Mercadonaren Arteixoko dendaren kanpoaldea (Coruña)

Coruña - Mercadonak denda eraginkorraren eredu berria ireki du Arteixon

2021ko abenduaren 10a
  • Denda eraginkor berriak Jateko Prest atala du, eta gainerako atal guztietan ditu nobedadeak eta hobekuntzak, ingurumenari, teknologiari eta zerbitzuari dagokienez, bezeroek are hobeto eta gusturago egin dezaten erosketa.
  • Supermerkatu berrian, kalitatezko lanpostu egonkorra duten 45 lagun ari dira lanean, 10 milioi euroko inbertsioa egin da, 50 hornitzailek hartu dute parte haren eraikitze-lanetan, eta 45 lagun baino gehiago aritu dira lanean egunero obra-fasean.
  • 2020an, Mercadonak 28,4 milioi euro inbertitu zituen Galizian, erkidegoaren ekonomia suspertzen laguntzeko, eta kalitatezko 131 lanpostu egonkor sortu zituen.

Mercadonak beste supermerkatu eraginkor bat inauguratu du Arteixon (Coruña), Diputación etorbidean. Denda Eraginkorraren Eredu Berriari jarraituz, zerbitzuaren bikaintasuna sendotzeaz eta bezeroen erosketa-esperientzia optimizatzeaz gain, supermerkatu berriak berrikuntza ugari dakartza, guztiontzat onuragarriak, bai “Nagusi”entzat (bezeroentzat), bai langileentzat, hornitzaileentzat eta Gizartearentzat.

Izan ere, atal guztietan ditu nobedadeak saltoki berriak. Besteak beste, badu urdaitegi berri bat, urdaiazpikoa ebakitzeko eta janaria hutsean ontziratzeko aukera ematen duena; erakustoki zentral bat lurrindegian, kosmetika espezializaturako; laranja zukutu berria eskaintzeko zerbitzu berri bat; sushi espezialitateak; labeko atal berri bat, ogia xerratan mozteko makina bat eta pastel hoztuak ere badituena; eta erakustoki berri bat arrandegian, produktu oskoldunetarako. Halaber, Jateko Prest atal berria jarri da saltokian, eta plater-aukera zabala eskaintzen da bertan. Plater horiek guztiak material naturalekin egindako ontzietan datoz (azukre-kanaberazkoak —konpostagarriak—, kartoizkoak nahiz paperezkoak).

Gainera, beste zenbait hobekuntzaren artean, Arteixoko supermerkatu berriak sarrera berria du, beira bikoitzekoa, haize-lasterrak saihesteko; korridore zabalagoak, erosketako orga-modelo berri bat, eta saski-estiloko beste bat, askoz arinagoa eta ergonomikoagoa.

Denda eraginkorren belaunaldi berriko supermerkatu-mota honek 1.661,90 metro karratuko salmenta-aretoa du, eta diseinu erabat berritua aurreko denda-ereduarekin alderatuta: kolore eta material berriak ditu, bai supermerkatura sartzeko kanpoko fatxadan, bai atalen banaketan. Halaber, espazio irekien alde egiten du, argi naturala errazago sar dadin, eta kolore beroak erabiltzen ditu eremuak bereizteko.

Mercadonaren denda eraginkor berri hori eraikitzeko obra-fasean 50 hornitzaile eta 45 langile baino gehiago jardun dira egunero.

Teknologia eta ergonomia Mercadonako langileentzat

Horrez gainera, langileen eguneroko lanak errazteko, supermerkatu berri honek askotariko neurriak ditu ergonomia hobetzeko eta neurriz gaineko ahaleginik ez egiteko. Esate baterako, Mercadonako kutxetako altzari berria Valentziako Biomekanika Institutuarekin batera garatu da. Eremu komunak ere baditu dendak, langileak eroso ibil daitezen atsedenaldietan. Jangela ekipamendu egokiz hornituta dago, eta aldageletako armairu pertsonalak zabalagoak eta erosoagoak dira.

Halaber, Mercadonaren denda eraginkor berri hau erabat konektatuta dago teknologikoki, eta gailu elektroniko eta lankidetza-tresna berri batzuk ditu langileentzat, informazioa dendako edozein ataletatik partekatzeko; horri esker, supermerkatu bakoitza errazago autokudeatzen da, eta kate osoko prozesuak arintzen dira. Gailu berrien artean daude, besteak beste, kutxa-lerroa, balantzak eta, izapide administratiboak egiteko, tableta elektronikoak, paperaren ordez. Horrek guztiak aukera ematen du prozesuak optimizatzeko eta dendaren kudeaketaren berri denbora errealean izateko. Hala, errazago hartzen dira erabakiak, eta kudeaketa azkartzen da —bereziki, produktu freskoena—.

Energia aurreztea: denda ekoeraginkorra

Ingurumenaren arloan, hartu diren neurriei esker, % 40raino murriztu daiteke energia-kontsumoa ohiko denda-ereduarekin alderatuta: isolamendu termiko eta akustikoa hobetu da, materialak optimizatu dira, hormak eta sabaiak zabaldu, eta izozkailu horizontal berriak ezarri —eraginkorragoak dira energiari dagokionez, eta ingurumena gehiago zaintzen dute—. Horrez gain, LED argiztapen-sistema automatizatu bat du, eremuen arabera eta eguneko uneen arabera erregulatzen dena, energia askoz modu eraginkorragoan kudeatzeko.

Supermerkatua astelehenetik larunbatera egongo da irekita, 9:00etatik 21:30era. Gainera, 140 ibilgailurentzako aparkalekua du, erosketak egitera ibilgailu pribatuan joaten diren bezeroei laguntzeko, eta aparkalekuetako 4 ibilgailu elektrikoentzat dira. Horrez gainera, erosketa etxera eramateko zerbitzua ematen du Mercadonak, bai eta erosketa online egiteko aukera ere, webgune honetan: www.mercadona.es.

Saltoki berri honetan ere, bezeroek Mercadonaren SPB (Beti Prezio Baxuak) politika ezagunaren onurak eskuratuko dituzte; alegia, produktuen unitate-prezio baxuena bermatuko zaio bezeroari, eta kalitate onenarekin beti. Hala, Produktu Aukera Eraginkorra eskain diezaieke Mercadonak bere bezeroei, edozein dela ere produktuaren fabrikatzailea, kalitaterik onenarekin eta ahalik eta preziorik txikienean.

Mercadona Galizian

Mercadonak 59 denda ditu Galizian, eta 2.474 langile, denak kalitatezko enplegu egonkorrarekin. 2020an, 1.458 milioi euroren erosketak egin zizkien Galiziako hornitzaileei, eta 28,4 milioi euro inbertitu zituen erkidegoko dendetan.

Bere Ekintza Plan Sozialaren barruan, talde behartsuenei laguntzen dieten gizarte-entitateei laguntzeko lan handia egiten du Mercadonak. COVID-19aren eraginez herrialdeak bizi duen egoera berezian, konpainiak bere eredu arduratsua indartu du, eta % 70 handitu ditu dohaintzak komunitatean. Hala, azken urtean, 1.216 tona premiazko produktu eman zizkien Galiziako jantoki sozialei eta beste erakunde batzuei, hala nola elikagai-bankuei, Gurutze Gorriari eta Caritasi.