COOKIEEN OHARRA

Webgune honek cookieak baliatzen ditu, propioak eta hirugarrenenak, nabigazioa segurua izateko, webgunera egindako bisiten analisi estatistikoa egiteko eta zure portaera ezagutzeko. Informazio gehiago behar izanez gero, ikusi gure COOKIEEN POLITIKA. Cookieak erabiltzea onartzeko, sakatu "ADOS" edo Konfiguratu/Ukatu horien erabilera "KONFIGURATU / UKATU" atalean.

Mercadonaren Sevillako denda baten kanpoko aldea

Mercadonak 42 milioi euro inbertitu ditu Sevillan dituen dendak eraldatzeko

2019ko irailaren 17a
  • Konpainiak 30 supermerkatu ditu probintzia horretan denda eraginkorraren eredu berrira egokituta. Eredu horrek zerbitzuaren bikaintasuna sendotzen du, eta energia-kontsumoa % 40 murrizten. Horretaz gain, Frescos Global estrategia indartzen segitu du, produktu freskoen kalitatea eta hurbiltasuna areagotzeko.
  • Mercadonak Plaza de Armaseko supermerkatua irekiko du berriro gaur, erabat berritu ondoren, eta hilaren 27an Lagoh merkataritza-zentroko denda berria irekiko du. 3,5 milioi euroko inbertsioa egin du denda hori zabaltzeko, eta 34 lanpostu egonkor eta kalitateko sortu ditu.

Mercadonak, supermerkatu fisiko eta onlineko salmentako supermerkatuak, eraldaketa-prozesuan segitzen du Sevillan; 2019an, orain arte, 42 milioi euroko inbertsioa egin du probintzia horretan. Zenbait jarduera egin ditu. Batetik, supermerkatuak Denda Eraginkorraren Eredu Berrira egokitzeko lanean segitu du. Eredu horrek zerbitzuaren bikaintasuna sendotzen du, eta energia-kontsumoa % 40 murrizten. Dagoeneko 30 denda daude egokituta eredu horretara Sevilla probintzian; hain zuzen ere, aurten, 14 denda berritu dira eta bat ireki (Espartinas herrian, aurrekoa itxi egin baitzen konpainiako estandarrak ez zituelako betetzen). Baina, gainera, bere Frescos Global estrategia indartzen jarraitu du; hartara, espezializazioaren bidez, aukera berriak eskaintzen dizkie “Nagusi”ei (hala esaten zaie bezeroei konpainian) , eta produktu freskoen kalitatea eta hurbiltasuna areagotzen ditu. Dagoeneko 49 supermerkatutan dago Frescos Global atala Sevillako probintzian.

Mercadonak gaur zabalduko du berriz Plaza de Armaseko supermerkatua, konpainiaren denda eraginkorraren eredu berrira egokitzeko eraldaketa integral bat egin eta gero. Bi milioi euro inbertitu dira eraldaketa-lanetan; 20 hornitzailek parte hartu dute, eta hornitzaileok 90 pertsonari baino gehiagori eman diete lana eraldaketa-fasean. Hilaren 27an Lagoh merkataritza-zentroko denda eraginkor berria irekiko du Mercadonak. 3,5 milioi euroko inbertsioa egin du denda hori zabaltzeko, eta 34 lanpostu egonkor eta kalitateko sortu ditu.

Denda eraginkorraren eredu berriak, zerbitzuaren bikaintasuna sendotzeaz eta erosketa-esperientzia optimizatzeaz gain, berrikuntza ugari dakartza, guztiontzat onuragarriak, bai “Nagusi”entzat (bezeroentzat), bai langile, hornitzaile eta gizartearentzat. Horretarako, denda berriak atal guztietan ditu nobedadeak. Besteak beste, badu akabera-gune berri bat haragiarentzat; urdaitegi berri bat, urdaiazpikoa ebakitzeko eta janaria hutsean ontziratzeko aukera ematen duena; lurrindegian erakustoki zentral bat, kosmetika espezializaturako; laranja zukutu berria eskaintzeko zerbitzu berri bat; sushi espezialitateak; labe-sail berri bat, ogia xerratan mozteko makina bat eta gozogintza hoztua ere badituena; eta arrandegian erakustoki berri bat, produktu oskoldunetarako.

Gainera, beste zenbait hobekuntzaren artean, konpainiaren denda eraginkorraren araberako eredu berriak sarrera berria du, beira bikoitzekoa, haize-lasterrak saihesteko; korridore zabalagoak, eta erosketako orga modelo berri bat, eta saski-estiloko orga berri bat, askoz arinago eta ergonomikoagoa. Gainera, diseinu erabat berritua du, aurreko denda-ereduarekin alderatuta: kolore eta material berriak ditu, bai supermerkatura sartzeko kanpoko fatxadan, bai atalen banaketan; espazio irekiak ditu, argi naturala errazago sar dadin, eta kolore beroak erabiltzen dira eremuak bereizteko.

Teknologia, ergonomia eta energia-aurrezpena

Horrez gainera, langileen eguneroko lana errazteko, konpainiaren denda-eredu berriak askotariko neurriak ditu, ergonomia hobetzeko eta neurriz gaineko ahaleginik ez egiteko. Esate baterako, Mercadonako kutxetako altzari berria Valentziako Biomekanika Institutuarekin batera garatu da. Eremu komunak ere badituzte dendek, langileak erosoago ibiltzeko atseden hartzen dutenean. Jangelak ekipatuago daude, eta aldageletako armairu pertsonalak handiagoak eta erosoagoak dira.

Halaber, Mercadonaren denda eraginkor berri hau teknologikoki erabat konektatuta dago, eta gailu elektroniko eta lankidetza-tresna berri batzuk ditu langileentzat, informazioa dendako edozein ataletatik partekatzeko; horri esker, supermerkatu bakoitza errazago autokudeatzen da, eta kate osoko prozesuak arindu egiten dira. Gailu berrien artean daude, besteak beste, kutxetako balantzak, eta izapide administratiboak egiteko tableta elektronikoak  erabiltzen dira, paperaren ordez. Horrek guztiak aukera ematen du prozesuak optimizatzeko eta dendaren kudeaketaren berri denbora errealean izateko. Hala, errazago hartzen dira erabakiak, eta kudeaketa azkartzen da —bereziki, produktu freskoena—.

Ingurumenari dagokionez hartu diren neurriei esker, % 40raino murriztu da energia-kontsumoa ohiko denda-ereduarekin alderatuta: isolamendu termiko eta akustikoa hobetu da, materialak optimizatu dira, hormak eta sabaiak zabaldu, eta izozkailu horizontal berriak ezarri —eraginkorragoak dira energiari dagokionez, eta ingurumena gehiago zaintzen dute—. Horrez gain, LED argiztapen-sistema automatizatu bat jarri da bi saltokietan, eremuen arabera eta eguneko uneen arabera erregulatzen dena, energia askoz modu eraginkorragoan kudeatzeko.

Sevillako Plaza de Armaseko supermerkatuko izoztuen atalaSevillako Plaza de Armaseko supermerkatuko izoztuen atala.

Sevillako Plaza de Armaseko supermerkatuko urdaitegi-atalaSevillako Plaza de Armaseko supermerkatuko urdaitegi-atala.