Juan Roig eta Mercadonako Zuzendaritza Batzordeko kideak 2021eko prentsaurrekoaren ondoren

Mercadonak % 3,3 gehiago fakturatu du, 27.819 milioi guztira, eta % 6 murriztu ditu irabaziak kostuen inpaktuagatik

2022ko martxoaren 15a

Konpainiak arrakastaz kudeatu du iazko urte biziki zail eta konplexua, bere 96.000 langileen ahaleginari eta konpromisoari esker.

  • Lehengaiek jatorrian izandako prezio-igoerak eta garraioak eta industriako prezioek izandakoak kosteak handitu dituzte, baina konpainiak erabaki zuen kostu horiek ez ordainaraztea bezeroei; igoera horiek 100 milioi euroko inpaktua izan dute konpainiaren marjina operatiboan, eta, haien eraginez, % 6 jaitsi da irabazi garbia, zeina 680 milioi eurokoa izan baita 2021ean.
  • Egoera oso zaila izan den arren, Mercadonak aurrera jarraitu du bere eraldaketa izugarriarekin, enpresa digitalagoa eta jasangarriagoa izateko helburuz, eta, horretarako, 1.200 milioi euro inbertitu ditu.
  • Konpainiak kontratu finkoko 1.000 lanpostu sortu ditu, eta plantillaren erosteko ahalmena bermatu du Espainiako eta Portugalgo KPIaren araberako soldata-igoerarekin; halaber, aurten ere aitortu du plantillaren ahalegina, eta 375 milioi euro banatu ditu helburuengatiko saritan, hau da, irabazi osoaren % 25.
  • 2021ean ere, Juan Roigek eta Hortensia Herrerok 100 milioi euro bideratu dituzte Valentziako Erkidegoko eta Espainiako ekonomia suspertzera, eta 2022an ere baliatuko dute zenbateko hori, haien esanean “ezagutzak eta diruak partekatuta bakarrik ekartzen baitute zoriona”.

Mercadona supermerkatu fisikoen eta onlineko salmentako konpainiak % 3,3 areagotu ditu saltoki-azalera konstanteko salmenta bateratuak 2021ean, eta, orotara, 27.819 milioi euro fakturatu ditu. Zenbateko horretatik, 415 milioi Portugalgo 29 dendetako salmentei dagozkie. Herrialde horretan, konpainiak % 3ko merkatu-kuota lortu du, bi urteko presentziaren ondoren.

Hamabi hilabete hauetan –eta batez ere apiriletik aurrera–, konpainiak egoera ekonomiko eta sozial konplexua izan du aurrez aurre, eta administrazioek pandemiarekin loturik hartu dituzten neurriak kudeatu behar izan ditu, hala nola mugikortasun-murrizketak eta konfinamenduak. Horretaz gainera, nabarmen areagotu dira kostuak, lehengaien, garraioaren edo industria-prezioen igoera handiak direla eta.

Inflazio-egoera horren aurrean, eta salmenta-prezioetan duen eragina minimizatzeko, Mercadonak erabaki zuen ez ordainaraztea bezeroei igoera garrantzitsu horiek guztiak, eta horrek 100 milioi euroko inpaktu negatiboa izan du marjina operatiboetan. Hori horrela, % 6 murriztu da konpainiaren irabazi garbia, zeina 680 milioi eurokoa izan baita 2021ean.

1.200 milioi euroko inbertsioa eta 1.000 lanpostu gehiago

Mercadonak aurrera jarraitu du konpainiaren eraldaketa izugarrian, enpresa-eredu digitalagoa, produktiboagoa eta jasangarriagoa finkatzeko. Horretarako, aurten beste 1.200 milioi euroko inbertsio-ahalegina egin du; hori horrela, aurreko hiru ekitaldietako inbertsioa ere kontuan hartuz gero, 5.000 milioitik gorakoa da inbertsioa.

Ahalegin horren ondorioz, konpainiak 1.662 supermerkatu zituen 2021aren amaieran, horietatik 29 Portugalen. Guztira, 79 supermerkatu inauguratu ditu (9 Portugalen) eta 58 denda itxi, ez baitzetozen bat denda eraginkorraren eta jasangarriaren eredu berriarekin. Era berean, eutsi egin dio berritze-prozesuari, eta Denda Eraginkorraren Eredu Berriko 1.200 supermerkaturekin (8ko Denda) amaitu du urtea. Konpainiak “Jateko Prest” izeneko atal berria ezartzen jarraitu du (“Pronto a Comer”, Portugalen), eta, ahalegin horri esker, 825 dendak eskaintzen dute atal berria ekitaldi-amaieran.

Aberastasuna eta jarduera sortzeaz gainera, eutsi egin dio inbertsio-konpromisoari; izan ere, 1.000 lanpostu zuzen gehiago sortu ditu, egonkorrak eta kalitatezkoak. Hori horrela, 96.000 laguneko plantilla lortu du urte amaieran; langile horietatik 2.500 Portugalen daude.

Era berean, Zuzendaritza Batzordeak erabaki zuen KPIaren arabera igotzea plantilla osoaren soldata, % 6,5 Espainian eta % 2,7 Portugalen, langileon erosteko ahalmena bermatzeko. Erabaki hori bat dator duela 28 urtetik indarrean dagoen enpresa-ereduarekin, zeinaren arabera langileak bezeroen aktiborik onena baitira, eta erabakigarriak Mercadona Proiektuak aurrera egingo badu.

Konpainiak kalitatezko lanak sortzeko duen konpromisoa beste hainbat ekimenen bidez ere islatu da urtean zehar. Horren adibide da, konparazio batera, 2021ean prebentzio- eta prestakuntza-lan handia egiten jarraitu izana lan-osasunaren arloan. Faktore horrek, gainera, are protagonismo handiagoa hartu du pandemiak astindutako egoeran, langileak osasun-arloan babestuta eta seguru senti daitezen. Helburu horrekin berarekin, 3C telefono-zerbitzua indartu da (COVID Dei Zentroa), zeina 180 profesionalek osatzen baitute (osasun-langileak eta medikuak). Eguneko 24 orduetan eta asteko 7 egunetan eskaintzen dute arreta, eta pandemiako seigarren olatuaren unerik zailenean 8.000 dei ere artatu izan zituzten egunean (plantillaren % 5 kutsatu zen azken seigarren olatu horretan).

Lana eta familia kontziliatzen laguntzeko aplikazio teknologiko berriak sartzea da konpromiso horren beste adibide bat. Ildo horretan, barne-erabilerarako Activo2 aplikazio mugikorra izan da langileek komunikatzeko 2021ean izan duten kanal nagusietako bat. Hari esker, informatuta egon dira langile guztiak, eta, horretaz gainera, haien iritziak jaso ahal izan dira, Mercadona proiektu bereizgarri gisa sendotzen jarraitzeko, inplementatu egin baita lankidetza-tresna horren bidez jasotako ekarpenen zati handi bat.

Eraldaketa digitalean eta jasangarritasunean aurrera egitea

Mercadonak onlineko erosketa-zerbitzua sendotzea lortu du 2021ean (Erlauntzak eta Teleerosketa), eta 510 milioi eurora igo ditu haietako salmentak; hau da, aurreko urtean baino % 40 gehiago. Era berean, Mercadona Onlinek (Erlauntzak) 1,8 milioira igo du eskaera-kopurua (1,2 milioi izan ziren 2020an). Hala, 1.636 langileko taldearekin itxi du iazko ekitaldia. Erosketak kanal horren bidez egiten dituzten “Nagusi”en (bezeroak) konfiantza eskuratzeko, Mercadonak hiru Erlauntza zituen urte amaieran (hau da, onlineko salmenta-zerbitzurako biltegi esklusiboak). Bartzelonan, Madrilen eta Valentzian daude hiru Erlauntza horiek, eta 2022an beste bi sortzea aurreikusten du, bata Alacanten eta bestea, berriz, Sevillan.

Jasangarritasuna sustatzen eta Planeta Zaintzen Jarraitzeko, Mercadonak 49 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu hainbat eta hainbat ekimen eta neurritan, guztiak ere inpaktu positiboagoa eta jasangarriagoa sustatzeko ekintza guztietan. Testuinguru horretan, konpainiak 6.25 Estrategia indartzen jarraitu du, zeinaren bidez 140 milioi euroko inbertsioa egingo baitu 2025era arte, hiru helburu lortzeko: batetik, plastikoa % 25 murriztea; bigarrenik, ontzi guztiak birziklagarriak izatea; eta, hirugarrenik, plastikozko hondakin guztiak birziklatzea. Ildo horretan, amaitu du estrategia hori ezartzen 6.25 Denden kate osoan, zeinaren bidez hondakinen kudeaketari buruzko informazioa eta trebakuntza eskaintzen baitzaie “Nagusi”ei eta langileei.

Era berean, AENOR normalizazio-erakundearen bitartez, Mercadonak karbono-aztarnaren inpaktua egiaztatu du; horretarako, elektrizitate-kontsumoak eragindako zuzeneko zein zeharkako emisioak kalkulatu ditu eta deskarbonizazio-neurri jasangarri berriak inplementatu ditu, hala nola erregai alternatiboak baliatzen dituzten ibilgailuekin berritzea flota, instalazio batzuetan eguzki-plakak instalatzea edo ekipamenduetako hozte-gasak aldatzea.

COVID-19a eragiten ari den inpaktu sozialaz eta haren ondorio sozial eta ekonomikoez jabetuta, % 21 handitu dira dohaintzak; hau da, jantoki sozialei, elikagai-bankuei eta lankide dituen beste ongintza-erakunde batzuei emaniko premiazko produktuak. Orotara, 20.600 tona banatu ditu premiazko produktutan: horietatik 19.200 tona Espainian, eta beste 1.400 tona, berriz, Portugalen. Gainera, La Palma uhartearekin izandako elkartasunaren erakusgarri, Mercadonak 74 tona elikagai eta milioi bat maskara ipini ditu haien eskura erupzioaren lehenbiziko egunetik.

1.100 milioi euroko inbertsioa 2022an, eta 1.000 lanpostu gehiago

Mercadonak 1.100 milioi inbertituko ditu 2022an, eraldaketa-plan estrategikoa bultzatzen jarraitzeko. Baliabide horiek, batez ere, xede hauek lortzeko erabiliko dira: 68 supermerkatu berri irekitzeko (58 Espainian eta 10 Portugalen); 43 supermerkatu berritzeko, Denda Eraginkorraren Eredu Berrira egokitu daitezen (8ko Denda); eta Jateko Prest / Pronto a Comer atal berria ezartzeko beste 150 supermerkatutan. Horretarako, konpainiak kalitatezko 1.000 lanpostu egonkor baino gehiago sortuko ditu 2022an bi herrialdeotan.

2022. urtea oso zaila ari da izaten, eta egungo inflazio-egoerak badu oihartzunik konpainian. Ondorioz, 500 milioi euro baino gehiago handituko dira gure gastuak. Inpaktu hori ahalik eta txikiena izan dadin, Mercadonak produktibitatearen eta efizientziaren aldeko apustua egiten jarraituko du prozesu bakoitzean, gero eta lehiakorragoak izateko. Estrategia horren adibide bat da, esaterako, maskara korporatibotik logotipoa erretiratzea. Ekimen horrekin bakarrik, 400.000 euro aurreztuko ditu urtean.

Mercadonako presidente Juan Roigek adierazi duenez, “2022an jarraitu egingo du inbertsio-planak. Ziur nago urte izugarri zaila izaten jarraituko duela, eta gaindituko dugula gure Erabateko Kalitatearen Eredua aplikatuz, huraxe baita gure itsasargia, bizi dugun ziurgabetasun-egoera honetan nabigatzeko. Seguru nago, 96.000 langileon ahalegin indibidual eta kolektiboari esker, lortuko ditugula jarritako helburuak”.

Juan Roig eta Hortensia Herrero Legatu Proiektua

Iazko ekitaldian ere, Juan Roigek eta Hortensia Herrero Mercadonako presidenteordeak sendotu egin dute gizartearekin duten konpromisoa, eta gizartera bideratu dute, hain zuzen, konpainiako partaidetzatik eta ondare pertsonaletik eskuratutako dibidenduen zati mamitsu bat. Bien artean, orotara 100 milioi euro bideratu dituzte 2021ean hainbat ekimenetara (Ekintzailetza, Prestakuntza, Kirola, Entretenimendua, Artea eta Kultura), Legatua Proiektuaren bitartez.

Orain hamarkada bat baino gehiago ekin zioten konpromiso horri, eta 2022an ere sustatzen jarraituko dute beren ondare pertsonaleko beste 100 milioi eurorekin. Izan ere, biek ala biek ere uste dutenez, “ezagutzak eta diruak partekatuta bakarrik ekartzen dute zoriona”. Ildo horretan, hainbat proiektu jasangarri eta solidario bultzatzen dituzte; esate baterako, Marina de Empresas, Trinidad Alfonso Fundazioa, Valencia Basket Club, L’Alqueria del Basket, Licampa 1617 (Valentziako Casal España Arena) eta Hortensia Herrero Fundazioa.

Mercadonaren 2021eko gertakizun garrantzitsuenak

Juan Roig, Mercadonako presidenteaJuan Roig, Mercadonako presidentea, 2021eko prentsaurrekoa egin ondoren.

Juan Roig, Mercadonako presidentea, 2021eko prentsaurrekoa egin ondorenJuan Roig, Mercadonako presidentea, 2021eko prentsaurrekoa egin ondoren.

Juan Roig eta Mercadonako Zuzendaritza Batzordeko kideak 2021eko prentsaurrekoa egin ondorenJuan Roig eta Mercadonako Zuzendaritza Batzordeko kideak 2021eko prentsaurrekoa egin ondoren.

2021. Urteko Memoria

Descargar