Mercadonaren 2018ko datuei buruzko prentsaurrekoa

Mercadonak % 50 handitu du inbertsioa, 1.504 milioiraino, eta % 6 gehiago fakturatu du, 24.305 milioi

2019ko martxoaren 12a

Duela bi urte prozesu disruptibo bat martxan jartzea eta konpainia eraldatzeko eta “Nagusia”rentzat aukerarik onena izaten jarraitzeko ahal zen guztia egitea erabaki zuen.

  • 2018aren itxieran, 85.800 lagunetik gorako lantaldea zuen (haietatik 300 portugaldarrak) 1.800 lanpostu egonkor eta kalitateko sortu ondoren, eta aurrera jarraitu du bere negozio-eredu arduratsu eta jasangarrian lanaren kalitatea hobetuz eta inbertsioak eginez ingurumena zaintzeko eta animalien ongizatea bermatzeko.
  • Azalera konstanteko fakturazioa % 6 igo da, eta 2018an iaz baino 50 tiket/denda/egun gehiago atera ditu batez beste; hots, 125 tiket/denda/egun baino gehiago atera ditu guztira 2017an transformazio-prozesua martxan jarri zuenetik.
  • 2018ko maiatzean Valentziako 97 udalerritan “Erlauntza”rekin (onlineko biltegia) hasi zen probari esker, bikoiztu egin da bezero-kopurua, eta hilean 2,2 milioi euroko fakturazioa lortu da.
  • Mercadonak eutsi egiten dio "hazkundeak, partekatuz gero, zapore hobea du” printzipioari, eta honela banatu du ekitaldian sortutako irabazi osoa: 295 milioi (horietatik bi Portugali dagozkio), gizartearentzat zerga gisa (% 22ko sozietate-zerga ordainduta); eta 325 milioi, langileentzat helburuen araberako prima gisa. Eta mozkin garbiaren 593 milioi euroetatik (aurreko ekitaldian baino % 84 gehiago), 470 milioi enpresan inbertitu dira berriz, baliabide propio gisa; gainerakoa akziodunen artean banatu da, dibidendu bidez.

Mercadonak, supermerkatu fisikoen eta onlinekoen enpresak, % 50 handitu du inbertsioa 2018an (bere baliabideen kontura), 1.504 milioi euroraino. Orain dela bi urte hartutako erabakia du oinarri inbertsio-ahalegin horrek: Mercadona Ereduan ahal den guztia egitea konpainia eraldatzeko. Horri esker, salmentak, azalera konstantean, % 6 hobetu dira eta 24.305 milioi euroraino iritsi dira. Era berean, aldaketa disruptiboa egiteko proiektu hau martxan jarri zenetik (2017an), eguneko eta dendako 125 tiketetik gorako hazkunde metatua erdietsi du batez beste. Datu horiek guztiek agerian uzten dute Mercadona proiektua osatzen duten pertsona guztiak besarkatzen dituen prozesu eraldatzailea bultzada handia izan dela.

2018aren amaieraraino, Mercadonak 1.636 denda zituen, 29 supermerkatu berri ireki zituen eta katearen handitasun- eta erosotasun-estandarrekin bat ez zetozen beste 20 itxi. Nabarmentzekoak dira Ceutako, La Palmako eta Melillako denda berriak, Espainiako lurralde osoan presentzia izatea ekarri baitute. "Nagusia"rentzat aukerarik onena izateko etengabeko aldaketa-prozesuan, Mercadonak supermerkatu-sarea berritzen jarraitu du; urte-amaieran, Denda Eraginkorraren Eredu Berriko 400 supermerkatu zituen (8ko dendak), 215 denda berritu ondoren.

Horrez gain, joan den abuztuan, "Jateko prest" izeneko atal berria jarri zuten martxan Burjassot herriko supermerkatuan (Valentzian). Pixkanaka, beste supermerkatu batzuetan ere jarri dute, eta, urtea bukatzerako, Valentziako probintziako 11 supermerkatuk zeukaten. Bezeroek harrera bikaina egin diote ekimen horri; beraz, aurreikusi da 2019an 250 supermerkatutan ezartzea.

Supermerkatu fisikoak eta onlineko salmenta dituen enpresa

2018ko maiatzean, lehen “Erlauntza” jarri zuen martxan. Onlineko biltegi bat da Erlauntza, non zentralizatzen baita Valentziako probintziako 97 udalerriren onlineko eskaeren prestaketa eta banaketa. Onlineko zerbitzua hobetzeko eta errentagarri bihurtzeko “laborategi”ko lana eginez 8 hilabete eman ondoren, bikoiztu egin dira eskualdean online egindako eskaerak aurreko telerosketa-datuekin alderatuta, eta hilean 2,2 milioi euro fakturatu dira. Datu horretan bermatuta erabaki da onlineko zerbitzua ematen hastea Bartzelonan urtearen erdialdera.

Totaler Hornitzailea. Eredu arrakastatsu baten bilakera

Mercadonak bere indar guztiak aprobetxatzea erabaki du 2018an, bitarteko hornitzailearen eta hornitzaile espezialistaren irudiek heldutasuna lor dezaten, bai eta ezarritako harreman-esparruak ere. Testuinguru horretan, Totaler Hornitzaileen eredua jarri du martxan. Eredu horretan, 1.400 hornitzaile daude dagoeneko —bitartekoak nahiz espezialistak—. Proiektu ireki bat da; alegia, berdin dio fabrikatzaileak zer tamaina duen, inporta duena da zer espezializazio eta arintasun duen “Nagusia” produktu bereizgarriekin eta kalitate bikainekoekin asetzeko. Horrela, erantzukizun partekatua sortzen da.

Hitzarmen Kolektibo berria eta Berdintasun Plan sozialagoa eta paritarioagoa

Mercadonak enplegu egonkorreko eta kalitateko 1.800 lanpostu berri sortu ditu 2018an, eta, horri esker, 85.800 lagunetik gorako lantaldearekin itxi du urtea, zeinetatik 300 portugesak baitira. Azken hamabi hilabeteetan, enpresak baliabide ugari erabili ditu langileen trebetasunak eta ezagutza hobetzen, eta 70 milioi eurotik gorako inbertsioa egin du trebakuntzan. Aldi berean, barne-sustapenaren aldeko apustua egin du; guztira, 860 lagun igo dira erantzukizun handiagoko lanpostuetara. Eta ez du berdintasuna alde batera utzi; izan ere, 2018a amaitzerako, langile gehienak emakumeak dira, eta, zuzendaritza-postuetan, % 47 emakume dira.

2018 urtearen amaieran, Giza Baliabideen kalitatearen aldeko apustu horri lotuta, enpresak 2019-2023 eperako  Enpresako lan-hitzarmen berria eta Berdintasun-plana sinatu zituen sindikatu nagusiekin, kontziliazioa eta lan-egonkortasuna indartuz. Lan-hitzarmen berriak are gehiago bermatzen ditu berdintasuna eta langileen eskubideak, eta sendotu egiten du Mercadonak enplegu egonkor eta kalitatekoarekin duen konpromisoa; halaber, indartu egiten du langileen erosahalmena hobetzeko enpresaren erabakia: 1.328 euroko soldata gordina hileko, gehi helburuengatiko saria, konpainiaren ordainketa-politikaren araberako beste  osagarri batzuk (urtean % 11ko igoera, 5. mailaraino; enpresan 4 urte pasatu ondoren), eta oinarrizko soldataren igoera progresiboa, KPIaren eta produktibitatearen araberakoa.

Sozialki arduratsua den eta ingurunearekin eta langileekin konprometituta dagoen enpresa

Mercadonak printzipio hau berretsi du beste urtebetez: “Arrakastak, partekatuz gero, zapore hobea du”. Bere mozkin osotik, % 25 (325 milioi euro) langileen artean banatu ditu helburuengatiko primaren kontzeptu gisa, % 25 (295 milioi euro) gizarteari itzuli dizkio zerga gisa (horietatik, 2 milioi Portugali dagozkio) 22ko zerga-tasa efektiboa ordainduta sozietate-zergan, % 40 (470 miloi euro) enpresan inbertitu du baliabide propio gisa, eta gainerako % 10a akziodunen artean banatu du dibidenduen bidez.

Hazkunde partekatu horri gehitu behar zaio, halaber, konpainiak negozio-eredu arduratsu eta iraunkorrean aurrera egiteko konpromisoa hartu duela, lanaren kalitatea hobetzen, eta ingurumena zaintzen eta animalien ongizatea sustatzen. Horretarako, ekimen arduratsuak sustatzen ditu bere jardueraren bidez; esate baterako, plastikozko poltsak kendu eta, horien ordez, paperez eta birziklatutako materialez egindako poltsa berrerabilgarriak eta birziklagarriak erabiliko ditu, hartara, bere dendetako bilgarrien plastikoari bigarren bizitza bat emango zaie; 2023rako konpromisoa hartu du kaiolatik kanpo hazitako oiloen arrautzak bakarrik merkaturatuko dituela; eta garraio jasangarriaren aldeko apustua egin du, gas natural bidez dabiltzan 54 kamioi erosita.

Hazkunde partekatuarekiko konpromiso horren bidez eta Valentziako Ikerketa Ekonomikoen Institutuak (IVIE) eguneratutako metodologiaren arabera, Mercadonak honela lagundu du Espainian aberastasuna sortzen: Mercadonaren ekarpena herrialdeko enplegu totalaren % 3,4 da (630.000 lanpostu), BPGaren % 1,9 (22.900 milioi euro) eta merkatu nazionalean 18.640 milioiren erosketa egin du, hau da, konpainiak egindako erosketa guztien % 85.

Nazioartekotzea: Mercadonaren mugarria

2016. urtean Portugalen nazioartekotzen hasi zela jakinarazi ondoren, lanean jarraitu du hamabi hilabete hauetan, proiektua gauzatzeko. 2019ko bigarren seihilekoan gauzatuko da, Braga, Porto eta Aveiroko barrutietan kokatutako lehen dendak zabalduz. Portugalen, 300 langile ditu dagoeneko, eta 2018an 60 milioi euro inguru inbertitu ditu. Inbertsio horren bidez, dendak eraikitzeaz gain, bloke logistiko bat inauguratuko da Póvoa de Varzimen. Era berean, hamabi hilabete hauetan, konpainiak produktu-aukera definitzen jarraitu du Portugaleko "Nagusi"en gustu eta ohituretara egokitzeko. Horretarako, 2.000 koberrikuntza-saio baino gehiago egin ditu Matosinhoseko (Grande Porto) Koberrikuntza Zentroan.

2.300 milioi eurotik gorako inbertsio-errekor berria 2019an

Konpainiako akziodunek Ereduaren barruan Mercadona eraldatzeko behar den guztia egiten jarraitzeko konpromisoaren barruan, konpainiak asmoa du 2019 urtean 2.300 milioi eurotik gorako inbertsio historikoa egiteko. Inbertsio hori proiektu hauetara bideratuko da: 49 supermerkatu berri irekiko dira, horietako 10 Portugalen; 390 supermerkatu eraberrituko dira, Denda Eraginkorraren eredu berriaren arabera (8ko denda); Frescos Global proiektua garatzen segituko dugu; eta, azkenik, Jateko prest atal berria hedatuko dugu beste 250 supermerkatutara, urtean zehar.

2019ari begira, Mercadonaren beste helburu garrantzitsu bat da gehiegizko ahaleginak ezabatzea eta sare logistikoa optimizatzea; azken horri, hain zuzen, bloke logistikoak automatizatuz helduko zaio. Gainera, konpainiak baliabide asko bideratuko ditu transformazio digitalera (beste hazkunde-aukera bat), eta onlineko salmentarako beste bi biltegi berri (erlauntzak) irekitzera.

Mercadonako presidente Juan Roigek adierazi duenez, "2018 urtea ekimen eraldatzaile askoren urtea izan da konpainiarentzat". Duela bi urte hasi genuen eraldaketa-proiektu disruptibo horren emaitzak ez lirateke posible izango Mercadonako 85.800 langileek, egunero beren ohiko lanarekin, gure bezeroak ("Nagusia") gogobetetzeko egiten duten ahaleginik gabe. Juan Roigen ustez, “Mercadona osatzen dugun guztiok erronka argia dugu 2019 urterako: eraginkortasunean, desberdintzean, jasangarritasunean eta berrikuntzan oinarritutako hazkunde jasangarria lortu nahi da. Horretarako, beharrezko ausardia eta apaltasuna eduki behar ditugu, bidean egingo ditugun akatsak zuzentzeko eta jendeak nahi duen eta hazkunde partekatuaren alde egiten duen proiektu bat eraikitzen jarraitzeko. Izan ere, Capitalismo Consciente liburuan irakurri ahal izan nuenez, "pertsonak jateko bakarrik bizi ez diren bezala, enpresak ez daude irabaziak lortzeko bakarrik; alabaina: pertsonak ezin gara bizi jan gabe, eta enpresak ezin gara bizi etekinik gabe".

Mercadona: 2018ko gertakizun azpimarragarrienetako batzuk

 

Juan Roig, Juan Roig, "Jateko prest" atalean, 2018 urteko prentsaurrekoa egin ondoren.

 

 

2018. Urteko Memoria

Descargar

 

 

 

 

Bideoa gaztelaniaz

 

Goiburu-irudia: Juan Roig eta Zuzendaritza Batzordeko kideak, "Jateko prest" atalean, 2018 urteko prentsaurrekoaren ondoren.