Mercadonaren denda bateko logotipoa

Madril - Mercadonak supermerkatu berria ireki du kapitalaren erdigunean, Fuencarral kalean

2022ko azaroaren 24a
  • Denda Fuencarral kaleko 77an dago, kapitaleko Centro barrutian, garai batean Pasaje Mutualidad zegoen espazioan; espazio hori XIX. mendearen amaieran Europan goraldia izan zuten antzinako merkataritza-pasabideen azken lekukoetako bat da.
  • Supermerkatuan 68 langile ari dira lanean, enplegu egonkor eta kalitatekoarekin, eta 4,5 milioi euroko inbertsioa egin da hura eraikitzeko. 39 hornitzailek hartu dute parte eraikitze-lanetan, eta 198 langile aritu dira eraikitze-fasean.
  • Saltoki berri honekin, konpainiak 196 supermerkatu ditu Madrilgo Erkidegoan, eta haietatik 170ek ezarria dute jada denda eraginkorraren eredu berria.

Mercadonak beste supermerkatu eraginkor bat inauguratu du Madrilen, Fuencarral kaleko 77an. Denda berrian, 4,5 milioi euroko inbertsioa egin da, eta 68 langile ari dira lanean. Bestalde, 39 hornitzailek hartu dute parte eraikitze-lanetan, eta 198 langile aritu dira eraikitze-fasean.

Denda garai bateko Pasaje Mutualidaden kokatuta dago. Obra berezia da, eraikin-motagatik eta eraiki zen garaiagatik, eta antzinako merkataritza-pasabideen azken lekukoetako bat da. Barrualdean ilaunezko bobeda handia nabarmentzen da, garai hartako elementu bereizgarrien oroigarri gisa.

Barruan, saltoki berri honek atal guztietan ditu berrikuntzak. Besteak beste, baditu esne freskoarentzako eta zuku hoztuentzako berariazko linealak, urdaitegi berri bat, urdaiazpikoa ebakitzeko eta hutsean ontziratzeko aukera ematen duena; erakustoki zentral bat lurrindegian, kosmetika espezializaturako; laranja zukutu berria eskaintzeko zerbitzu berri bat; sushi-espezialitateak; labeko atal berria, ogia xerratan mozteko makina bat eta pastel hoztuak ere badituena.

Halaber, Jateko Prest atala jarri da saltokian, eta jateko prest dauden platerak eskaintzen dira bertan. Plater horiek material naturalekin egindako ontzietan datoz (azukre-kanaberazkoak —konpostagarriak—, kartoizkoak nahiz paperezkoak).

Denda eraginkor berri honek 1.280 metro karratuko salmenta-aretoa du; espazio zabal irekien alde egiten du, eta kolore beroak erabili dira eremuak bereizteko.

Mercadonak Mensajeros de la Paz GKEarekin batera egiten duen lanarekin jarraituko du saltoki berriak, eta premiazko produktuak emango dizkio egunero. Sergio Mella Mensajeros de la Paz erakundeko zuzendari nagusiak adierazi duenez, “ongietorria egin nahi diegu auzokide berriei. San Antón elizan bagenekien etortzekoak zirela; Mercadonakoek berek kontatu ziguten, argi baitzuten laguntza eskaini nahi zietela San Antón elizako gure egoitzan egunero artatzen ditugun 400 pertsona zaurgarriri baino gehiagori. Haien laguntza, babesa eta adorea izateak auzoko ahulenen alde borrokatzen jarraitzera bultzatzen gaitu.”

Energia aurreztea: denda ekoeraginkorra

Ingurumenaren arloan, hartu diren neurriei esker, % 40raino murriztu da energia-kontsumoa, ohiko denda-ereduarekin alderatuta: isolamendu termiko eta akustikoa hobetu da, materialak optimizatu dira, hormak eta sabaiak zabaldu, eta izozkailu horizontal berriak ezarri —eraginkorragoak dira energiari dagokionez, eta ingurumena gehiago zaintzen dute—. Horrez gain, LED argiztapen-sistema automatizatu bat du, eremuen arabera eta eguneko uneen arabera erregulatzen dena, energia askoz modu eraginkorragoan kudeatzeko.

Supermerkatua astelehenetik larunbatera egongo da irekita, 9:00etatik 21:30era.  Horrez gainera, erosketa etxera eramateko zerbitzua ematen du Mercadonak, bai eta erosketa online egiteko aukera ere, webgunearen bidez: https://www.mercadona.es/.

Teknologia eta ergonomia Mercadonako langileentzat

Horrez gainera, langileen eguneroko lanak errazteko, supermerkatu berri honek askotariko neurriak ditu ergonomia hobetzeko eta neurriz gaineko ahaleginik ez egiteko. Esate baterako, kutxetako altzari berria Valentziako Biomekanika Institutuarekin batera garatu da. Eremu komunak ere baditu dendak, langileak eroso ibil daitezen atsedenaldietan. Jangela ekipamendu egokiz hornituta dago, eta aldageletako armairu pertsonalak zabalagoak eta erosoagoak dira.

Halaber, denda eraginkor berri hau erabat konektatuta dago teknologikoki, eta gailu elektroniko eta tresna kolaboratibo berri batzuk ditu langileentzat, informazioa dendako edozein ataletatik partekatzeko; horri esker, supermerkatu bakoitza errazago autokudeatzen da, eta kate osoko prozesuak arintzen dira.

Gailu berrien artean daude, besteak beste, kutxa-lerroa, balantzak eta, izapide administratiboak egiteko, tableta elektronikoak, paperaren ordez. Horrek guztiak aukera ematen du prozesuak optimizatzeko eta dendaren kudeaketaren berri denbora errealean izateko. Hala, errazago hartzen dira erabakiak, eta kudeaketa azkartzen da —bereziki, produktu freskoena—.