Mercadona, elikagai-emaile Tuteran

Mercadonak hainbat produktu emango dizkio egunero Tuterako Villa Javier jantoki solidarioari

2018ko urriaren 08a
  • Supermerkatu katea Tuterako Villa Javier jantoki solidarioari egunero premiazko produktuak ematen hasiko da. Ilundain Haritz Berri Fundazioak martxan jarritako sukaldaritza-ikastaroko ikasleek prestatzen dituzte janariak.
  • Mercadonak 208 tona baino gehiago eman ditu premiazko produktuetan 2017an Nafarroan.

Mercadona, enpresaren erantzukizun sozialaren barruan, Tuterako Villa Javier jantoki solidarioari laguntza egonkorra ematen hasi da: oinarrizko produktuak emango dizkio egunero. Ilundain Haritz Berri Fundazioak martxan jarritako sukaldaritza-ikastaroko ikasleek kozinatzen dituzte produktuak. Goizean eramaten zaizkie produktuak, Mercadonak jartzen dituen baliabide logistikoei eta giza baliabideei esker, eta elikagaien kalitate eta segurtasunaren baldintza onenetan entregatzen zaizkie, ikasleek presta ditzaten. Tuterako San Frantzisko Xabier kaleko 2. zenbakian dagoen erakunde honek 50 errazio banatzen ditu egunean. Haiei eskaintzen zaizkien otorduak prestatzen laguntzea da ekimen solidario honen helburua.

Imanol Flandes Mercadonaren Kanpo Harremanetarako Nafarroako zuzendariak kolaborazioari buruz azaldu duenez, “benetan harro gaude gure aletxoa jarriko dugulako Tuterarako hain garrantzitsua den proiektu honetan”. Bestalde, Mariano Gracia Tudela Comparte fundazioaren lehendakariak eskerrak eman zizkion Mercadonari: “jaki-aukera ugariko menuak prestatzeagatik, gure jangela solidarioan egunero banatzen ditugun 50 errazioetarako". Inma Fernández Tuterako Haritz Berri Ilundain Fundazioaren programen koordinatzaileak nabarmendu zuenez, “dohaintza horiei esker, lan soziala egiteaz gain, ikasleek beren ikasketa-baliabideak hobetzen dituzte, egunero praktikatzen baitute kalitatezko elikagai-mota askorekin”.

Enpresaren erantzukizun sozialaren barruan, Mercadonak, laguntza hori emateaz gainera, hitzarmen bat sinatu du Nafarroako Elikagaien Bankua Fundazioarekin. Hitzarmen horren bidez, aurten, 4.500 kg premiazko produktu eman ditu. Gainera, laguntza ematen die egunero Ilundain Haritz Berri Fundazioari, Iruñeko Behartsuen Haurridetxoei Paris 365 jantoki solidarioari eta Lizarrako Tailer Eskolari. Ekintza horien guztien bidez, Mercadonak 208 tona baino gehiago eman zizkien premiazko produktutan 2017an Nafarroako zenbait erakunde soziali.

Mercadona Nafarroan

Mercadonak 11 denda ditu Nafarroan eta 574 langile, denak kalitateko enplegu egonkorrarekin. Gainera, harreman komertzialak ditu erkidego honetako 714 enpresa txiki eta ertainekin, eta 394 milioi euroren erosketak egin dizkie 2017an hornitzaile nafarrei, iaz baino % 45 gehiago. Mercadonaren nekazaritzako elikagaien hornitzaileen eta tokiko produktuen alde egindako apustuaren adibide, produktu hauek erosi dira, besteak beste: milioi bat kilo alkatxofa Tuterakoak, 6.000 kilo esparrago zuri Nafarroa AGBkoak, 4,3 milioi kilo tipula, 2,5 milioi kilo endibia, 1,3 milioi Batavia uraza eta 13.000 bildots baino gehiago.

Tudela Comparte Fundazioari buruz

Tudela Comparte Fundazioa 2015ean sortu zen, irabazi-asmorik gabeko erakunde ez-konfesional gisa. Patronatua 15 lagunez osatuta dago; guztiak ere jarduera sozialetan esperientzia dutenak dira, eta guztiak batzen ditu interes komun batek: pobreziaren eta desberdintasunen aurka Tuteran lan egiten duten beste erakundeekin bat egitea eta guztion ahalegina eta lanerako gogoa eskaintzea. Gaur egun, 200 pertsonaz osatutako boluntario-sare bat du, eta boluntario horiek beren aletxoa jartzen dute Fundazioaren ekintzetan: jantoki solidarioa, “Capacico” supermerkatu soziala eta trebakuntza-tailerrak (informatika, gaztelania, tokiko sukaldaritza, kontserba industriala…).

Ilundáin Haritz Berri Fundazioari buruz  

Ilundain Haritz Berri Fundazioa erakunde sozial bat da, Nafarroan 34 urteko ibilbidea duena. Erakundearen helburu nagusia da egoera ahulean dauden gazteei laguntzea, eta, laguntza horren bidez, aukera berriak sortzea gizartean, lan-munduan eta komunitatean integratzeko. Lan horretarako zenbait programa ditu (trebakuntza, lan-mundua, etxea eta inklusioa), eta ibilbide pertsonalizatu bat prestatzen du erabiltzaile bakoitzarentzat. Urte osoan zehar, 600 pertsona baino gehiagok egiten dituzte trebakuntza-ikastaroak erakundearen instalazioetan; besteak beste, gai hauetakoak: lorezaintza, baso-kudeaketa, eraikinen mantentze-lanak, garbitasuna, zurgintza eta ostalaritza. Erakundean Iruñeko eskualdean eta Tuteran ditu zentroak. Horretaz gain, ingurumen-heziketarako aukera bat ere badu: Baserri Eskola. Baliabide aitzindaria da Nafarroan, eta 6.000 eskola-ume inguru joaten dira urtero bisitan.

Mercadonaren erantzukizun sozial korporatiboarekin bat datorren gizarte-ekintza jasangarria

Mercadonak gizartearekiko dituen konpromisoetako bat da gizarteari itzultzea gizartetik jasotzen duenaren zati bat. Horretarako dauka, hain juxtu ere, Erantzukizun Sozialeko Plana, zeinak hainbat jarduera-ildo jasangarriren bidez jorratzen baititu konpainiaren alderdi soziala eta etikoa, hazkunde partekatuaren aldeko jardunaren sendogarri guztiak ere. Politika horri jarraikiz, Mercadona lanean ari da besteak beste Hiri Banaketa Jasangarriaren Proiektua garatzen laguntzeko, bai eta gure hirietako airearen kalitatea hobetzeko ere, bere kamioi eta furgonetak higiarazteko teknologia garbiagoak eta eraginkorragoak erabiliz eta bere saltokietan lorategi-estalkiak eta lorategi bertikalak eraikiz.

Ingurumen-jasangarritasuna da Mercadonaren Erantzukizun Sozial Korporatiboaren beste ildo estrategiko bat. Mercadonaren Ingurumena Kudeatzeko Sistema propioak logistika hobetzea, energia-efizientzia areagotzea eta hondakin gutxiago sortzea du helburu. Sistema horren parte batek ekonomia zirkularra du inspirazio-iturri, eta hau du xede: hondakinak berriz ere baliabide bilakatzea, hornitzaileekin elkarlanean jardunez.

Horrez gain, Mercadonak 140 jantoki soziali eta 60 elikagai-bankuri laguntzen die, bai eta Espainia osoko ongintzazko beste zenbait erakunderi ere, elikagaiak emanez edo elikagaiak jasotzeko kanpainak sustatuz. Halaber, beren dendak trencadisezko muralekin apaintzeko, 27 fundazio eta okupazio-zentrorekin lankidetzan jarduten da. Desgaitasun intelektuala duten mila lagunek baino gehiagok egiten dituzte mural horiek.

2009az geroztik, Jasangarritasunerako Banaketaren Europako Foroko (REAP) partaide da Mercadona. Hainbatean behin, erakunde horretako kide guztien jardueraren jasangarritasunaren kanpo-ikuskapenak egin ohi dira. Europako Batzordea ere erakundeko lehendakaritzaren kide da. Bestalde, Mercadonak 2011. urtean bere atxikimendua adierazi zion Nazio Batuen Mundu Hitzarmenari, zeinak jasotzen baititu giza eskubideen, lan-arauen eta ingurumenaren aldeko eta iruzurraren aurkako borrokaren oinarrizko balioak.

Goiburu-irudia: Ismael, Mercadonako langilea, sukaldaritza-ikastaroko ikasleekin.