Mercadonaren saski-gurdi berrien kokalekua adierazten duen horma-irudia.

Alacant – Mercadonak supermerkatu bat berrirekitzen du Ibin, Denda Eraginkor Eredu berriaren arabera

2017ko uztailaren 25a
  • Ibiko (Alacant) denda honek berriro zabaltzen ditu bere ateak, 1,4 milioi euroko inbertsioa jaso duen erabateko eraberritzearen ondoren. 25 hornitzailek hartu dute parte lanetan, eta 140 pertsona kontratatu dituzte horiek iraun bitartean.
  • Supermerkatu berri hau teknologikoki guztiz konektaturik dago, eta bezeroen erabateko erosketa esperientzia hobetzeko diseinua eta osoki eraberritutako atalak aurkezten ditu. Denda tradizionalekin alderatuz, %40rainoko energia-aurrezpena lortuko da bertan.

Mercadonak supermerkatu bat berrirekiko du gaur Ibin (Alicante), Centenari del Joguet plaza eta Santa Rita kalearen arteko gurutzagunean, hain zuzen ere, konpainiaren Denda Eraginkor Eredu berrira egokitzeko egin zaion osoko eraberritzearen ondoren. 1,4 milioi euroko inbertsioa jaso dute lanek, eta 140 lagun kontratatu dituzten 25 hornitzaileren parte hartzea izan dute eraberritze fasean. Banaketa, apainketa eta atal guztien kokapena hobetzen duen diseinu berri bat aurkezten du supermerkatu berriak, betiere “Nagusien” -konpainiak bere baitan hala izendatzen ditu bezeroak- erosketa esperientzia hobetu eta optimizatzeko helburuarekin. 

Mercadonak Ibin duen denda eraginkor berri honek 1.440 metro karratuko azalerako salmenta sala du eta aurreko denda ereduarekiko guztiz eraberritutako diseinuaz eginda dago, kolore eta material berriak erabiliz supermerkatuari sarbidea ematen dion kanpoko fatxadan zein atal ezberdinen kokapenean. Argiztapen naturala errazten duten espazio zabal eta gardenen aldeko apustua gauzatzen du, halaber, bai eta kolore beroen aldekoa ere, dendako giroak bata bestearengandik bereizte aldera.

Berritasunak atal guztietan

Gainera, atalez-atal ere badakartza berritasunak, “Nagusien” (bezeroen), langileen, hornitzaileen, eta gizartearen beraren mesederako. Badu, esate baterako, haize-lasterrak saihesteko kristal bikoitzeko sarrera berria, esne fresko eta zuku hoztuarentzako lerro berri espezifikoak, laranja-zukua unean bertan ateratzeko makina, bukaera-puntu berri bat okelarentzako, kosmetika espezializatuarentzako gondola zentral bat lurrindegian, eta oskoldun produktuentzako erakusmahai berri bat arrandegian, beste berrikuntza batzuen artean.

Horrez gain, Mercadonaren Denda Eraginkor Eredu berri honek zerbitzurik onena eskaini nahi die bezeroei beren erosketa-ekintza errazteko orduan ere, fruta eta barazkien korridoreak zabalago eginez, erosketa-saski modelo berri batez, eta askoz ergonomiko eta arinagoak diren bi orga eredu uztartuz.

Era berean, langileen eguneroko lanak errazteko neurri ugari txertatzen ditu supermerkatu berriak, ergonomia hobetu eta gainesfortzuak saihestu nahian. Kutxa-altzari berria diseinatzeko, adibidez, Valentziako Biomekanika Institutuaren laguntza izan du Mercadonak. Supermerkatuak baditu, bestalde, langileek beren aisialdiko momentuez erosotasun handiagoz goza dezaten atondutako gune komunak, jateko gune hornituago bat, eta armairu pertsonal zabalago eta erosoagoak.

Energia-aurrezpena eta guztiz informatizatutako kudeaketa: denda ekoeraginkorra

Ingurumenari begira hartu diren neurriek %40rainoko energia-aurrezpena lor dezakete denda tradizionalen ereduarekin alderatuz gero. Alde batetik, isolamendu termiko eta akustikoari esker lortu da: eraikuntza osagaiak zein horma eta sabaien zabalera optimizatuz, eta energetikoki eraginkorragoak eta ingurumenarekin adeitsuagoak diren izozte-kutxatzarrak erabiliz. Bestetik, LED argiztapen sistema automatizatua du dendak, guneen eta eguneko orduen arabera erregulatzen dena, kudeaketa energetiko askoz eraginkorragoa lortuz.    

Teknologikoki guztiz konektaturik dagoen Mercadonaren Denda Eredu Berri honek, halaber, zenbait gailu elektroniko eta langileen elkarlanerako tresna txertatzen ditu, informazioa dendako edozein aldetik parteka dadin ahalbidetzeko, supermerkatu bakoitzeko autogestioa erraztuz eta kate guztiko prozesuak azkartuz. Gailu berrien artean ditugu, besteak beste, kutxa lerroa, balantzak, edo papera ordezkatuz administrazio-kudeaketa errazten duten tableta elektronikoen erabilera. Honek guztiak prozesuak optimizatzea eta dendaren kudeaketa denbora errealean ezagutzea ahalbidetzen du, erabakiak hartzea erraztuz eta bizitasun handiagoa lortzen lagunduz, bereziki produktu freskoen kudeaketan.

Supermerkatua irekitzeko ordutegia honako hau da: astelehenetik larunbatera, 09:00etatik 21:30etara. 57 tokidun aparkalekua du, ibilgailu pribatuan lekualdatzen diren bezeroen erosketa errazteko. Halaber, etxerako zerbitzua eta online erosketa gaitu ditu Mercadonak.

Irekitze berri honi esker, Mercadonaren bezeroek konpainiak bakarrik erabiltzen duen B.P.B. (Beti Prezio Baxuak) merkataritza-politika ezagunaren onurak jasoko dituzte. Produktuen ale bakoitzeko gutxieneko prezioa bermatzean datza, kalitate gorena mantenduz eta era jarraituan. Honen bitartez, eskaintza eraginkorra eskaini diezaieke konpainiak bezeroei, kalitate handienaz eta ahalik eta prezio baxuenean, edozein delarik ere produktuaren ekoizlea.

Denda Eraginkor Eredu Berri honen arabera 126 denda eraberritzea aurreikusten du Mercadonak 2017ko ekitaldian, 180 euro inbertituz Espainia osoan barrena; horrez gain, 5 milioi euro inbertituko ditu hobekuntza informatikoen I+G+Ban.

Mercadona Alacanteko probintzian

Mercadonak 101 supermerkatu ditu Alacanteko probintzian presente dagoen 42 udalerrietan, eta enplegu egonkorra ematen die bertako 4.680 langileri. Nabarmentzekoa da, bestalde, iazko urtean zehar bere erantzukizun soziala indartu egin duela probintzia horretan, zenbait ekimenen bitartez. 20.300 kilo elikagai eman zizkion dohaintzan, esate baterako, Alacanteko Elikagaien Bankua Fundazioari, eta hainbat “Kilo Operazio”-tan lanean aritu da ere, Gurutze Gorria, Caritas eta beste zenbait ongintzako erakunderekin batera. Elikagaien Bankuaren “El Gran Recapte” izeneko kanpainaren moduko ekimenetan parte hartu du, gainera, probintziako udalerri gehientsuenetan dituen supermerkatuen bidez. Joan den 2016ko ekainetik aurrera, bukatzeko, Alacanteko La Prosperidad de San Gabriel Auzo Elkarteko Jantoki Sozialarekin egiten du lan Mercadonak, salmentatik baztertzen dituen baina kontsumitzeko egoera onean dauden produktuak egunero emanez.