Langileak Mercadonaren Madrilgo Erlauntzan

Mercadonak eta sindikatuek Berdintasun Plan berria sinatu dute, ordainsari-politikaren gardentasuna indartzeko

2021ko abenduaren 14a
  • Berdintasun Plan berria 2022ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean, eta bi urteko indarraldia izango du (2023ra arte, orduan berrituko da hitzarmen kolektiboa ere).
  • Berdintasun Plan berriak eguneratu egingo du 2019az geroztik indarrean dagoena, eta berdintasunaren alorrean onetsiriko azken arau-garapenak barneratuko ditu. Horrekin, indarturik geratuko da konpainiak ordainsari-ekitatearen alde duen konpromisoa.

Mercadona supermerkatu fisikoen eta onlineko salmentako konpainiak Berdintasun Plan berria sinatu du UGT eta CCOO sindikatuetako ordezkariekin. Plan hori 2022ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean, eta bi urteko indarraldia izango du (2023ra arte, orduan berrituko da hitzarmen kolektiboa ere).

Berdintasun Plan berriak, 2019az geroztik indarrean dagoena eguneratzeaz gainera, indartu egiten du konpainiak ordainsari-politikaren gardentasunaren alde duen konpromisoa. Era berean, barneratu egiten du berdintasunaren arloan berriki izaniko arau-garapena, zeinak berdintasun-planen erregistroa eta ordainsari-berdintasunaren printzipioa baititu jomuga.

Mercadonak hamabi urtean baino gehiagoan dauka Berdintasun Plana, ordezkari sindikalek berretsia, eta, eguneratze honen bidez, sendotu egiten du berdintasunean oinarritutako lan-harremanen aldeko konpromisoa. Berdintasun Plan eguneratuarekin indartu egingo ditu aurrekoarekin izaniko lorpenak, hala nola 2020an emakumeak izatea zuzendaritza-postuen % 45ean eta Administrazio Kontseiluko lanpostuen % 62an, edo ordainsarien berdintasuna balio ukaezin bihurtzea konpainiaren ereduan. Ildo horretatik, premisa hauxe aplikatzen du modu transbertsalean 1997az geroztik: “Erantzukizun bera, soldata bera”. 

Ildo horretan, hauxe adierazi du Rosa Enríquez UGTko Berdintasun Planaren Jarraipen Batzordeko kideak: “UGTn oso positibotzat jotzen dugu Mercadonak Berdintasun Plana eguneratzeko eta egokitzeko lortutako akordioa. Finkaturik geratu da batzordeak azken urteotan egindako lana, eta bermaturik geratu da, orobat, aukera-berdintasuna enpresako langile guztientzat”.

Silvia Yankowich CCOOko Atal Sindikaleko idazkari nagusiaren ustean, “gardentasuna guztiz garrantzitsua da berdintasunaren aldeko apustu irmoan”. “Horrexegatik heldu diogu auzi horri Mercadonan, garai berrietara egokitzeko; hala, genero-ikuspegia baliatu dugu langileen lan-baldintzei eragiten dieten faktore guzti-guztiak ebaluatzeko ikusmolde gisa”.

Bestalde, Ruth García, Mercadonaren Lan Harremanetako zuzendaria, pozik agertu da lortutako akordioarekin, eta hauxe adierazi du: “Harro egoteko moduan gaude konpainiarekin, haren ereduarekin, lan-harremanak etengabe hobetzea oinarri izatearekin, horixe baitu bidetzat ekitatearen, kalitatezko enpleguaren eta aniztasuna errespetatzearen aldeko konpromisoa sendotzen jarraitzeko”.

Goiburuko irudia: Langileak Mercadonaren Madrilgo Erlauntzan.