Zeliakia eta Mercadonaren Glutenik Gabeko produktuak.

Zeliakia, eta Mercadonaren Glutenik Gabeko produktuak

2015ko maiatzaren 27a
  • Mercadonak Glutenik Gabeko 950 produktu ditu egun bere supermerkatuetan. Eta gure asmoa, jakina, zenbateko horrek gora egiten jarraitzea da.

Infografía celiaquía.

Mercadonak zeliakoen kolektiboarekin duen harremana ia orain dela 15 urte hasi zen, eta, Mercadonan ohikoa den bezala, gure bezeroen eskaeran eta haiek asebetetzeko etengabe egiten dugun bilaketan du jatorria. Haiek izan ziren Mercadonan glutenik gabeko produktuak eskatzen hasi zirenak, horiek eskuratzeko orduan aurkitzen zituzten zailtasun ekonomiko eta geografikoak zirela eta.

Bide luzea izan da, eta esfortzu handia eskatu du guztion aldetik. 2002an sartu ziren lehen aldiz gure produktuak FACEren (Espainiako Zeliakoen Elkarteen Federazioa) zeliakoentzat egokiak diren produktuen zerrendan, Mercadonak glutenik gabeko 50 produktu besterik ez zituen garaian.

2014an, glutenik gabeko 900 erreferentzia zituela itxi zuen Mercadonak urteko ekitaldia. Aurtengo hilabete hauetan, zeliakoentzat egokiak diren elikagai espezifikoen beste 50 erreferentzia txertatu ditugu.

Gaur egun, Glutenik Gabeko Produktu Gomendatuen 950 erreferentzia ditugu Mercadonan. Gainera, gure bezeroek erraz topa ditzaten, Mercadonaren logo esklusiboarekin identifikatzen ditugu (SIN GLUTEN).

2015 Zeruertza: Zeliakoen kolektiboarekin dugun konpromisoan aurrera egitea

Mercadonak, zeliakoen kolektiboarekin duen konpromisoaren markoan, 2015 honetarako zeruertz modura jarri du bere bitarteko hornitzaile fabrikatzaileen %55 glutenik gabeko produktuak egin ditzaten Mercadonarentzat. Horren ondorioz, glutenik gabeko produktu-sorta izan ahalko du produktu kategoria guztietan. Zeliakoentzat egokia izango da, hortaz, Mercadonaren osoko eskaintzaren %12 (Elikagai-sortaren %16), era naturalean glutenik ez duten produktuak, produktu generiko deituak, alde batera utzirik, noski.

Mercadonan glutenik gabeko produktuak garantia guztiekin eskaini ahal izateko, produktuen eta produktuek oinarri dituzten lehengaien etengabeko kontrolak burutzen dituzte fabrikatzaileek. Zenbait kasutan, lerro edota fabrika espezifikoak ere diseinatzen dira, edo prozesu esklusiboak zehazten dira, glutenik ez egotea ziurtatzeko.

Izan ere, Elikadura Segurtasuneko arau zorrotzenen arabera egiaztatutako kanpoko enpresen ziurtagiria dute Mercadonaren bitarteko hornitzaile fabrikatzaile guztiek, eta alergenoen kudeaketa zuzena aintzat hartzen dute, IFS v-6, BRC, Global Gap edo ISO 22.000aren moduko ziurtagirien arauak betez.

Mercadonaren glutenik gabeko produktuei buruzko galderak eta erantzunak

Zer da glutena?

Proteina-nahasketa bat da glutena, garian (horren espezie guztietan), zekalean, garagarrean, oloan eta hauen barietate hibridoetan presente dagoena. Gai aglutinatzaile, gelifikatzaile eta emultsionatzaile baten modura aritzen da proteina hau presente dagoen elikagaietan, horiei elastikotasuna eta sendotasuna emanez, baina ez da ezinbesteko proteina gizakiarentzat, eta arazorik gabe ordezka daiteke dieta osasuntsu eta orekatu batek barne hartzen dituen landare edo animalia jatorriko proteinekin.

Zer da zeliakia?

Glutenarekin zerikusia duten nahasteen artean dago zeliakia edo gaixotasun zeliakoa, glutenarekiko alergiarekin eta glutenarekiko sentsibilitate ez-zeliakoarekin batera. Gaixotasun zeliakoa (GZ) genetikoki horretarako aurretiko joera duten norbanakoengan presente dagoen jasanezintasuna da, eta oinarri immuneko hanturazko erreakzioa da bere ezaugarria.

Zeliakoarengan, glutena irensteak erantzun immunearen ardura duten zelula jakin batzuen (linfozitoen) sentsibilizazioa eragiten du, eta beren ehunak erasotzen dituzte hauek. Azkenean, heste-meheko biloxken desagerpena dakar horrek guztiak, elikagaien xurgapen optimoa galaraziz. Glutenik gabeko dieta dugu tratamendu eraginkor bakarra, bizitza guztian zehar bete beharrekoa.

Zer esan nahi du produktu bat glutenik gabekoa dela?

Indarrean dagoen legeriaren arabera, 20 ppm (milioi bakoitzeko zatiak) gluten baino gutxiago duen produktua da Glutenik Gabekoa.

Garestiagoak dira glutenik gabeko produktuak?

Normalean glutena duten zerealekin ekoizten diren elikagaien egokitzapenak dira glutenik gabeko produktu espezifikoak. Zeliakoentzat onargarriak bihurtzeko, glutenik gabeko beste osagai batzuekin ordezkatu behar dira baztertu beharreko zerealak zein horietatik eratorritakoak, eta teknologia konplexuagoa behar izaten da horretarako. Prozesua askoz ere zorrotzagoa da, eta teknologia, instalazio eta kontrol zehatzagoak eskatzen ditu. Ekoizpen-kostua, ondorioz, handiagoa izaten da produktu konbentzional edo generiko baten aldean.

Edonola ere, Mercadonaren eta bere bitarteko hornitzaile fabrikatzaileen konpromisoa Glutenik Gabeko produktu gomendatuak elikadura-segurtasun handienarekin eta ahalik eta prezio txikienean ekoiztea da.