Ezagutzen dituzu zure maskotaren janariaren nutrizio-osagaiak? Horietako bakoitzak zer ekartzen duen azalduko dizugu.

Txakur eta katuen elikaduraren osagaiak. Zer funtzio betetzen dituzte?

2020ko urriaren 06a

Txakur eta katuentzako gure pentsuen pakete bakoitzak osagai analitikoen taula bat du inprimatuta, eta komeni da produktu horietako edozein erostean taula hori kontuan hartzea.

Zer esan nahi du osagai analitikoen taulak?

Taula horrek pentsuaren osaera analitikoa adierazten du, gizakiontzako elikagaien ontzietan agertzen den informazio nutrizionalaren oso antzera.

Indarrean dagoen legeriaren arabera, txakur eta katuentzat elikagai “osoak” eta “osagarriak” direnean, hauen mailak agertu behar dute:

  • Proteina
  • Gantz-edukia
  • Zuntza guztira
  • Materia ez-organikoa (mineralak)

Bestalde, hezetasun-maila % 14tik gorakoa bada, adierazi egin behar da elikagaietan.

Beraz, taula honek elikagaiaren nutrizio-osagaien kantitatea adierazten du, ehunekotan. Ondoren, horietako bakoitza aztertuko dugu:

Proteina

Texto 1 Imagen Componentes alimentación

Proteina garrantzitsua da gure maskoten bizi-funtzioei eta muskulaturari eusteko, aminoazido esentzialen eta nitrogenoaren iturri baita.

Proteina-portzentaje handiagoa duen elikagai bat hobea da?

Proteina gehiago izateak ez du esan nahi pentsua hobea denik nutrizioaren ikuspegitik, elikagai-mota bakoitza animalia-mota edo egoera fisiologiko jakin baterako diseinatuta baitago. Adibidez, txakurkume batek proteina gehiago beharko du animalia heldu batek edo zahar batek baino, hazten ari delako, eta, beraz, mantenugai horren behar handiagoa duelako.

Proteinaren kalitatea ere oso garrantzitsua da; izan ere, zenbat eta handiagoa izan proteinaren digestio-erraztasuna (hots, zenbat xurgatzen duen organismoak benetan kontsumitu ondoren), orduan eta txikiagoa izango da animaliaren behar guztiak asetzeko beharko dugun kantitatea.

Proteina gehiegi hartzeak eragiten dituen arazoak

Oro har, oreka da gakoa gure maskotek elikadura osasungarria izan dezaten; beraz, elikadura elikagai orekatuetan oinarritzea gomendatzen da. Hortaz, proteina gehiegi duten dietak ez dira gomendagarriak, proteina gehiago hartzeak funtsezko beste mantenugai batzuen gabeziak eragin baititzake.

Gainera, gantzak eta karbohidratoak ez bezala, organismoak ez ditu gehiegizko aminoazidoak metatzen, aurrerago erabiltzeko. Etxe-animalia guztiek dute gehiegizko proteinak metabolizatzeko gaitasuna. Beraz, gure maskotak asimila dezakeena baino proteina gehiago ematen badizkiogu, soberakin hori txizetan botako du, urearen bidez.

Bestalde, patologia jakinen bat duten animalietan, hala nola giltzurrunetako eta gibeleko gaixotasunak, gehiegizko proteinak odolean amoniako gehiegi egotea eragin dezake, eta hori oso arriskutsua izan daiteke haientzat.

Horrez gain, zenbait arrazak —esaterako, dalmatek—, arazo genetiko bat dela-eta, ez dute behar bezala metabolizatzen azido urikoa, eta horrek gernuan urato-kristalak sortzea eragiten du. Animalia horiekin proteina gutxiko dieta bereziak erabiltzea komeni da.

Hala ere, animalia osasuntsuetan, organismoak gehiegizko proteina kanporatzeko gaitasuna du, nagusiki txizaren bidez.

Egia da katuek txakurrek baino proteina gehiago behar dutela?

Hala da. Arrazoia da katuek gaitasun mugatua dutela beren metabolismoa proteina gutxiko elikagaietara moldatzeko.

Katuek proteina ugari behar dute, haien metabolismoak proteina erabiltzen baitu energia-iturri nagusi gisa, gibeleko entzimen jarduera handiari esker. Gainera, katuek ez dute gaitasun handirik nitrogenoa eta aminoazido esentzialak atxiki eta gordetzeko, txizean nitrogeno ugari galtzen baitute.

Katuaren dietak behar baino proteina gutxiago baditu edo kalitate txarrekoak badira, emaitza da gorputz-masa giharra galtzen dela, eta horrek murriztu egin dezake organismoak infekzio-eragileen aurka erantzuteko duen ahalmena, bereziki estres-egoeretan. Era berean, katuek ezin dute taurina aminoazido esentziala sintetizatu, eta dietaren bidez eman behar zaie.

Gantza

Texto 2 Imagen Componentes alimentación

Zer onura eta eragozpen ditu elikagaiaren gantzak? Gantzak energia-iturri gisa jokatzen du, eta, horrez gain, bitamina liposolubleak (hala nola A, D, E eta K) xurgatu, biltegiratu eta garraiatzea errazten du. Halaber, gantz-azido esentzialen iturri ere bada: zelula-mintzen osotasun funtzionala ahalbidetzen du, eta eragina du odolaren koagulazioan, nerbio-sistemaren hazkunde eta garapenean, azalaren eta ilearen osasunean, eta ugalketan eta ugalkortasunean.

Dietak gantz gehiegi izateak energia gehiago hartzea dakar, eta animalian obesitatea eragin dezake, bai eta hari loturiko patologiak ere.

Zuntza

Texto 3 Imagen Componentes alimentación

Zuntzaren onurei dagokienez, karbohidratoen iturri hartzigarri gisa funtzionatzen du, eta lagungarria da hesteen jarduera eta gorozkien kalitate egokiak izateko.

Gainera, odoleko azukre- eta kolesterol-maila kontrolatzen laguntzen du, eta gorputzaren pisuari eusten laguntzen du (zuntza kontsumitzeak gose-sentsazioa gutxitzen baitu, eta, beraz, animaliak gutxiago jaten du). Horrez gain, ezaguna da koloneko mikrobio-populazioan duen eragina, haren hazkundea bultzatzen baitu, eta, hala, hesteetako beste bakterio patogeno batzuk minimizatzen laguntzen du.

Zer osagaitatik lortzen da zuntza?

Elikagaien bidez lortzen den zuntza gehienbat pentsuak osagai dituen laboreetatik, barazkietatik, tuberkuluetatik, zekaleetatik eta frutetatik dator.

Materia ez-organikoa

Texto 4 Imagen Componentes alimentación

“Errauts gordina” ere esaten zaio, eta batez ere elikagaiak mineraletan duen edukia adierazten du. Elementu ez-organiko horiek funtsezkoak dira organismoaren prozesu metabolikoetarako. Honela banatzen dira:

  • Makroelementuak, zeinak organismoan kantitate hautemangarrietan baitaude; besteak beste: kaltzioa, fosforoa, magnesioa, sufrea, sodioa, potasioa eta kloroa.
  • Mikroelementuak edo oligoelementuak, organismoan kantitate oso txikietan daudenak: zinka, manganesoa, selenioa...

Zer funtzio eta onura dituzte? Mineralen funtzio nagusiak 4 multzotan sailka daitezke:

  • Egiturazkoa: animalien hezurdura, giharrak eta hortzak osatzen dituzte.
  • Fisiologikoa: elektrolito gisa, zenbait ehun eta fluidotan.
  • Katalitikoa: katalizatzaile entzimatiko eta hormonal gisa.
  • Erregulatzailea: zelulen erreplikazioan eta organismoaren erregulazioan esku hartzen dute.

Beste gomendio batzuk

Ikasi nola elikatu zure maskota haren bizitza-etaparen arabera.