Ikusi zer onura dituzten elikagai hezeek zure maskotarentzat, eta nola konbina ditzakezun elikagai lehorrekin.

Janari hezea zure maskotaren dietan

2020ko azaroaren 12a

Zure txakurrak edo katuak nahiago du janari hezea lehorra baino? Ba al dakizu nola gehitu behar duzun haren dietan, eta zer gauza garrantzitsu hartu behar dituzun kontuan eman aurretik? Artikulu honetan dena kontatuko dizugu!

Zer dira elikagai hezeak?

Elikagai hezetzat hartzen dira % 60ko edo gehiagoko hezetasuna dutenak.

Elikatu dezaket nire txakurra edo katua elikagai hezeekin bakarrik?

Texto 1 Imagen alimento húmedo

Erantzuna baiezkoa da, baldin eta erabiliko duzun elikagai hezea elikagai osoa bada. Izan ere, pentsu hezearekin bakarrik elikatu nahi badugu gure maskota, elikagai horrek osoa izan behar du, nutriente-behar guztiak asetzeko.

Eta nola jakingo dugu elikagai heze bat elikagai osoa den edo ez? Bada, produktuaren etiketari begiratuta. Ontzian adierazten bada elikagai osagarria dela, ezingo da horrekin bakarrik elikatu animalia, eta beste elikagai oso batekin konbinatu beharko da, izan hezea edo izan lehorra.

Beraz, gure maskotarentzat elikagai hezeak bakarrik nahi baditugu, elikagai osoak erabili behar ditugu.

Elikagai hezeen eta lehorren arteko nutrizio-desberdintasunak

Oro har, elikagai hezeak eta lehorrak osoak badira, gure maskotek behar dituzten nutriente guztiak izango dituzte.

Hala ere, elikagai hezeak ez dira hain kalorikoak, ur asko baitute, eta, beraz, kantitate handiagoa eman beharko diegu elikagai lehor batek adina kaloria emateko. Beraz, elikagai hezeak ematekotan, errazio handiagoa eman beharko diogu.

Horretaz gain, proteina, gantz eta zuntz gutxiago dute, pentsu lehorrarekin alderatuz gero. Hezetasun handia dutelako gertatzen da hori; mantenugaiak diluituago egoten dira elikagaian. Horregatik, mantenugai-kantitate bera emateko, elikagai hezeen kantitate handiagoa eman behar zaio.

Konbina daitezke elikagai hezeak eta lehorrak?

Texto 2 Imagen alimento húmedo

Elikagai hezeak eta lehorrak konbinatuta, barietate handiagoa izango dute maskotek, eta, egoera batzuetan, ona izan daiteke haien osasunerako.

Elikadura mistoa erabili nahi badugu, aukera bat da bolada batean elikagai lehorrak ematea, eta, gero, beste bolada batean, elikagai hezeak. Aldaketa horiek pixkanaka egitea komeni da, animalia sentikorrek edo elikadura-aldaketetara ohituta ez daudenek digestio-arazorik ez izateko.

Komeni da jantoki berean elikagai hezea eta lehorra nahastea?

Texto 3 Imagen alimento húmedo

Ez da komeni, batez ere biak elikagai osoak badira; izan ere, bi produktuen dosia behar bezala kontrolatzen ez badugu, animalia gehiegi elikatuko dugu.

Gainera, bi elikagaiak jantoki berean jarrita, elikagai lehorraren ezaugarriak aldatu egiten dira. Kroketa hezetu eta bigundu egiten da, eta murtxikatzean izan dezakeen eragin onuragarria galdu egiten du. Gainera, gerta liteke kroketetan mikrobioak haztea, gure maskotaren jantokia behar bezala garbitzen ez badugu.

Beraz, hau da ondorioa: elikadura mistoa egin dezakegu, elikagai hezea eta lehorra txandakatuz, baina ez da komeni biak nahastea. Hala, bi motetako elikaduren onurak baliatu ahal izango ditugu.

Elikagai hezeak lehorraren aldean dituen abantailak eta eragozpenak

Texto 4 Imagen alimento húmedo

Abantailak

  • Oso elikagai erakargarriak dira, eta, beraz, oso erabilgarriak izan daitezke animaliak gaixorik daudenerako, jateko gogorik ez dutenerako edo animalia apetatsuentzat.
  • Elikagai lehorrak baino bigunagoak dira; beraz, egokiak dira hortzak galdu dituzten txakurrentzat edo katuentzat, edo ahoan behar bezala murtxikatzea galarazten dien arazoren bat dutenentzat.
  • Ontzi txikietan edo dosi bakarrekoetan saltzen direnez, oso erosoak dira eramateko eta bidaietarako.
  • Horrelako elikagaiak aparteko hidratazio-iturri bat dira. Katuek, adibidez, ez dute urik edan nahi izaten, eta jaten duten bitartean ura irenstea lor dezakegu, hezetasun handia baitute.

Eragozpenak

  • Ur asko dutenez, nutrizio-eskakizunak betetzeko behar den eguneko dosia elikagai lehorrena baino dezente handiagoa da.
  • Ireki ondoren, arreta berezia jarri behar da haien kontserbazioan, eta hotzean kontserbatu behar dira, ur asko dutenez mikroorganismoak haz baitaitezke.
  • Elikagai bigunak eta murtxikatzen errazak direnez, ez dituzte hortzak garbitzen, elikagai lehorrek bezala.

Beste gomendio batzuk

Ikusi zer eginkizun duten elikagai osoek eta osagarriekzure maskotaren dietan.