Mercadonaren denda baten sarrerako fatxada

Bizkaia - Mercadonak beste denda eraginkor bat inauguratu du, gernikan

2019ko azaroaren 21a
  • Denda berria irekitzeak kalitateko 40 lanpostu egonkor sortzea ekarri du berekin, eta 6 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa
  • Denda eraginkor berri honetan, ohiko denda-ereduarekin alderatuta, energia-kontsumoa % 40ra arte murrizteko neurriak ezarri dira.
  • Janari egin berriaren “Jateko prest” atal berria dago; EAEko 10 supermerkatutan dago atal hori.

Mercadonak supermerkatu eraginkor berri bat inauguratu du gaur; zehazki, Bizkaiko Gernika herrian, Txaporta eremuan. 6 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin da proiektu honetan; 26 hornitzailek hartu dute parte, eta 174 lagun aritu dira berritze-fasean.

Denda berria irekitzeak kalitateko 40 lanpostu egonkor sortzea ekarri du berekin.  Denda eraginkorraren eredu berriari jarraituz, bezeroen erosketa-esperientzia optimizatuz zerbitzuaren bikaintasuna sendotzeaz gain, supermerkatu berriak berrikuntza ugari dakartza, guztiontzat onuragarriak, bai “Nagusi”entzat (bezeroentzat), bai langileentzat, hornitzaileentzat eta gizartearentzat.

Horretarako, denda berriak atal guztietan ditu nobedadeak, esate baterako: akabera-gune berri bat haragiarentzat; urdaitegi berri bat, urdaiazpikoa labanaz ebakitzeko eta janaria hutsean ontziratzeko aukera ematen duena; erakustoki zentral bat lurrindegian, kosmetika espezializaturako; laranja zukutu berria eskaintzeko zerbitzu berri bat; sushi espezialitateak; labe-sail berri bat, ogia xerratan mozteko makina bat  eta gozogintza hoztua ere badituena; eta erakustoki berri bat arrandegian, produktu oskoldunetarako.

Halaber, "Jateko prest” janari prestatuaren atal berria jarri da saltokian. Zerbitzu horretan, 35 plater eskaintzen dira, eta, haietako batzuk pertsonalizatu daitezkeenez (hala nola entsaladak, pizzak eta pasta), ia bikoiztu egiten da kopuru hori. Gainera, material naturalekin egindako ontzietan ematen dira (azukre-kanaberazkoak —konpostagarriak—, kartoizkoak nahiz paperezkoak). Atal hau dagoeneko EAEko hamar supermerkatutan dago.

Gernikako supermerkatuak, beste zenbait hobekuntzaren artean, sarrera berria du, beira bikoitzekoa, haize-korronteak saihesteko; korridore zabalagoak; atsedengune bat dendan bertan, aulki eta mahaiekin, “nagusi"ek plater prestatu berriak jan ditzaten eta edari hotzak har ditzaten; eta erosketako orga-modelo berri bat, eta saski-estiloko orga berri bat, askoz arinagoak eta ergonomikoagoak.

Denda eraginkorren belaunaldi berriko supermerkatu honek 1.600 metro karratu baino gehiagoko salmenta-aretoa du, eta diseinu erabat berritua aurreko denda-ereduarekin alderatuta: kolore eta material berriak ditu, bai supermerkatura sartzeko kanpoko fatxadan, bai atalen banaketan. Halaber, espazio irekien alde egiten du, argi naturala errazago sar dadin, eta kolore beroak erabiltzen ditu eremuak bereizteko.

Energia-aurrezpena: denda ekoeraginkorra

Ingurumenari dagokionez hartu diren neurriei esker, % 40raino murriztu da energia-kontsumoa ohiko denda-ereduarekin alderatuta: isolamendu termiko eta akustikoa hobetu da, materialak optimizatu dira, hormak eta sabaiak zabaldu, eta izozkailu horizontal berriak ezarri —eraginkorragoak dira energiari dagokionez, eta ingurumena gehiago zaintzen dute—. Horrez gain, LED argiztapen-sistema automatizatu bat du, eremuen arabera eta eguneko uneen arabera erregulatzen dena, energia askoz modu eraginkorragoan kudeatzeko. 

Supermerkatua astelehenetik larunbatera egongo da irekita, 9:15etik 21:15era, eta 160 auto baino gehiagorentzako aparkalekua du. Horrez gainera, erosketa etxera eramateko zerbitzua ematen du Mercadonak, bai eta erosketa online egiteko aukera ere, webgune honetan: www.mercadona.es.

Saltoki berri honetan ere, bezeroek Mercadonaren BPB (Beti Prezio Baxuak) politika ezagunaren onurak eskuratuko dituzte; alegia, produktuen unitate-prezio baxuena bermatuko zaio bezeroari, eta kalitate onenarekin beti. Hala, produktu-aukera eraginkorra eskain diezaieke Mercadonak bere bezeroei, edozein dela ere produktuaren fabrikatzailea, kalitaterik onenean eta ahalik eta preziorik txikienean.

2018ko ekitaldiaren itxieran, Mercadonak 607 milioi euro inbertitu zituen denda-eredu berri hau duten supermerkatuak irekitzeko eta beste batzuk egokitzeko.

Mercadona Euskadin

Mercadonak 19 denda ditu Euskadin (bost Gasteizen, bana Barakaldo, Basauri, Santurtzi, Berango, Leioa eta Gernikan, hiru Bilbon, bana Irun, Eibar, Oiartzun, Donostia eta Elgoibarren) eta 1.800 langile, denak kalitateko enplegu egonkorrarekin.

Gasteizko bloke logistikoaren bidez,  Mercadonak Euskadi, Nafarroa, Errioxa, Kantabria eta Burgosko supermerkatuak hornitzen ditu. 360 langile ditu, eta, oraingoz, 113 milioi euro inbertitu ditu bloke horretan.

Mercadonak Euskadiren alde egin duen apustuaren erakusgarri da, besteak beste, 442 milioi euroko erosketak egin dizkiela euskal hornitzaileei 2018an, aurreko urtean baino % 4,5 gehiago; halaber, 73,5 milioi euroko inbertsioa egin du.

Enpresaren erantzukizun sozialaren barruan, Euskadiko zenbait gizarte-erakunderekin lankidetzan, premiazko produktuen 921 tona eman ditu. Mercadonak laguntza eman die Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elikagai-bankuei eta Gasteizko Babesgabetuen Andre Maria jangela sozialari.

Teknologia eta ergonomia Mercadonako langileentzat

Horrez gainera, langileen eguneroko lanak errazteko, supermerkatu berri honek askotariko neurriak ditu ergonomia hobetzeko eta neurriz gaineko ahaleginik ez egiteko. Esate baterako, Mercadonako kutxetako altzari berria Valentziako Biomekanika Institutuarekin batera garatu da. Guztientzako eremuak ere baditu dendak, langileak erosoago ibil daitezen atsedenaldietan. Jangela ekipatuago dago, eta aldageletako armairu pertsonalak zabalagoak eta erosoagoak dira.

Halaber, Mercadonaren denda eraginkor berri hau teknologikoki erabat konektatuta dago, eta gailu elektroniko eta lankidetza-tresna berri batzuk ditu langileentzat, informazioa dendako edozein ataletatik partekatzeko; horri esker, supermerkatu bakoitza errazago autokudeatzen da, eta kate osoko prozesuak arintzen dira. Gailu berrien artean daude, besteak beste, kutxa-lerroa, balantzak eta, izapide administratiboak egiteko, tableta elektronikoak, paperaren ordez. Horrek guztiak aukera ematen du prozesuak optimizatzeko eta dendaren kudeaketaren berri denbora errealean izateko. Hala, errazago hartzen dira erabakiak, eta kudeaketa azkartzen da —bereziki, produktu freskoena—.