Mercadonaren saski berrietako bat, supermerkatu bateko korridorean.

Madril – Mercadonak bere Denda Eraginkor Eredu berria txertatzen du hiriburuko bi zentrotan

2017ko abuztuaren 24a
  • Denda hauek 2,8 milioi euroko inbertsioa jaso duten erabateko eraberritze-lanen ondoren berrirekitzen dituzte beren ateak. Guztira, 61 hornitzailek hartu dute parte lanetan, eta 350 pertsona baino gehiago kontratatu dituzte eraberritze fasean.
  • Supermerkatu eredu berri hau teknologikoki guztiz konektaturik dago, eta bezeroen erabateko erosketa esperientzia hobetzeko diseinua eta osoki eraberritutako atalak aurkezten ditu. Denda tradizionalekin alderatuz, %40rainoko energia-aurrezpena lortuko da bertan.
  • Lehendik jardunean zegoen langile taldearen jarraipena ziurtatzeaz gain, beste 3 lanpostu sortu ditu konpainiak, egonkorrak eta kalitatezkoak, Plenilunio Merkataritza Zentroko dendan.

Mercadonak berriz zabalduko ditu gaur Madril hiriburuan dituen bi supermerkatu, Denda Eraginkor Eredu berriari egokitzeko egin zaizkien osoko eraberritzeen ondoren: Plenilunio Merkataritza Zentroan dago bata, Glorieta de Eisenhower z/g helbidean; eta besteak sarrera bana ditu Sinfonía kaleko 18. zenbakian eta Danza kalean. Guztira, 2,8 milioi euroko inbertsioa jaso dute bi lanek, bai eta 61 hornitzaileren parte hartzea, eraberritze fasean350 lagun kontratatu dituztenak, orotara. Banaketa, apainketa eta atal guztien kokapena hobetzen duen diseinu berri bat aurkezten dute supermerkatu berriek, betiere “Nagusien” -konpainiak bere baitan hala izendatzen ditu bezeroak- erosketa esperientzia hobetu eta optimizatzeko helburuarekin.

Mercadonak Madrilen dituen bi denda eraginkor berriek 1.788 eta 1.637 metro karratuko azalerako salmenta sala dute, hurrenez hurren. Aurreko denda ereduarekiko guztiz eraberritutako diseinuaz eginda daude, kolore eta material berriak erabiliz supermerkatuari sarbidea ematen dion kanpoko fatxadan zein atal ezberdinen kokapenean. Gainera, argiztapen naturala errazten duten espazio zabal eta gardenen aldeko apustua gauzatzen dute, bai eta kolore beroen aldekoa ere, dendako giroak bata bestearengandik bereizte aldera.

Berritasunak atal guztietan

Ildo beretik, atalez-atal ere badakartza berritasunak, “Nagusien” (bezeroen), langileen, hornitzaileen, eta gizartearen beraren mesederako. Baditu, esate baterako, esne fresko eta zuku hoztuarentzako lerro berri espezifikoak, laranja-zukua unean bertan ateratzeko makina, bukaera-gune berri bat okelarentzako, kosmetika espezializatuarentzako gondola zentral bat lurrindegian, eta oskoldun produktu zein sushi espezialitateentzako erakusmahai berri bat arrandegian, beste berrikuntza batzuen artean.

Horrez gain, Mercadonaren Denda Eraginkor Eredu berri honek zerbitzurik onena eskaini nahi die bezeroei beren erosketa-ekintza errazteko orduan ere, fruta eta barazkien korridoreak zabalago eginez, eta erosketa-saski modelo bat nahiz bi orga modelo berri ezarriz, askoz ergonomiko eta arinagoak.

Era berean, langileen eguneroko lanak errazteko neurri ugari txertatzen ditu supermerkatu eredu berriak, ergonomia hobetu eta gainesfortzuak saihestu nahian. Kutxa-altzari berria diseinatzeko, adibidez, Valentziako Biomekanika Institutuaren laguntza izan du Mercadonak. Supermerkatuak baditu, bestalde, langileek beren aisialdiko momentuez erosotasun handiagoz goza dezaten atondutako gune komunak, jateko gune hornituago bat, eta armairu pertsonal zabalago eta erosoagoak.

Energia-aurrezpena eta guztiz informatizatutako kudeaketa: denda ekoeraginkorra

Ingurumenari begira hartu diren neurriek %40rainoko energia-aurrezpena lor dezakete denda tradizionalen ereduarekin alderatuz gero. Alde batetik, isolamendu termiko eta akustikoari esker lortu da: eraikuntza osagaiak zein horma eta sabaien zabalera optimizatuz, eta energetikoki eraginkorragoak eta ingurumenarekin adeitsuagoak diren izozte-kutxatzarrak erabiliz. Bestetik, LED argiztapen sistema automatizatua du dendak, guneen eta eguneko orduen arabera erregulatzen dena, kudeaketa energetiko askoz eraginkorragoa lortuz.

Teknologikoki guztiz konektaturik dagoen Mercadonaren Denda Eredu Berri honek, halaber, zenbait gailu elektroniko eta langileen elkarlanerako tresna txertatzen ditu, informazioa dendako edozein aldetik parteka dadin ahalbidetzeko, supermerkatu bakoitzeko autogestioa erraztuz eta kate guztiko prozesuak azkartuz. Gailu berrien artean ditugu, besteak beste, kutxa lerroa, balantzak, edo papera ordezkatuz administrazio-kudeaketa errazten duten tableta elektronikoen erabilera. Honek guztiak prozesuak optimizatzea eta dendaren kudeaketa denbora errealean ezagutzea ahalbidetzen du, erabakiak hartzea erraztuz eta bizitasun handiagoa lortzen lagunduz, bereziki produktu freskoen kudeaketan.

Supermerkatua irekitzeko ordutegiak honako hauek dira: astelehenetik larunbatera, 10etatik 22etara, Plenilunio Merkataritza Zentroko dendaren kasuan; eta 9etatik 21.30etara Sinfonía kaleko 18. zenbakian dagoenaren kasuan. Biek dute aparkalekua, ibilgailu pribatuan lekualdatzen diren bezero guztien erosketa errazteko. Halaber, etxerako zerbitzua eta online erosketa gaitu ditu Mercadonak.

Irekitze berri hauei esker, Mercadonaren bezeroek konpainiak bakarrik erabiltzen duen B.P.B. (Beti Prezio Baxuak) merkataritza-politika ezagunaren onurak jasoko dituzte. Produktuen ale bakoitzeko gutxieneko prezioa bermatzean datza, kalitate gorena mantenduz eta era jarraituan. Honen bitartez, eskaintza eraginkorra eskaini diezaieke konpainiak bezeroei, kalitate handienaz eta ahalik eta prezio baxuenean, edozein delarik ere produktuaren ekoizlea.

Denda Eraginkor Eredu Berri honen arabera 126 denda eraberritzea aurreikusten du Mercadonak 2017ko ekitaldian, 180 euro inbertituz Espainia osoan barrena; horrez gain, 5 milioi euro inbertituko ditu hobekuntza informatikoen I+G+Ban.

Mercadona Madrilgo Erkidegoan

Bi supermerkatu hauek abian jarriz, Madrilgo Erkidegoaren alde egiten duen apustu irmoa berresten du Mercadonak. 2016ko ekitaldia ixtean 179 denda zituen bertan, eta kontratu egonkor eta kalitatezkoa duten 9.760 lagunek osatutako langile-taldea. Konpainiak, era berean, erkidego honetako 347 ETErekin du merkataritza harremana, eta 1.469 milioi euroko erosketak egin izan dizkie madrildar hornitzaileei.

Mercadonaren supermerkatu eraginkor berriaren kokalekua, Plenilunio Merkataritza Zentroan (Madril):

Mercadonaren supermerkatu eraginkor berriaren kokalekua, Sinfonía kaleko 18. zenbakian eta Danza kalean sarrera bana dituena (Madril):