Mercadonako langile bat Valentziako supermerkatu batean

Mercadonak 409 milioi euro partekatu ditu bere langile guztiekin

2021ko martxoaren 01a
  • Konpainiak bere langile guztiek 2020an egin duten lan bikaina aitortu du. Izan ere, haiei esker, Mercadonak bere historiako kudeaketarik onena izan du, Espainian eta Portugalen dituen denda guztiak (1.600 denda baino gehiago) berme guztiekin ireki eta hornitu baitituzte egunero.
  • Mozkinak benetan haiek sortzen dituztenekin partekatzeko ekimen aitzindari hori orain dela 20 urte baino gehiago ezarri zen, eta, ordutik hona, konpainiako akziodunek 4.200 milioi euro baino gehiago banatu dituzte langileen artean.
  • 366 milioi euro, helburuak lortzeagatiko sari gisa, eta 43 milioi euro, osasun-krisian erakutsitako konpromisoaren aitortza gisa.

Mercadona supermerkatu fisikoen eta onlineko salmentako konpainiak erabaki du 409 milioi euro partekatzea, 2020ko sari gisa, plantilla osatzen duten 90.000 pertsonarekin baino gehiagorekin. Diru horretatik, 366 milioi euro helburuak lortzeagatiko sari gisa jaso dituzte, zeinak konpainiak gaur, martxoaren 1ean, banatu baititu; beste 43 milioiak 2020ko apirilean jaso zituzten langileek, herrialdea bizitzen ari den osasun-krisiaren hasieran erakutsi zuten konpromisoaren eta ahalegin bereziaren aitortza gisa.

Patricia Cortizas Mercadonako Giza Baliabideetako eta Kanpo Harremanetako Zuzendari Nagusiaren iritziz “2020. urtean, edozer kudeatzea oso zaila izan arren, konpainiak bere historiako kudeaketarik onena lortu du. Espainian eta Portugalen ditugun supermerkatu guztiak (1.600 baino gehiago) egunero irekitzea bermatzea ez litzateke posible izango konpainia osatzen dugun langile guztion talenturik eta eguneroko ahaleginik gabe, eta dendak prestatu eta zerbitzatzeko edo bizi ditugun une zail hauetan eskaerak online emateko izan dugun konpromisorik gabe. Ni eta Zuzendaritza Batzorde osoa harro gaude aukera izan dugulako egiaztatzeko une berezietan sortzen direla pertsona bereziak, hala nola plantilla hau osatzen duten pertsonak, zeinak, beren ekintzen bidez, gizartearentzako eredu bihurtu baitira”.

Sortutako mozkina langile guztiekin partekatzeko erabakia gaur bezalako egun batean ezarri zen, duela 20 urte baino gehiago, 2001ean. Harrezkeroztik, 4.200 milioi euro baino gehiago banatu ditu Mercadonak, eta horrek hazkunde partekatuarekiko eta langile guztien lanaren eta ahaleginaren aitortzarekiko duen konpromisoa erakusten du. Hain zuzen, edozein langilek, ekitaldiaren hasieran hitzartutako helburuak eta xedeak lortuz gero, hilabeteko aparteko soldata bat kobratzen du lehenengo urtetik, eta bi hilabeteko soldata, bost urteko antzinatasunetik aurrera. Horri esker, oinarrizko langileen soldata garbia batez beste hilean 1.800 bat eurora igotzen da, aparteko ordainsariak eta helburuak lortzeagatiko saria barne.

Langileen osasuna eta segurtasuna babesteko neurriak

Alarma-egoera ezarri zenetik, eta gaur arte, Mercadonak 200 milioi euro baino gehiago bideratu ditu bezeroen, langileen eta hornitzaileen segurtasuna eta osasuna babestera, indartzera eta bermatzera, eta bere instalazioak leku seguru egin ditu. Aparteko gastu hori, batez ere, honetara bideratu da: norbera babesteko ekipoak erostera; dendak, bloke logistikoak, Erlauntzak eta bulegoak desinfektatzera, garbitzera eta haietan segurtasun-neurriak egokitzera; eta zerbitzu mediko propioak indartzera.

Sektorean aitzindaria den giza baliabideen politika bat

Mercadonak urteak daramatza sektorean aitzindaria den giza baliabideen politika bat bultzatzen. Politika horrek plantilla osatzen duten langile guztien kontziliazioaren, prestakuntzaren eta garapen pertsonal eta profesionalaren alde egiten du. Ildo horretatik, 2020ko abuztuan bost eguneko lanaldia onartu zuen supermerkatuetako langileentzat, eta hori mugarria izan da konpainiarentzat eta sektorearentzat, aukera ematen baitu lana eta familia uztartzeko neurriak hobetzeko, astean bi egun osoko atsedenaldia hartu ahal izango baitute, eta urtean 8 asteburu luze hartu ahal izango baitituzte.

Neurri horrekin, indartu egiten du konpainiak lana eta familia bateragarri egiteko ekimen aitzindariak martxan jartzearekin duen engaiamendua, azken 25 urte baino gehiagoko ibilbideak erakusten duenez. Hasteko eta behin, langile-talde osoa finko egiteko prozesuari heldu zion, eta apustu irmoa abiarazi zuen enplegu egonkorraren eta kalitatezkoaren alde.

Mercadonako langile bat Valentziako supermerkatu bateanMercadonako langile bat Valentziako supermerkatu batean.

Mercadonako langile bat Gasteizko Bloke Logistikoan (Araba)Mercadonako langile bat Gasteizko Bloke Logistikoan (Araba).

Logo EAktibatu