Mercadona abre un supermercado en Barakaldo

Mercadonak supermerkatu bat ireki du Barakaldon

2015ko urriaren 21a
  • Establezimendu berri hori Mercadonak Bizkaian duen lehenengoa da; 1,7 milioi euroko inbertsioa behar izan du, eta 40 langile ditu, lan egonkor eta kalitatekoarekin.
  • Batez beste, 75 hornitzailek hartu dute parte eraikitze-lanetan, eta 200 pertsonari baino gehiagori eman zaie lana eraikitze-fasean.

Mercadonak Barakaldoko (Bizkaia) bere lehen supermerkatua irekiko du bihar; zehazki, Megapark merkataritza-zentroan, Erribera etorbidean. Supermerkatuan, 1,7 milioi euroko inbertsioa egin da, eta 40 langile ditu, lan egonkor eta kalitatekoarekin. Eraikitzeko eta saltokia martxan jartzeko lanetan, 75 hornitzailek hartu dute parte, batez beste, eta haiek 200 pertsonari baino gehiagori eman diete lana eraikitze-fasean.

Konpainiak Bizkaian irekiko duen lehenengo zentroa da. Salmenta-aretoak 1.500 m2 ditu, non Mercadonaren ohiko atal guztiak baitaude: harategia, urdaitegia, lurrindegia, ontziratutako elikagaiak, edariak eta drogeria. Nabarmentzekoak dira, halaber, zenbait atal berritu: produktu freskoena (adibidez, arrandegia, non lonjatik zuzenean ekarritako arraina salduko baita), labeko solteko produktuena eta fruta eta barazkiena, zeinak hurbileko produktu freskoen aldeko apustua egin baitu. Era berean, establezimenduak atseden-eremuak eta aldagelak ditu langileentzat, bai eta lantaldearen etengabeko trebakuntzarako areto bat ere.

Supermerkatua astelehenetik larunbatera egongo da irekita, 9:30etik 21:30era. Horrez gainera, erosketa etxera eramateko zerbitzua du Mercadonak, bere gainerako supermerkatuetan bezala, bai eta telerosketa eta erosketa online egiteko aukera ere, webgunearen bidez. Dendaren beste alderdi aipagarri bat haren izaera ekoeraginkorra da; izan ere, energia-kontsumoa % 20raino murrizten duten zenbait neurri hartu ditu (bero-berreskuragailuak, argiztapen eraginkorragoa, tenporizadoreak eta ate automatikoak).

Patricia Cortizas Mercadonako Kanpo Harremanetako lurralde-zuzendariak hau esan du: “Oso gustura gaude Bizkaiko lehen denda irekitzearekin. Hala, mugarri bat gehiago lortu dugu Euskadin hedatzeko planean. Orain, erronka berri bat hasi da guretzat. Ondo finkatutako eta merkataritza-maila handiko merkatu batean ezarri gara; beraz, egunero ahalegindu beharko dugu geu egokitzeko eta euskal bezeroek erakusten diguten konfiantzari erantzuteko”.

Mercadona EAEn

Mercadonak apustu irmoa egin du Euskadiren alde. Hiru denda ditu dagoeneko, Gasteizen hirurak, eta 120 langile, denak kalitateko enplegu egonkorrarekin. Duela gutxi, Gasteizen bloke logistiko bat eraikitzen hasi da, estatuko iparraldeko supermerkatuak hornitzeko; horretarako, beste 50 milioi euroko inbertsioa egingo du lehen fasean, eta 100 lanpostu sortuko ditu. 

 

Halaber, harreman komertziala du autonomia-erkidego honetako 1.279 ETE eta enpresarekin. 2014an, 252 milioi euroko erosketak egin zizkien EAEko hornitzaileei, eta, bitarteko hornitzaile fabrikatzaileekin batera, 15 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu Euskadin. Nekazaritzako elikagaien hornitzaileen adibide gisa, eta tokiko produktuen alde egiten duen apustuaren erakusgarri, 65.200 kilo Arabako patata erosi ditu. Euskal enpresekin duen konpromisoaren beste adibide argi bat da Ormazabal zerbitzu-enpresarekin azken urteotan izandako harreman komertziala; Ormazabal Mercadonaren supermerkatu guztietako eraldaketa-zentroen hornitzailea da, eta urtean batez beste 1,2 milioi euro fakturatzen dizkio. Enpresaren erantzukizun sozialaren parte gisa, Euskadin erakunde sozialekin duen lankidetzaren ondorioz, 23 tona elikagai eman zituen 2014an.

Beti Prezio Baxuak

Saltoki berrian ere, bezeroek Mercadonaren BPB (Beti Prezio Baxuak) politika esklusiboaren onurak eskuratuko dituzte; alegia, produktuen unitate-prezio baxuena bermatuko zaio bezeroari, kalitate onenarekin eta modu iraunkorrean. Horri esker, kalitate handiagoa prezio baxuagoan eskain diezaieke Mercadonak bere bezeroei. Bizi ditugun garaiak kontuan hartuta, familia-ekonomientzat inoiz baino garrantzitsuagoa da konpromiso hori.