Antzututako txakur eta katuen eguneroko elikaduran dieta berezia egiteko beharra.

Antzututako maskotek elikadura berezia behar dute?

2020ko abenduaren 15a

Antzututako eta antzutu gabeko txakurren eta katuen artean badira alde garrantzitsu batzuk. Ondoren, desberdintasun horiek zertan diren azalduko dugu, eta antzututako maskotei dieta berezia emateko beharraz hitz egingo dugu.

Zer da antzutzea?

Gure maskoten sexu-organoak kirurgikoki erauztea da antzutzea. Arrei testikuluak kentzen zaizkie, eta emeei, berriz, obulutegiak edo baita umetokia ere.

Txakur eta katuak antzutzea eta haien osasuna

Batzuetan, adituek antzutzea gomendatzen dute, arren eta emeen ugaltze-aparatuko gaixotasun batzuen arriskua gutxitzen laguntzeko, baita tumoreak, infekzioak, herniak eta abar agertzeko arriskua murrizteko ere.

Beste batzuetan, jokabide-arazoak hobetzeko gomendatzen dute antzutzea. Gerta daiteke irendu gabeko arrak urduriago egotea emearen araldian. Gainera, batzuek beren lurraldea gernuarekin markatzeko beharra izaten dute.

Texto 1 Imagen Alimentación mascotas esterilizadas

Antzutu ondoren, testosteronaren ekoizpena gutxituz doan heinean, izaera menderatzailea duten animalien portaera hobetzen dela ikus dezakegu.

Emeak ere aldatu egiten dira antzutu ondoren. Esate baterako, katemeek, araldian, etengabe miauka jarduten dute, eta maizago egiten dute txiza. Antzutu ondoren, jokabide horiek apaltzeko joera izaten dute.

Kontuan hartu behar da aldaketa horiek guztiak antzutzea egiten den fasearen araberakoak izango direla; izan ere, maskotaren garapenaren arabera, ez da berdina animalia heldua denean edo kumea denean antzutzea.

Txakur eta katu antzutuentzat elikadura berezia behar da

Texto 2 Imagen Alimentación mascotas esterilizadas

Gure maskotek antzutu ondoren izaten dituzten hormona-aldaketen eraginez, elikatze-ohiturak aldatzen dituzte; izan ere, estrogeno-maila jaitsiz gero galdu egiten da elikagaiak kontsumitzeko inhibizioa, eta, ondorioz, animaliek gehiago jaten dute.

Horregatik, beharrezkoa da antzututako txakur eta katuek dieta berezia izatea, eguneroko energia-behar txikiagoa izaten baitute, jarduera fisikoa ere murrizten dutenez, eta, esan bezala, jateko gogoa areagotzen zaie. Faktore horien ondorioz, gizentasunerako eta sedentarismorako joera handiagoa izaten dute.

Texto 3 Imagen Alimentación mascotas esterilizadas

Elikadura-mota horrek energia-ekarpen ertaina izan beharko luke, maila biologiko handiko proteina-iturriak izan beharko lituzke muskulu-masari eusteko, eta, gainera, zuntz-maila egokia izan beharko luke animaliaren asetasuna areagotzeko. Gainera, kontuan izan behar dugu gure maskotek egunero ariketa egitea komeni dela.

Hori dela eta, komeni da pisua kontrolatzeko programa bat hastea gure maskotak antzutzen ditugunetik; janari-kantitate txikiagoa eman beharko diogu, edo berariaz animalia antzutuentzat diseinatutako koipe gutxiko beste produktu batzuk bilatu beharko ditugu. Era horretako elikadurak lagundu egingo du gure maskotek pisurik har ez dezaten eta, hala, obesitatearekin zerikusia duten arazoak garatzea saihestuko da.

Erabili beharreko elikadurari buruz zalantzarik izanez gero, gure albaitariari galde diezaiokegu, eta kontrolatzen lagunduko digu.

Beste gomendio batzuk

Ikasi nola elikatu zure maskota haren bizitzako etaparen arabera.