Mercadonaren banaketa-furgoneta

Mercadonak 4.500 kilo premiazko produktu eman dizkio Nafarroako Elikagaien Bankuari

2018ko ekainaren 27a
  • Supermerkatu-kateak premiazko produktuen 208 tona baino gehiago eman dizkie erakunde batzuei 2017an, Nafarroan.

Mercadonak 4.500 kg premiazko produktu eman dizkio Nafarroako Elikagaien Bankuari (NEB). Esnea, oliba- eta ekilore-olioa eta lekale egosiak izan dira, hain zuzen ere. Hala, berritu egin da bi erakundeek 2013az geroztik duten lankidetza-hitzarmena. Ordutik, 17.000 kilo premiazko produktu eman dizkio NEBi Mercadonak. Hitzarmen horren bidez, gainera, Nafarroako Mercadona supermerkatuek “Bilketa Handia” izeneko kanpainetan parte hartu dute. Bezeroek kanpaina horietan eman duten erantzun solidarioari esker, produktutan kilo gehiago pilatu ahal izan dira Mercadonak erakunde horiei emateko.

Produktuak ematean, han izan dira Joaquín Fernández, Nafarroako Elikagaien Bankuko lehendakaria, eta Imanol Flandes, Mercadonaren Kanpo Harremanetarako Nafarroako zuzendaria. Flandesen esanetan, “gizartetik jasotzen dugunaren zati bat gizarteari itzul diezaiokegu Nafarroako Elikagaien Bankuarekin dugun lankidetza honi esker”. Fernándezek, berriz, eskerrak eman ditu laguntza horregatik: “gure helburu bat da gizarte-bazterketa jasaten duten edo jasateko arriskuan dauden pertsonen elikadura-kondizioak hobetzea, eta horretan jarraitzeko balio du laguntzak horrek”.

Enpresaren erantzukizun sozialaren barruan, Mercadonak, Nafarroako Elikagaien Bankuari ez ezik, Ilundain Haritz Berri Fundazioari, Iruñeko Behartsuen Haurridetxoari, Paris 365 jangela solidarioari eta Lizarrako Tailer Eskolari ere laguntzen die, egunero, premiazko produktuak emanez. Lankidetza horiei guztiei esker, 208 tona elikagai baino gehiago eman genituen 2017an.

Mercadona Nafarroan

Mercadonak 11 denda ditu Nafarroan eta 574 langile, denak kalitateko enplegu egonkorrarekin. Gainera, harreman komertzialak ditu erkidego honetako 714 enpresa txiki eta ertainekin, eta 394 milioi euroren erosketak egin dizkie 2017an hornitzaile nafarrei, iaz baino % 45 gehiago. Mercadonaren nekazaritzako elikagaien hornitzaileen eta tokiko produktuen alde egindako apustuaren adibide, produktu hauek erosi dira, besteak beste: milioi bat kilo alkatxofa Tuterakoak, 6.000 kilo esparrago zuri Nafarroa AGBkoak, 4,3 milioi kilo tipula, 2,5 milioi kilo endibia, 1,3 milioi Batavia uraza eta 13.000 bildots baino gehiago.

Nafarroako Elikagaien Bankua Fundazioa

Nafarroako Elikagaien Bankua (NEB) ongintzako fundazio bat da, irabazi-asmorik gabea, eta Espainiako Elikagaien Bankuen Federazioan (FESBAL) eta Europakoan (FEBA) sartua dago. 1996an sortu zen, eta haren helburua da gizarte-bazterkerian edo horretarako arriskuan dauden pertsonen elikadura-kondizioak hobetzea, integraziorako bidean aurrera egiteko, eta era berean, elikagaiak alferrik galtzea ekiditea. 2017an, NEBeko 180 boluntariok 3.714 tona elikagai banatu zituzten, Nafarroako 210 erakunde sozialen bidez. NEBek ia 32.791 erabiltzaile ditu, eta boluntarioen lan horri esker, 102 kilo eman zaizkio haietako bakoitzari.

Mercadonaren erantzukizun sozial korporatiboarekin bat datorren gizarte-ekintza jasangarria

Mercadonak gizartearekiko dituen konpromisoetako bat da gizarteari itzultzea gizartetik jasotzen duenaren zati bat. Horretarako dauka, hain juxtu ere, Erantzukizun Sozialeko Plana, zeinak hainbat jarduera-ildo jasangarriren bidez jorratzen baititu konpainiaren alderdi soziala eta etikoa, hazkuntza partekatuaren aldeko jardunaren sendogarri guztiak ere. Politika horri jarraikiz, Mercadona lanean ari da besteak beste Hiri Banaketa Jasangarriaren Proiektua garatzen laguntzeko, bai eta gure hirietako airearen kalitatea hobetzeko ere, bere kamioi eta furgonetak higiarazteko teknologia garbiagoak eta eraginkorragoak erabiliz eta bere saltokietan lorategi-estalkiak eta lorategi bertikalak eraikiz.

Ingurumen-jasangarritasuna da Mercadonaren Erantzukizun Sozial Korporatiboaren beste ildo estrategiko bat. Mercadonaren Ingurumena Kudeatzeko Sistema propioak logistika hobetzea, energia-efizientzia areagotzea eta hondakin gutxiago sortzea du helburu. Sistema horren parte batek Ekonomia Zirkularra du inspirazio-iturri, eta hau du xede: hondakinak berriz ere baliabide bilakatzea, hornitzaileekin elkarlanean jardunez.

Horrez gain, Mercadonak 140 jantoki soziali eta 60 elikagai-bankuri laguntzen die, bai eta Espainia osoko ongintzazko beste zenbait erakunderi ere, elikagaiak emanez edo elikagaiak jasotzeko kanpainak sustatuz. Halaber, beren dendak trencadisezko muralekin apaintzeko, 27 fundazio eta okupazio-zentrorekin lankidetzan jarduten da. Desgaitasun intelektuala duten mila lagunek baino gehiagok egiten dituzte mural horiek.

2009az geroztik, Mercadona Jasangarritasunerako Banaketaren Europako Foroko (REAP) partaide da. Hainbatean behin, erakunde horretako kide guztien jardueraren jasangarritasunaren kanpo-ikuskapenak egin ohi dira. Europako Batzordea ere erakundeko lehendakaritzaren kide da. Bestalde, Mercadonak 2011. urtean bere atxikimendua adierazi zion Nazio Batuen Mundu Hitzarmenari, zeinak jasotzen baititu giza eskubideen, lan-arauen eta ingurumenaren aldeko eta iruzurraren aurkako borrokaren oinarrizko balioak.