Mercadonaren logoa, Denda Eraginkor Eredu berriaren araberako arrandegi bateko horman.

Málaga – Mercadonak beste denda eraginkor bat irekitzen du Málaga hirian

2017ko uztailaren 31
  • Erabat eraberritua izan ondoren berrirekitzen du denda honek. 43 hornitzailek parte hartu dute eraberritzean, eta 100 pertsona baino gehiago kontratatu dituzte lanak iraun bitartean.
  • Supermerkatu berri hau teknologikoki guztiz konektaturik dago, eta bezeroen erabateko erosketa esperientzia hobetzeko diseinua eta osoki eraberritutako atalak aurkezten ditu. Denda tradizionalekin alderatuz, %40rainoko energia-aurrezpena lortuko da bertan.

Mercadonak supermerkatu bat berrirekiko du gaur Málagako José Ortega y Gasset etorbidean, San Luís Poligonoko 303. lursailean, hain zuzen ere, konpainiaren Denda Eraginkor Eredu berrira egokitzeko egin zaion osoko eraberritzearen ondoren. 100 lagun baino gehiago kontratatu dituzten 43 hornitzaileren parte hartzea izan dute lanek. Banaketa, apainketa eta atal guztien kokapena hobetzen duen diseinu berri bat aurkezten du supermerkatu berriak, betiere “Nagusien” -konpainiak bere baitan hala izendatzen ditu bezeroak- erosketa esperientzia hobetu eta optimizatzeko helburuarekin. 

Mercadonak Málagan duen denda eraginkor berri honek 1.650 metro karratuko azalerako salmenta sala du eta aurreko denda ereduarekiko guztiz eraberritutako diseinuaz eginda dago, kolore eta material berriak erabiliz supermerkatuari sarbidea ematen dion kanpoko fatxadan zein atal ezberdinen kokapenean. Argiztapen naturala errazten duten espazio zabal eta gardenen alde apustu egiten du, halaber, bai eta kolore beroen aldekoa ere, dendako giroak bata bestearengandik bereizte aldera.

Berritasunak atal guztietan

Gainera, atalez-atal ere badakartza berritasunak, “Nagusien” (bezeroen), langileen, hornitzaileen, eta gizartearen beraren mesederako. Badu, esate baterako, haize-lasterrak saihesteko kristal bikoitzeko sarrera berria, esne fresko eta zuku hoztuarentzako lerro berri espezifikoak, bukaera-gune berri bat okelarentzako, kosmetika espezializatuarentzako gondola zentral bat lurrindegian, laranja-zukua unean bertan ateratzeko makina, eta oskoldun produktuentzako erakusmahai berri bat arrandegian, beste berrikuntza batzuen artean.

Horrez gain, Mercadonaren Denda Eraginkor Eredu berri honek zerbitzurik onena eskaini nahi die bezeroei beren erosketa-ekintza errazteko orduan ere, fruta eta barazkien korridoreak zabalago eginez, erosketa-saski modelo berri batez, eta askoz ergonomiko eta arinagoak diren bi orga eredu uztartuz.

Era berean, langileen eguneroko lanak errazteko neurri ugari txertatzen ditu supermerkatu berriak, ergonomia hobetu eta gainesfortzuak saihestu nahian. Kutxa-altzari berria diseinatzeko, adibidez, Valentziako Biomekanika Institutuaren laguntza izan du Mercadonak. Supermerkatuak baditu, bestalde, langileek beren aisialdiko momentuez erosotasun handiagoz goza dezaten atondutako gune komunak, jateko gune hornituago bat, eta armairu pertsonal zabalago eta erosoagoak.

Energia-aurrezpena eta guztiz informatizatutako kudeaketa: denda ekoeraginkorra

Ingurumenari begira hartu diren neurriek %40rainoko energia-aurrezpena lor dezakete denda tradizionalen ereduarekin alderatuz gero. Alde batetik, isolamendu termiko eta akustikoari esker lortu da: eraikuntza osagaiak zein horma eta sabaien zabalera optimizatuz, eta energetikoki eraginkorragoak eta ingurumenarekin adeitsuagoak diren izozte-kutxatzarrak erabiliz. Bestetik, LED argiztapen sistema automatizatua du dendak, guneen eta eguneko orduen arabera erregulatzen dena, kudeaketa energetiko askoz eraginkorragoa lortuz.

Teknologikoki guztiz konektaturik dagoen Mercadonaren Denda Eredu Berri honek, halaber, zenbait gailu elektroniko eta langileen elkarlanerako tresna txertatzen ditu, informazioa dendako edozein aldetik parteka dadin ahalbidetzeko, supermerkatu bakoitzeko autogestioa erraztuz eta kate guztiko prozesuak azkartuz. Gailu berrien artean ditugu, besteak beste, kutxa lerroa, balantzak, edo papera ordezkatuz administrazio-kudeaketa errazten duten tableta elektronikoen erabilera. Honek guztiak prozesuak optimizatzea eta dendaren kudeaketa denbora errealean ezagutzea ahalbidetzen du, erabakiak hartzea erraztuz eta bizitasun handiagoa lortzen lagunduz, bereziki produktu freskoen kudeaketan.

Supermerkatua irekitzeko ordutegia honako hau da: astelehenetik larunbatera, 09:00etatik 21:30etara. 62 tokidun aparkalekua du, ibilgailu pribatuan lekualdatzen diren bezeroen erosketa errazteko. Halaber, etxerako zerbitzua eta online erosketa gaitu ditu Mercadonak.

Irekitze berri honi esker, Mercadonaren bezeroek konpainiak bakarrik erabiltzen duen B.P.B. (Beti Prezio Baxuak) merkataritza-politika ezagunaren onurak jasoko dituzte. Produktuen ale bakoitzeko gutxieneko prezioa bermatzean datza, kalitate gorena mantenduz eta era jarraituan. Honen bitartez, eskaintza eraginkorra eskaini diezaieke konpainiak bezeroei, kalitate handienaz eta ahalik eta prezio baxuenean, edozein delarik ere produktuaren ekoizlea.

Denda Eraginkor Eredu Berri honen arabera 126 denda eraberritzea aurreikusten du Mercadonak 2017ko ekitaldian, 180 euro inbertituz Espainia osoan barrena; horrez gain, 5 milioi euro inbertituko ditu hobekuntza informatikoen I+G+Ban.

Mercadona Málagan

Mercadonak 88 supermerkatu ditu Málagako probintzian, eta iaz sortu zituen 40 lanpostu egonkor eta kalitatezko berriak kontuan hartuz, badira 4.660 pertsona bertan duen langile-taldean. Konpainiak Málagako hornitzaileei egin zizkien erosketak, bestetik, aurreko ekitaldian baino %3 gehiago izan ziren, 535 milioi eurotaraino helduz. Mercadonak zein bere Málagako bitarteko hornitzaileek egindako baterako inbertsioari dagokionez, 25 milioi eurotik gorakoa izan zen 2016an.

Nabarmentzekoa da, halaber, Mercadonak, zenbait ekimen tarteko, indartu egin duela probintzian aurrera daraman gizarte ekintzako jarduna, 149.000 kilo elikagai baino gehiago dohaintzan emanez. Gainera, Málagako Elikagaien Bankuarekin elkarlanean aritu da “Elikagaien Bilketa Handia” kanpainan, konpainiaren 77 supermerkaturen parte hartzearekin. Azkenik, Estepona, Antequera eta Málaga hiriburuko jantoki sozialekin ere lan egiten du Mercadonak, eta egunero entregatzen dizkie produktuak.