Mercadonak Ceutako lehen supermerkatua ireki du gaur

Mercadonak Ceutako Hiri Autonomoko lehen supermerkatua ireki du gaur

2018ko irailaren 13a
  • La Almadraba auzoan dago denda berria, eta 128 lanpostu egonkor eta kalitateko sortu ditu.
  • 2.062 metro karratuko salmenta-aretoa du supermerkatu berriak, eta 210 ibilgailurentzako aparkalekua; 7,6 milioi euroko inbertsioa egin du konpainiak.

Mercadonak Ceutako lehen supermerkatua ireki du gaur. La Almadraba auzoan dago denda berria, konpainiak hiri autonomo horretan zabaldu behar dituen bietatik lehenbizikoa; inbertsioa, berriz, 7,6 milioi eurokoa izan da.

Mercadona bere saltoki-sarean ezartzen ari den Denda Eraginkorraren Ereduarekin bat dator supermerkatu berria, non 128 lanpostu egonkor eta kalitateko sortu diren.  2.062 m2-ko salmenta-aretoa du konpainiaren Ceutako lehen supermerkatuak, eta 210 ibilgailurentzako aparkalekua. Diseinu erabat berritua du, aurreko denda-ereduarekin alderatuta: kolore eta material berriak ditu, bai supermerkatura sartzeko kanpoko fatxadan, bai atalen banaketan; espazio irekiak lehenesten ditu, argi naturala errazago sar dadin, eta kolore beroak erabiltzen eremuak bereizteko.

Nobedadeak atal guztietan

Denda berriak nobedadeak ditu atal guztietan, eta haien onuradun izango dira bai “Nagusiak” (horrela deitzen die konpainiak bere bezeroei), bai langileak, hornitzaileak eta gizartea. Besteak beste, nobedade hauek ditu: sarrera berria, beira bikoitzekoa, haize-lasterrak saihesteko; berariazko apalak daude esne freskoarentzat eta zuku hoztuentzat; akabera-gune berri bat du haragiarentzat; urdaitegi berri bat, urdaiazpikoa eskuz ebakitzeko gune batekin; kosmetika espezializaturako erakustoki zentral bat du lurrindegian; eta laranja-zukua unean bertan egiteko makina bat.

Mercadonaren denda eraginkorraren eredu honekin, zerbitzu hobea ere eskaini nahi da, bezeroek erosketak errazago egiteko; horretarako, zabaldu egin dira fruta- eta barazki-korridoreak, eta erosketa-orgaren bi modelo berri ezarri dira, askoz ergonomikoago eta arinagoak.

Horrez gainera, langileen eguneroko lanak errazteko, supermerkatu berri horrek askotariko neurriak ditu, ergonomia hobetzeko eta neurriz gaineko ahaleginik ez egiteko. Kutxako altzari berria diseinatzeko, Valentziako Biomekanika Institutuaren laguntza izan du Mercadonak. Horrez gain, eremu komunak ditu, langileak, atseden hartzen dutenean, erosoago ibiltzeko. Jangela ekipatuago dago, eta aldageletako armairu pertsonalak zabalago eta erosoagoak dira.

Energia-aurrezpena eta kudeaketa erabat informatizatua: denda ekoeraginkorra

Ingurumenari dagokionez, Mercadonaren Denda Ekoeraginkorraren Eredu berriaren neurriei esker, % 40raino murriztu da energia-kontsumoa, ohiko denda-ereduarekin alderatuta: isolamendu termiko eta akustikoa hobetu da, materialak eta horma-sabaien lodiera optimizatuz, eta izozkailu horizontal berriak ezarri dira, eraginkorragoak energiari dagokionez. Horrez gain, LED argiztapen-sistema automatizatua du, eremuen eta eguneko uneen arabera erregulatzen dena. 

Halaber, Mercadonaren denda-eredu berri hori teknologikoki erabat konektatuta dago, eta gailu elektroniko eta lankidetza-tresna berri batzuk ditu langileentzat, informazioa dendako edozein ataletatik partekatzeko; horri esker, supermerkatu bakoitza errazago autokudeatzen da, eta kate osoko prozesuak arintzen dira. Gailu berrien artean daude, besteak beste, kutxa-lerroa, balantzak eta, izapide administratiboak egiteko, tableta elektronikoak paperaren ordez. 

Saltoki berri horretan, Mercadonaren Ceutako hiri autonomoko bezeroek konpainiaren BPB (Beti Prezio Baxuak) politika ezagunaren onurak eskuratuko dituzte; alegia, produktuen unitate-prezio baxuena bermatuko zaio bezeroari, eta kalitate onenarekin beti. Horri esker, produktu-aukera eraginkorra eskaintzen die Mercadonak bere bezeroei, edozein dela ere produktuaren fabrikatzailea, kalitaterik onenean eta ahalik eta preziorik txikienean.