Hitzarmen kolektibo berria sinatu dute Mercadonak eta sindikatuek

Hitzarmen kolektibo berri berdinzaleagoa eta sozialagoa sinatu dute Mercadonak eta sindikatuek

2018ko abenduaren 11
  • Mercadonak hilean 1.300 euroko soldata gordina bermatzen du; konpainiaren ordainketa-politikak jasotzen dituen osagarriak gehitu behar zaizkio soldata horri, hau da, % 11rainoko igoerak 5. mailaraino.
  • 2019ko urtarrilaren 1ean sartuko dira indarrean Enpresako Hitzarmen Kolektiboa eta Berdintasun Plana, eta bost urte iraungo dute, 2023ra arte.
  • Erosteko ahalmena hobetzea bermatzen du, hau da, KPIaren arabera progresiboki igotzea oinarrizko soldata, eta hobetu egiten ditu gauez lan egiteagatik eta hotzagatik langileek jasotzen dituzten plusak.
  • Halaber, sendotu egiten du lana eta familia uztartzeko aukera; horretarako, Behatoki Parekide bat sortu da, alor horretan proposamen berriak egiteko, malgutasun eta eraginkortasun handiagoak emango dizkiona konpainiari.

Mercadonak Enpresako Hitzarmen Kolektibo berria eta Berdintasun Plana izenpetu ditu Unión General de Trabajadores (UGT) eta Comisiones Obreras (CCOO) sindikatuekin. 2019ko urtarrilaren 1ean sartuko dira biak indarrean, eta bost urte iraungo dute.

Berdintasuna eta langileen eskubideak are gehiago bermatzen ditu lan-hitzarmen berriak, eta sendotu egiten du Mercadonak enplegu egonkor eta kalitatekoarekin duen konpromisoa; halaber, indartu egiten du langileen erosahalmena hobetzeko enpresaren erabakia: 1.300 euroko soldata gordina, hileko, gehi konpainiaren ordainketa-politikaren araberako osagarriak (urtean % 11ko igoera, 5. mailaraino); oinarrizko soldataren igoera progresiboa, KPIaren araberakoa, eta hobekuntzak gauez lan egiteagatik eta hotzagatik ordaintzen diren plusetan.

Gure konpromiso soziala: kontziliazioa eta laneko egonkortasuna, are hobeak

Gizarte-gaiei dagokienez aitzindari eta abangoardian jarduteko Mercadonaren xedeari jarraikiz, enpresako hitzarmen kolektibo berriak zenbait neurri sozial esanguratsu jasotzen ditu, eta indartu Mercadonak lana eta familia uztartzeko lehendik zituen konpromisoak. Neurri berrien artean daude hauek: zazpi astera luzatzen da aitatasun-baimena (legeak bost astekoa agintzen du), eta soldataren % 100 jasoko dute aldi baterako ezgaitasunagatik bajan dauden langileek (18 hilabetez, gehienez ere). Halaber, luzatu egin da seme-alabak zaintzeko eszedentzia, umeek 12 urte bete arte. Bestalde, beren zaintzapean 12 urtez beheko adingaberen bat duten eta lanaldi murriztua daukaten langileek eskubidea dute kontratua lanaldi partzialekora aldatzea eskatzeko adingabeak 15 urte betetzen dituen arte eta, ondoren, lanaldi osora itzultzeko, hala nahi izanez gero. Halaber, aukera ematen du hitzarmenak hiru urtera arteko eszedentzia eskatzeko, lanpostua erreserbaturik dela, genero-indarkeriarik jasanez gero, bai eta egoera horietarako berariazko beste zenbait eskubidez baliatzeko ere.

Gainera, hitzarmen berriak dio gehienez ere astean bi egunez egin daitezkeela 10 lanordu eguneko; "lanordu-poltsaren" truke egun osoak ordaindu behar direla agintzen du, 12 ordu edo gehiago pilatu badira; fitxatzeko sistema bat aplikatuko dela iragartzen du, eta agintzen du ez zatitzeko denbora-tarte totaletan bost ordutik beherako lanaldiak. Logistika-alorreko langileei, berriz, urtean gutxienez zazpi asteburu ematen dizkie jai, eta lanaldiaren urteko egutegiak ezartzen dizkie.

Berdintasun Plana: "Erantzukizun bera, soldata bera"

Sindikatuetako ordezkariekin Mercadonak sinatu duen Berdintasun Planak sendotu egiten du aukera-berdintasunaren aldeko konpainiaren jokabidea, eta indartu aurreko Planeko zenbait lorpen; adibidez, 2017an emakumeen esku egotea barne-sustapen bidezko zuzendaritzako postuen % 47, edo berdintasuna ezinbesteko balioa izatea Konpainiaren ereduan, zeinak 1997tik aplikatzen baitu, zeharka, "erantzukizun bera, soldata bera" printzipioa. 

1993an ekin zion Mercadonak bere Erabateko Kalitatearen Ereduari eta, harrezkeroztik, konpainiak etengabe sustatu du emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lanerako aukeran, trebakuntzan eta kategoria-igoeretan, baita familia eta lana uztartzeko alorrean ere. Aurreko Plana indarrean izan den bitartean horrela jokatu duela konpainiak egiaztatu du Berdintasun Batzordeak, horretarako berariaz sortuak.

Behatoki parekidea, malgutasuna eta eraginkortasuna areagotzeko

Behatoki parekide bat sortzea ere adostu dute sindikatuek eta Mercadonak. Hitzarmena sinatu duten alde guztiek osatzen dute Behatokia, zeinaren helburua hau baita: malgutasun eta eraginkortasun handiagoa ematea konpainiari lanaldiei eta haien banaketari dagozkien hobekuntzak ezartzeko. Mercadonaren proiektu berrien gaineko informazioa etengabe jasoko duenez Behatokiak, aldez aurretik bidal diezazkioke konpainiari sailkapen profesionalari, lanaldiari eta haren banaketari buruzko gomendioak.

FeSMC-UGTko Estatuko merkataritza Sindikatuko arduraduna den Ana Micó Maestrek adierazi duenez, hitzarmen honen sinadurari esker "lortu egin dira Mercadonako langileen eta, noski, Unión General de Trabajadores sindikatuaren aldarrikapen historikoetako asko: soldata igoera erreal eta eraginkorrak, langile guztientzat, KPIaren arabera eta konpentsaziorik eta xurgapenik gabe; hobekuntzak lana, familia eta norberaren bizitza uztartzeko politiketan, ordainpeko eta ordaindu gabeko baimenetan, logistikan... Hitzarmen hau negoziatzen ari ginela, mahai gainean izan ditugu gai horiek guztiak. Positibo deritzegu hitzarmen kolektibo berriak jasotzen dituen beste zenbait alderdiri ere, aukera emango baitute lanaldiari eta haren banaketari dagozkion beste hobekuntza batzuk progresiboki ezartzeko. Hobekuntza horiek direla medio, hobeto banatu dezakete langileek beren denbora, lanekoa eta atsedenekoa, denon artean sortu dugun eta gu ere partaide aktibo gaituen Behatokiaren bitartez. Zenbait aldarrikapen eta eskakizun esanguratsu aztertuko ditu Behatokiak; besteak beste, lanaldiaren banaketa. Negoziazio-prozesuan FeSMC-UGTren ordezkari izan diren lankideek erantzukizunez eta koherentziaz jardun dute, eta onartu egin dute hitzarmen berria, jakinik, betiere, beren osotasunean hartu eta baloratu behar direla hitzarmenak. Ziur gara, bestalde, hitzarmena betearaziko dutela, Mercadonan lan egiten dutenek geroz eta lan- eta gizarte-kondizio hobeak izan ditzaten".

CCOOko Zerbitzuen Federazioko idazkari nagusi José María Martínezek, berriz, balorazio hau egin du hitzarmenaz: "Tresna bat da merkataritzaren sektorean eta, jakina, Mercadonan ere nabaritzen ari diren erronkei ekiteko. Izan ere, hitzarmenak aukera emango die sindikatuei ezarri nahi diren proiektu berrietan esku hartzeko eta lan-kondizioetan zer eragin izango duten aztertzeko. Hitzarmen kolektibo honen estaldura dela-eta, bermatuta dago lanaldiaren eta sailkapen profesionalaren azterketa kontrolatua egitea; azpimarratzekoa da, bestalde, zenbait gizarte-alderdiren eta soldataren hobekuntza. Soldata-igoerari dagokionez, hitzarmen honetako lorpen esanguratsuenetako bat dugu, igoera errealak bermatzen baitzaizkie Mercadonako langile guztiei".

Mercadonako Harreman Sindikaletarako Dibisioko zuzendari Jesús Yelok, bestalde, hau zioen: "Ziur gaude ikuspegi sozialetik begiratuta arduratsua den lan-eredu baten oinarriak jartzen jarraituko dugula bost urteko hitzarmen honi esker. Langileak dira konpainiaren arrakastaren eta hazkundearen eragileak. Berdintasuna eta eskubide sozialak areagotuta, Mercadonako langileen gogobetetasun-maila eta konpromisoa % 100ekoak izango dira; hori dela eta, hazkunde jasangarria bermatzeko eta konpainia osatzen duten bost alderdiekin partekatzeko moduan izango gara: nagusiarekin (bezeroa), langileekin, hornitzaileekin, gizartearekin eta kapitalarekin".

Hitzarmen kolektibo berria sinatu dute Mercadonak eta sindikatuek

Goiburu-irudia: Miguel Ángel Cilleros, UGTren Zerbitzu, Mugikortasun eta Kontsumo Federazioko idazkari nagusia; José María Martínez, CCOOren Zerbitzu Federazioko idazkari nagusia; Daniel Blasco, Mercadonako Giza Baliabideen zuzendari nagusia, eta Héctor Hernández, Mercadonako Arlo Juridikoko, Antolakuntzako eta Marina de Empresas proiektuko zuzendari nagusia; eta sindikatu eta enpresako gainerako ordezkariak El Jarro Koberrikuntza Zentroan, Paternan (Valentzia).