Mercadonaren denda baten fatxada

Mercadonak 4.900 kilo produktu eman dizkio Campo de Gibraltarreko Elikagai Bankuari

2019ko abenduaren 20a
  • Erakunde horrekin duen hitzarmena indartu egin du konpainiak.
  • Mercadonak, gainera, Elikagai Bankuak urtean zehar supermerkatuetan antolatzen dituen Kilo-bilketetan parte hartzen du. 

Mercadona supermerkatu-konpainiak, Campo de Gibraltarreko Elikagai Bankuarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren esparruan, 4.900 kilo eman ditu oinarrizko produktuetan, Elikagai Bankuarekin diharduten ongintzako erakundeen bidez behartsuenen artean banatzeko.

Hitzarmen horri esker, aurten ere,  Elikagai Bankuak urtean zehar supermerkatuetan gauzatu dituen elikagai-bilketen antolaketan parte hartu du Mercadonak. 

Campo de Gibraltarreko Elikagai Bankuko lehendakari José Serranok eskerrak eman dizkio Mercadonari, "konpainiak dohaintza garrantzitsua egin duelako; horren bidez, Campo de Gibraltarren bizi diren pertsona behartsu askoren elikagai-beharrak ase ahal izango ditugu, urtean zehar supermerkatuetan egiten diren Kilo-bilketetan emandako laguntza logistikoa ahaztu gabe".

Campo de Gibraltarreko Elikagai Bankua irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da, eta sektoreko handizkarien elikagai-soberakinen arloan bitartekaritza egitea du helburu, soberakin horiek berme sanitario guztiekin banatzen dituzten gizarte-onurako erakunde eta instituzioetara bideratu ahal izateko.

Bestalde, azpimarratu behar da Mercadonak gizarte-ekintzako planaren garapenarekin jarraitzen duela Cadizeko zenbait gizarte-entitate eta instituziori laguntza eskainiz; besteak beste, hamaika jantoki sozial hauekin dihardu egunero produktuak banatzen: Amigas al Sur eta Virgen Poderosa (Cádiz hiriburua), Nuevo Hogar Betania, eta Hogar Marillac (La Línea de la Concepción), ACCEM (Arcos de la Frontera), Nuevo Ciclo eta "Esperanza de la Yedra” jantoki solidarioa (Jerez de la Frontera), Padre Cruceyra (Algeciras), Casa-Hogar Federico Ozanam (Cádizeko San Fernando hiria), Nuestra Señora del Carmen de Bonanza jangela solidarioa (Sanlúcar de Barrameda) eta Humildad y Caridad (Rota). Dohaintzak egunero egiten dira, Mercadonaren baliabide logistikoei eta giza baliabideei esker. Mercadonak jantoki sozialetara eramaten ditu egunero produktuak, eta kalitate- eta segurtasun-kondiziorik onenetan banatzen, boluntarioek, gero, otorduak presta ditzaten.

Mercadona jantoki sozialei laguntzen

2018an, 170 erakunde eta jantoki sozialekin aritu da lankidetzan, eta horien guztien artean 8.300 tona elikagai baino gehiago banatu ditu, 11,5 milioi euroren balioa, alegia. Ekimen horri esker, zeina gizarte-lankidetzarako proiektuaren parte baita, Espainia osoko 12.900 familiak jaso zuten laguntza hori joan den urtean,  zuzenean nahiz zeharka, Ekologia eta Garapena Fundazioak (ECODES) egindako txosten baten arabera. Txosten horretan, Mercadonak jantoki sozialekin duen lankidetzaren onura soziala neurtu dute.

Haren arabera, Mercadonaren inplikazioak itzulkin soziala, ekonomikoa eta ingurumenekoa ditu, eta gizarte-ongizatea dakar horrek. Zehazki, eta SROI metodologian oinarrituta egindako azterlanaren arabera (inbertsioen itzulkin soziala, ingelesez) , konpainiak duen lankidetza-programak eragin biderkatzaile argia du, eta, horren ondorioz, konpainiak zuzenean ematen duen euro bakoitzak 3,7 euroko mozkin soziala eragiten du; beraz, 2018an egindako ekarpenak 42,5 milioi euroko itzulkin soziala eragin du, zeharka.

Txostenaren arabera, jantoki sozial horiek kudeatzen dituzten erakundeei eman zaizkien 11,5 milioi euroak sortutako onuraren % 29 izan dira. Gizarte-onura horri esker, 170 jantoki sozial horiek ez dituzte egin behar izan produktuak erosteko gastuak, ez eta horiek banatzeko logistikarekin lotutako gastuak ere. Horri zeharkako onura soziala gehitu behar zaio, guztira 29 milioi eurokoa, hau da, sortutako onura sozialaren % 70, 12.900 familia horien osasun fisikoa eta ongizate material eta emozionala hobetu baitira. Gainerako onura sozialaren % 1 Mercadonaren ekimen horrek ingurumenean eragiten dituen hobekuntzari dagokio. Izan ere, ekimen horrekin, murriztu egiten dira elikagai-hondakinak eta CO2-emisioak, eta, ondorioz, ez da jaki gehigarririk sortzen, eta 0,5 milioi euro aurrezten dira energian eta baliabideetan.

Gizarte-ekintza jasangarriko politika, Mercadonaren enpresa-erantzukizun sozialean integratua

Hona Mercadonak gizartearekiko dituen konpromisoetako bat: laguntzea haren garapena eta aurrerapena jasangarriak izan daitezen. Horretarako dauka, hain juxtu ere, Erantzukizun Sozialeko Plana, zeinak hainbat jarduera-ildoren bidez jorratzen baititu konpainiaren alderdi soziala eta etikoa, guztiak ere hazkuntza partekatuaren aldeko jardunaren sendogarri. Politika horri jarraikiz, Mercadona lanean ari da, besteak beste, Hiri Banaketa Jasangarriaren Proiektua garatzen laguntzeko, bai eta gure hirietako airearen kalitatea hobetzeko ere, bere kamioi eta furgonetak higiarazteko teknologia garbiagoak eta eraginkorragoak erabiliz, eta bere saltokietan lorategi-estalkiak eta lorategi bertikalak eraikiz.

Ingurumen-jasangarritasuna da Mercadonaren Erantzukizun Sozial Korporatiboaren beste ildo estrategiko bat. Ingurumena Kudeatzeko Sistema propio bat du, hiru helburu dituena: logistika hobetzea, energia-efizientzia areagotzea eta hondakin gutxiago sortzea. Sistema horren parte batek ekonomia zirkularra du inspirazio-iturri, eta hau du xede: hondakinak berriz ere baliabide bilakatzea, totaler hornitzaileekin elkarlanean jardunez. Halaber, dendak trencadisezko muralekin apaintzeko, 33 fundazio eta okupazio-zentrorekin lankidetzan jarduten da Mercadona. Desgaitasun intelektuala duten mila lagunek baino gehiagok egiten dituzte mural horiek.

2009az geroztik, Jasangarritasunerako Banaketaren Europako Foroko (REAP) partaide da Mercadona. Hainbatean behin, erakunde horretako kide guztien jardueraren jasangarritasunaren kanpo-ikuskapenak egin ohi dira. Europako Batzordea ere erakundeko lehendakaritzako kide da. Bestalde, Mercadonak bere atxikimendua adierazi zion Nazio Batuen Mundu Hitzarmenari 2011. urtean, zeinak jasotzen baititu giza eskubideen, lan-arauen eta ingurumenaren aldeko eta iruzurraren aurkako borrokaren oinarrizko balioak.