Madrilgo Mercadona Online zerbitzuaren fatxada

Mercadonak onlineko bere zerbitzu berria jarri du martxan Madrilgo erdigunean

2020ko apirilaren 20a

Mercadonak, salbuespen-egoera honetan, Gizartearen eta bere “Nagusi”en beharrei erantzun nahi die.

  • Berariaz onlineko zerbitzurako den biltegi berri horrek (konpainiak Erlauntza deitzen dio barne-komunikazioan), lehen fase batean, Retiro eta Salamanca auzoei eta Méndez Álvaro eremuari emango die zerbitzua.
  • Konfinamenduaren hasieratik, Mercadonak onlineko zerbitzua indartu zuen Valentzian eta Bartzelonan, Erlauntzak dituen hirietan, eta, aitzitik, aldi baterako bertan behera utzi zuen zerbitzua eskaerak zuzenean dendetatik zerbitzatzen ziren gainerako herrietan.
  • Onlineko biltegi berrian, non 12 milioi euro inbertitu baitira, 100 langilek dihardute hasiera batean, baina, proiektuak aurrera egin ahala, 350 langile baino gehiago jardungo dira.

Mercadonak, supermerkatu fisikoak eta onlineko salmenta batzen dituen konpainiak, gaur jarri du martxan Madrilgo lehenengo Erlauntza, bere “Nagusi”en eta gizartearen egungo beharrei erantzuteko ahaleginak areagotu eta gero, herrialdean bizi dugun ezohiko egoera honetan. Eskaera handia dela eta Valentzian eta Bartzelonan onlineko zerbitzua indartu eta gero, Madrilen ezarri du zerbitzu berria.

Getafen (Los Gavilanes industrialdean) dago Mercadonaren Madrilgo lehen Erlauntza. Gaurtik aurrera, Retiro eta Salamanca auzoei eta Méndez Álvaro eremuari emango die zerbitzua; zehazki, zazpi posta-koderi (28001, 28006, 28007, 28009, 28010, 28014, 28045). Hurrengo asteetan, zerbitzua finkatuz doan heinean eta ahalik eta azkarren, hiriko beste posta-kode batzuetara zabalduko da zerbitzua, nahiz eta data zehatzik ez izan hedapen-fase berrietarako.

Madrilgo Erlauntzan, une honetan 100 lagunek egiten dute lan, eta, hazkundearen arabera, langile-kopurua handituz joango da, 350 langilera iritsi arte. Prestatze-zentro hau onlineko kanalerako da soilik, zeina gaur egungo egoeran alternatiba argi bat baita gure Nagusi askorentzat. Langile guztiek dituzte osasun-agintariek adierazitako babes-bitartekoak, eta gomendatutako neurriak zorrotz betez prestatzen eta banatzen dituzte produktuak.  

Juana Roig Mercadonako onlineko erosketa-proiektuaren zuzendari nagusiaren arabera, “gure bezeroak inoiz baino gehiago ari dira orain onlineko zerbitzua eskatzen; horregatik erabaki dugu Madrilen martxan jartzea, nahiz eta guztiok egoera berezi eta zailean egon.  Gure langileen segurtasuna eta osasuna beti lehentasuna izanik, enpresok funtsezko motorra izan behar dugu ekonomia suspertzeko, eta herrialdearekin dugun konpromisoaren beste adierazgarri bat da hau”. Juana Roigek eskerrak eman nahi izan dizkie proiektuan parte hartu duten pertsonei , eta hau adierazi du: “Badakigu ezingo diogula Madrilgo eskaera osoari zerbitzua eman, baina ahalik eta bezero gehienetara ahalik eta azkarren iristeko ahalegina egingo dugu. Gure helburua da hurrengo hilabetean 30.000 etxetara eramatea erosketa”.

Enplegua sortzea eta inbertsioa

Madrilgo onlineko proiektua konpainiak inauguratzen duen hirugarren Erlauntza da; 2018an Valentzian jarri zuen martxan, eta 2019an, Bartzelonan. Guztira, Mercadona Online proiektuaren plantilla 1.000 lagunekoa izango da aurten. 

Banaketa-zentro berri honetan 12 milioi euroko inbertsioa egin da, eta 15.000 m2-ko azalera du. Horietatik 3.800 m2 produktu freskoetarako dira, eta horien artean dago produktuak hotzean biltegiratzeko gune bat, produktu hoztu eta izoztuetarako. Produktu freskoak bezeroari ematen zaizkion egun berean jasotzen eta prestatzen dira, eta, beraz, kalitate gorena eta freskotasuna bermatzen dira.

Jasangarritasuna eta eraginkortasuna

Mercadonak gas bidez dabiltzan 50 ibilgailu ditu, zeinek 15 eskaera eraman baititzakete. Berariaz diseinatu dira hiru tenperatura-zona bereizita, produktu-mota bakoitzera egokitzeko: giro-tenperaturako produktuak, produktu hoztuak eta produktu izoztuak. Gainera, deskarga-sistema mekanizatu bat dute ibilgailuek karga-manipulazioa minimizatzeko, eta, hala, langileak gainesfortzu gutxiago egiteko eta deskarga-denbora murrizteko. Horretaz gainera, ibilgailu guztiak konpainia garatzen ari den garraio jasangarriko proiektuaren parte dira, ibilgailu guztiak gas bidez baitabiltza, konpainiak ingurumenarekin duen konpromisoari jarraikiz.

Onlineko erosketa berriaren helburua ez da soilik webgune berriaren bidez eta mugikorreko aplikazioaren bidez erosketa-esperientzia hobetzea. Horretaz gain, egiturazko aldaketa handiak ekarriko ditu, prestaketa- eta banaketa-prozesuak optimizatzeko. Eskaeren prestaketa eta bidalketa Erlauntzara bideratuta, dendetatik banan-banan kudeatu beharrean, produktibitatea eta eraginkortasuna areagotu egiten dira, eta zerbitzu hobea bermatuko da. Onlineko dendaz gain, prozesuetan erabilitako software guztia Mercadonak berak garatu du, zeinak garatzailez, product managerez eta diseinatzailez osatutako 60 laguneko talde bat baitu.

Eredu berri horren tarifa aurreko zerbitzuaren bera da (7,21 €/eskaera), eta entregatze-ordutegia luzeagoa: eskaera egin eta hurrengo egunetik aurrera egingo dira, 7:00etatik 22:00etara, astelehenetik larunbatera, ordubeteko tarteetan.

Produktuak kategoriaka bila daitezke, edo plataforma berriaren bilatzailearen bidez, eta produktu bakoitzaren argazkiak eta informazio garrantzitsua ematen dira.

Esteka interesgarriak:

HauEZINdaGELDITU Hau Pasatuko Da eta

Mercadona Onlineko Getafeko biltegia (Madril)Mercadona Onlineko Getafeko biltegia (Madril).

Mercadona Onlineko zerbitzuaren Getafeko biltegia (Madril)Mercadona Onlineko zerbitzuaren Getafeko biltegia (Madril).

Mercadonaren onlineko Getafeko biltegiko langileaMercadonaren onlineko Getafeko biltegiko langilea.