Juan Roig eta Mercadonako Zuzendaritza Batzordeko kideak Jarroko Koberrikuntza Zentroan

2020an Mercadonak 5.000 lanpostu sortu ditu, eta 26.932 milioi fakturatu; hots, % 5,5 gehiago

2021ko apirilaren 20a

2020a oso urte gogorra eta zaila izan da, baina Mercadonak bere historiako kudeaketa-lan onena egin du, Mercadona Proiektua osatzen duten 95.000 pertsonei esker, beren ahaleginarekin eta hobetzeko gaitasunarekin agerian utzi baitute ezohiko uneetan azaltzen direla pertsona apartak.

  • Mercadonak 5.000 lanpostu sortu zituen iaz (batez beste 16 egunean), eta, urte-amaieran, kontratu finkoko 95.000 langile zituen.
  • Konpainiak, zeina baliabide propioekin finantzatzen baita, 1.500 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu egun bizi duen eraldaketa izugarria bizkortzeko eta digitalagoa, produktiboagoa eta jasangarriagoa den enpresa-eredu bat sustatzeko.
  • Langileen artean 409 milioi euro banatu ditu sari gisa (hau da, irabazi garbiaren % 25 baino gehiago), eta gizarteari 364 milioi eman dizkio zerga moduan (2019an baino % 29 gehiago). Zenbateko horiek kenduta, konpainiak 727 milioi euroko irabazi garbia lortu du (% 17 gehiago).
  • 2020an, Juan Roigek eta Hortensia Herrerok dibidenduen 70 milioi euro bideratu dituzte Valentziako Erkidegoko eta Espainiako ekonomia suspertzera, eta 2021ean ekarpen hori % 45 handiagoa izatea aurreikusi dute (hots, 100 milioikoa), “ezagutzak eta diruak partekatuta bakarrik ekartzen baitute zoriona”.

2020an, Mercadona supermerkatu fisikoen eta onlineko salmentako enpresak % 5,5 handitu ditu saltoki-azalera konstanteko salmenta kontsolidatuak. Hala, 26.932 milioi eurokoak izatera iritsi dira, eta haietatik 186 milioi Portugalen dituen 20 dendetako salmentei dagozkie. Horrez gain, konpainiak 727 milioi euroko irabazi garbia lortu du (% 17 handiagoa), langileen artean helburuak erdiesteagatiko sari gisa 409 milioi euro banatu ondoren eta gizarteari zerga gisa 364 milioi euro eman ondoren (% 29 gehiago). Emaitza horiek garbi erakusten dute Mercadona ausardiaz ari dela gauzatzen digitalagoa, produktiboagoa eta jasangarriagoa den enpresa-eredu bat sustatzeko asmoz bizi duen eraldaketa izugarria.

Horretarako, aldaketa erabakigarri hori bizkortze aldera, Mercadonak 1.500 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu 2020an, baliabide propioak erabilita, 2018-2023 aldirako plan estrategikoaren harira.

Inbertsio horren emaitza gisa, Mercadonak 1.641 supermerkatu dituela eman dio amaiera urteari: 70 supermerkatu ireki ditu (haietatik 10 Portugalen), eta 65 denda itxi, ez zetozelako bat eraginkorragoa eta jasangarriagoa den eredu berri horrekin. Halaber, supermerkatuen sarea berritzen jarraitu du, eta Denda Eraginkorraren Eredu Berrira (8ko Denda) egokitutako 1.000 supermerkatu dituela bukatu du urtea 152 denda berritu ondoren. Konpainiak "Jateko Prest" (Portugalen, "Pronto a Comer") atal berria ezartzen jarraitu du, eta, horri esker, atal hori duten 650 denda ditu urte-bukaeran (haietatik 20 Portugalen daude).

5.000 lanpostu sortu dira: batez beste 16 egunean

Egindako inbertsio-ahaleginari esker, aberastasuna eta jarduera ez ezik, 5.000 lanpostu egonkor eta kalitatezko ere sortu ditu (4.200 Espainian eta 800 Portugalen), urte-amaieran 95.000 langile izateraino (93.300 Espainian eta 1.700 Portugalen).

Lanaren kalitatearekin eta kontziliazioarekin erlazionatutako ekimen aitzindariak ekintzekin sustatzeko asmoz, Mercadonak supermerkatuetako langileentzat bost eguneko lanaldi berri bat ezartzen jarraitu du. Neurri horri 5+2 Lan-astea deritzo enpresan, eta, hari esker, dendetako langileek astean bi egun osotan atseden har dezakete, eta urtean zortzi asteburu luze izan (larunbata, igandea eta astelehena). Horren haritik, konpainiak beste urrats bat egin du kontziliazioaren arloan: dendetako langile guztiek urteko egutegi bat dute, eta, bertan, haien egun libre guztiak agertzen dira. Tresna berritzailea da banaketaren sektorean.

COVID-19aren kudeaketa: ezohiko uneetan azaltzen dira pertsona apartak

2020ko martxoaren 14an hasitako alarma-egoeraren ondorioz sortu zen egoerari aurre egiteko, 36 orduan bere supermerkatu guztiak (1.600 baino gehiago) egokitu zituen Mercadonak, baita gainerako instalazio logistikoak ere, hala nola Erlauntzak (onlineko salmentarako biltegi esklusiboak) eta bulegoak, bi helburu nagusirekin: "Nagusi"en (alegia, bezeroen) eta 95.000 langileen osasuna eta segurtasuna babestea, eta hornidura bermatzea, banaketaren sektorea funtsezko zerbitzutzat jo zelako.

Konpainiak 100 ekimen baino gehiago ezarri ditu, eta 200 milioi euro erabili konpromiso hori gauzatzeko. Osasuna eta segurtasuna bermatzeko, higiene- eta prebentzio-elementuak eskaini ditu (esaterako, gel desinfektatzailea, papera eta eskularruak), eta desinfekzio- eta garbiketa-lanak areagotu. Horrez gain, langileei maskarak eta babes-betaurrekoak eman dizkie, eta kutxetan metakrilatozko manparak instalatu. Halaber, zenbait zerbitzu etetea erabaki zuen (esaterako, teleerosketa, dendetan prestatutako eta zerbitzatutakoen onlineko eskaerak, Jateko Prest atala, urdaiazpiko ebakia eta laranja-ur zukutu berria), eta negozio batzuk berriro diseinatu zituen (adibidez, Labea). Abuztutik urrira bitartean, zerbitzu horiek pixkanaka martxan jarri dira berriro, "Nagusi"en eta langileen osasun- eta segurtasun-baldintzek horretarako aukera eman bezain laster.

Era berean, osasun-aldetik langileak seguru senti daitezen, Giza Baliabideetako eta Informatikako sailek 3C (COVID Call Center) izeneko telefono-zerbitzu gehigarri bat sortu dute, 24 orduetan Mercadonako langileei gaixotasunari buruzko informazioa emateko.

Langileen laguntzari esker, konpainiak sortu diren egoera guztiei egin ahal izan die aurre pandemiaren hasieratik. Hori dela eta, 2020ko apirilean, eta "Nagusia" pozik uzteko 95.000 langileak egiten ari ziren aparteko ahalegina eskertzeko, 43 milioi euroko aparteko saria banatu zitzaien.

Horrez gain, hornitzaileei likidezia handiagoa emateko, confirming lerroak handitu ziren hainbat banku-erakunderekin, 2.100 milioi eurora arte. Horrela, lehenago ordaindu ahal izan zaie hornitzaileei, eta finantzaketa lortu ahal izan da, eta, horri esker, guztira 600.000 pertsonaz baino gehiagoz osatutako langile talde baten hornidura eta egonkortasuna bermatu ahal izan dira. Alderdi horrek, Hornitzaileak, etengabeko ahalegina egin du lanean jarraitzeko eta ekonomiaren gurpila ez gelditzeko.

COVID-19a izaten ari den eragin sozialaz eta ondorio sozial eta ekonomikoez jabetuta, 2020an konpainiak bere konpromiso solidarioa sendotu du, behar handiena duten pertsonen eskaerei bizkor eta erabakitasunez erantzuteko. Horren harira, Mercadonak inoiz baino elikagai gehiago eman ditu dohaintzan, bizi dugun unea ere ezohikoa baita: 17.000 tona produktu eman dizkie hamabi hilabeteotan jantoki sozialei, elikagai-bankuei eta ongintzako beste erakunde batzuei; tona haietatik, 15.800 Espainian banatu dira, eta 1.200 Portugalen. 2019an emandakoak bi halako eman dira 2020an, eta 290 jantoki sozialen, 60 elikagai-banku baino gehiagoren eta beste gizarte-erakunde eta ongintzako erakunde batzuen artean banatu dira. Horrez gain, konpainiak beste era batzuetara ere lagundu du; esaterako, martxoan eta apirilean elikagaiak eraman zituen Madrilgo Erkidegoak Ifeman jarritako kanpaina-ospitalera.

Mercadonaren presidente Juan Roigen ustez, "2020a oso urte gogorra, arraroa eta zaila izan da, baina guk geure ideia berretsi ahal izan dugu; alegia, proiektua osatzen dugunak gara konpainia eraldatzeko benetako indarra. Nahiz eta une askotan ziurgabetasuna nagusitu, guztiak izan gara gai gure beldurrei aurre egiteko, erabaki ausartak hartzeko eta taldean lan egiteko, konpainiaren 1.600tik gorako supermerkatu guztien ateak egunero ireki ahal izateko. Ezohiko uneetan azaltzen dira pertsona apartak; gure 95.000 langileen, eta 3.000 hornitzaileen eta haien langileen ahalegin pertsonala eta hobetzeko gaitasuna erreferentzia eta eredua dira gizartearentzat".

Mercadonaren historiako kudeaketa-lan onena. Eraldaketa digitala eta jasangarritasuna

Eraldaketa digitalean tinkotasunez aurrera egiteko, Mercadonak 2018az geroztik eskaintzen duen onlineko erosketa-zerbitzua garatzen jarraitu du 2020an. Horren harira, 2020ko apirilean, itxialdi betean, Erlauntza berria zabaldu zuen Madrilen. Onlineko banaketa-zentro berri horretan, 12 milioi euro inbertitu behar izan dira, eta konpainiak Bartzelonan eta Valentzian dituen Erlauntzei gehitu zaie. Mercadona Online osatzen duten 1.400dik gora pertsonak etengabe egin behar izan dute egokitzeko ahalegina, konektatuta jarraitzeko eta "Nagusi"ak online dauzkan beharrei aurrea hartzeko. Horren ondorioz, konpainiak 176 milioiko diru-sarrerak lortu ditu bide honetatik.

Gainera, konpainiak produktibitatea eta informazioaren segurtasuna indartzen jarraitu du, eta teknologia aurreratuak sartu ditu bere sistema informatikoan. Horretarako, 18 milioi euro inbertitu ditu finantza-prozesuak (esaterako, dendako salmentak, hornitzaileentzako ordainketak eta diruzaintzaren kudeaketa) SAP S/4HANA eta SAP Fiori sistemetara migratzen bukatzeko, aplikazioak homogeneizatuz eta informazio ugari hodeitik eskuragarriago jarriz prozesuok optimizatze aldera. Halaber, Villadangos del Páramoko (León) Datuak Prozesatzeko Zentrora aldatu ditu programa informatikoak.

Konpainia jabetzen da planeta gehiago zaindu behar dela eta bide horretatik jarraitu behar dela. Horregatik, pandemiak ez du geldiarazi, energia berriztagarrien alde egiten eta estrategia jasangarri baten bidez inbertitzen jarraitu baitu. Urtean zehar, eguzki-plakak jarri ditu 8 zentrotan, eta logistika berdea garatu du, emisioak murrizten jarraitzeko; halaber, AECOCen Lean & Green ekimenari atxiki zaio, zeinak 2023an emisioen % 30eko beherakada metatua lortzea baitu helburu. Bestalde, Mercadona berdeagoa izateko konpromisoa ere bizkortu du, eta 6.25 Estrategia jarri du martxan 70 dendatan baino gehiagotan. Estrategia horrek sei ekintza ditu, eta hiru helburu dituzte: 2025erako, plastikoa % 25 murriztea, ontzi guztiak birziklagarriak izatea, eta plastiko-hondakin guztiak birziklatzea. Gaur egun, 600 dendatan baino gehiagotan dago proiektu hori, eta, bezero eta langileei birziklatzearen eta jasangarritasunaren inguruko informazioa eta prestakuntza eskaintzeaz gain, gertatzen denaren berri ere ematen die.

2021ean 1.500 milioi euroko inbertsioa ekonomia sustatzeko

Mercadonak 2018-2023 aldirako eraldaketa-plana bultzatzen jarraituko du eta, horretarako, 1.500 milioi euro inbertitu nahi ditu 2021ean. Nagusiki, 97 supermerkatu berri irekiko ditu (88 Espainian eta 9 Portugalen); 88 supermerkatu berrituko ditu, Denda Eraginkorraren Eredu Berrira (8ko Denda) egokitzeko; eta, beste 200 supermerkatutan, Jateko Prest/Pronto a Comer atal berria ezarriko du. Horrez gain, sare logistikoa optimizatzen jarraituko du, bloke logistikoak berritu eta berriak zabalduko baititu, eta baliabide ugari bideratuko ditu eraldaketa digitalera (konpainiaren beste erronketako bat) eta onlineko eredua indartzera. Horregatik guztiagatik, konpainiak 1.600 lanpostu egonkor eta kalitatezko baino gehiago sortuko ditu 2021ean, Espainia eta Portugal kontuan hartuta.

Mercadonaren presidente Juan Roigek adierazi duenez, “2021a eta 2022a oso urte zailak izango dira, eta, zalantza handiak dauden arren, haiek gainditzen jarraitzeko gogoa handiagoa da. Hori dela eta, hau da gure konpromisoa (eta benetan harro nauka): orain arte bezala, gutako bakoitzak onena ematea, inork halakorik eskatu aurretik, ziur bainago, 95.000 langileok dakigun bezala arraun egiten badugu, nahi duguna lortuko dugula. Izan ere, osatzen dugun talde bikainaren talentuaz eta digitalizazioaren arloan egiten ari garen aurrerapen garrantzitsuez gain, enpresek beharrezko aldaketa guztiak egiteko gai den lidergoa behar dute; bestela, desagertu egingo dira. Aldaketak egiteak esan nahi du behar den guztia egin behar dela kalitate sendoa prezio ezin hobean bermatzeko, eta aurrera egin behar dela pertsonentzat, gizartearentzat eta planetarentzat onuragarriak diren balio eta ekintzen ekosistema bat sustatzeko”.

Juan Roig eta Hortensia Herreroren Legatua Proiektua

Halaber, Juan Roigek zehaztu du bai berak, bai Mercadonaren presidenteordeak, Hortensia Herrerok, ikuskera bera dutela eta Mercadonaren parte izatearen ondoriozko dibidenduen zati bat eta beren ondare pertsonalaren zati handi bat gizartean berrinbertitzen dutela: 70 milioi euro 2020an, % 40 gehiago, Legatua Proiektuko ekimen ugarien bidez (Ekintzailetza, Prestakuntza, Kirola, Entretenimendua, Artea eta Kultura); eta, aurreikuspenen arabera, 100 milioi 2021ean.

Duela hamarkada bat baino gehiago hartu zuten konpromiso hori, uste osoa baitute “ezagutzak eta diruak partekatuta bakarrik ekartzen baitute zoriona". Eta, beren kasuan, hainbat proiektu jasangarri eta solidarioren bidez partekatzen dituzte; esaterako, Marina de Empresas, Trinidad Alfonso Fundazioa, Valencia Basket Club, L’Alqueria del Basket, Licampa 1617 (Valentziako Casal España Arena) eta Hortensia Herrero Fundazioa.

Mercadonaren 2020ko gertakizun garrantzitsuak Juan Roig, Mercadonako presidentea, 2020ko prentsaurrekoa egin ondorenJuan Roig, Mercadonako presidentea, 2020ko prentsaurrekoa egin ondoren.

Juan Roig, Mercadonako presidentea, 2020ko prentsaurrekoa egin ondorenJuan Roig eta Mercadonako Zuzendaritza Batzordeko kideak Paternako (Valentzia) Jarroko Koberrikuntza Zentroan.

Juan Roig eta Mercadonako Zuzendaritza Batzordeko kideak Paternako (Valentzia) Jarroko Koberrikuntza ZentroanJuan Roig eta Mercadonako Zuzendaritza Batzordeko kideak Paternako (Valentzia) Jarroko Koberrikuntza Zentroan.

 

2020. Urteko Memoria

Descargar

 

Goiburuko irudia: Juan Roig eta Mercadonako Zuzendaritza Batzordeko kideak Paternako (Valentzia) Jarroko Koberrikuntza Zentroan.