskaintzetan, lanpostuaren baldintzak deskribatzeaz gain, aipatzen da hasierako ordainsaria hilean 1.553 euro gordinekoa izango dela eta ez dela beharrezkoa aldez aurretik esperientzia izatea; izan ere, konpainian hasten diren langileek lanpostu bakoitzari egokitutako prestakuntza berezia jasoko dute. Era berean, langile berriak lantaldearen parte bihurtuko dira, zeinaren ezaugarriak baitira talde-lanean jardutea, bezeroari zerbitzua emateko bokazioa izatea eta etengabe hobetzeko gaitasuna izatea. 

Mercadonak apustu sendoa egiten du plantilla osatzen duten pertsona guztien alde. Horretarako, balio-sorta oso lehiakor bat erabiltzen du, oinarri harturik lan-egonkortasuna, berdintasunaren eta dibertsitatearen defentsa, bizitza pertsonala eta lana uztartzea, etengabeko prestakuntza eta sektoreko batezbestekoa gainditzen duten soldatak.