Mercadonaren denda eraginkorraren eredu berriko akabera-guneko trencadís horma-irudia

Honela egiten dira Mercadonaren dendak apaintzen dituzten horma-irudiak

2018ko irailaren 05a
  • Desgaitasun intelektuala duten mila lagunek baino gehiagok egiten dituzte Mercadonaren dendak apaintzen dituzten horma-irudiak.
  • 2017an, 1.650 horma-irudi berri baino gehiago egin zituzten konpainiaren arrandegietarako eta akabera-guneetarako.

Bideoa gaztelaniaz

Mercadonaren gizarte-berrikuntza politikari jarraikiz, 27 fundazio eta okupazio-zentrorekin elkarlanean jarduten da konpainia, bere dendetako arrandegiak eta akabera-guneak apaintzen dituzten horma-irudiak egiteko. 2017an, 1.650 horma-irudi berri baino gehiago egin zituzten desgaitasuna duten mila lagunek baino gehiagok.

2011n jarri zuten martxan proiektu hori Mercadonak eta Pamesa Cerámicak, pertsona horiei trebakuntza eta enplegua eskaintzeko eta zenbait ahalmen garatzen laguntzeko; besteak beste, talde-lanean jarduteko gaitasuna eta kontzentrazioa. Proiektua abiatu zenetik 2017ra arte, 5.000 dekorazio-mural baino gehiago jarri dira Espainia osoko supermerkatuetan.

Trencadís deritzon teknika erabili da horma-irudiak egiteko, eta Mercadonaren supermerkatuen estetika aldatu ahala, haiena ere egokitu egin da. Mercadonaren Denda Ekoeraginkorraren Eredu berria martxan jartzean, 2016an, handitu egin zen horma-irudien azalera, eta kolore urdinak eta grisak konbinatzea erabaki zen; harategiko akabera-gunearen diseinu berrian, baina, txikiagoa da azalera, eta tonu grisak eta beltzak dira nagusi.

Honela egiten dira trencadís horma-irudiak

Trencadís horma-irudiak eskuz egiten dira erabat; Mercadonarekin lankidetzan diharduten erakundeetako erabiltzaileak pausoz pauso jarduten dira, kontzentrazioaz eta motrizitateaz baliatuz.

  1. Pamesa Cerámicak bidaltzen dituen zeramika-pusketa hautsiak Mercadonarekin elkarlanean jarduten diren fundazio eta zentroetara iristean, haien erabiltzaileek garbitu, sailkatu eta markatu egiten dituzte trencadís horma-irudietarako piezak.
  2. Txantiloi marraztu batean, poliki-poliki jartzen dituzte piezak, mosaikoa osatu arte.
  3. Ondoren, sare batean jarri eta kolatu egiten dituzte puskak, pieza bakarra osatu arte.
  4. Lehortzen uzten dituzte, ordu batzuk.
  5. Lehortutakoan, modulutan banatzen dute mosaikoa, eta zenbakiak jartzen, dendan errazago muntatzeko.
  6. Horma-irudia osatzen duten moduluak paketatu, eta Pamesa Cerámicak jaso eta Mercadonaren dendetara eramaten ditu, arrandegiak eta harategiak apain ditzaten.

Pasos para componer los murales de trencadís que decoran las secciones de Pescadería y Carnicería de Mercadona

Mercadonaren erantzukizun sozial korporatiboarekin bat datorren gizarte-ekintza jasangarria

Mercadonak gizartearekiko dituen konpromisoetako bat da gizarteari itzultzea gizartetik jasotzen duenaren zati bat. Horretarako dauka, hain justu ere, Erantzukizun Sozialeko Plana, zeinak hainbat jarduera-ildo jasangarriren bidez jorratzen baititu konpainiaren alderdi soziala eta etikoa, hazkunde partekatuaren aldeko jardunaren sendogarri guztiak ere. Plan horretan sartzen da trencadís proiektua ere.

Horrez gain, Mercadona lanean ari da, besteak beste, Hiri Banaketa Jasangarriaren Proiektua garatzen eta gure hirietako airearen kalitatea hobetzen, kamioi eta furgonetak higiarazteko teknologia garbiagoak eta eraginkorragoak erabiliz. Bestalde, bere saltokietan lorategi-estalkiak eta lorategi bertikalak eraikitzen ari da.

Ingurumen-jasangarritasuna da Mercadonaren Erantzukizun Sozial Korporatiboaren beste ildo estrategiko bat. Mercadonaren Ingurumena Kudeatzeko Sistema propioak logistika hobetzea, energia-efizientzia areagotzea eta hondakin gutxiago sortzea du helburu. Sistema horren parte batek ekonomia zirkularra du inspirazio-iturri, eta hau du xede: hondakinak berriz ere baliabide bilakatzea, hornitzaileekin elkarlanean jardunez.

Mercadonak 140 jantoki soziali eta 60 elikagai-bankuri ere laguntzen die, bai eta Espainia osoko ongintzazko beste zenbait erakunderi ere, elikagaiak emanez.

2009az geroztik, Jasangarritasunerako Banaketaren Europako Foroko (REAP) partaide da Mercadona. Hainbatean behin, erakunde horretako kide guztien jardueraren jasangarritasunaren kanpo-ikuskapenak egin ohi dira. Europako Batzordea ere erakundeko lehendakaritzaren kide da. Bestalde, Mercadonak 2011. urtean bere atxikimendua adierazi zion Nazio Batuen Mundu Hitzarmenari, zeinak jasotzen baititu giza eskubideen, lan-arauen eta ingurumenaren aldeko eta iruzurraren aurkako borrokaren oinarrizko balioak.