Logoak: Mercadona, Unión General de Trabajadores (UGT) eta Comisiones Obreras (CCOO)

Mercadonak bost eguneko lan-astea ezarri du supermerkatuko langileentzat

2020ko uztailaren 07a

Mercadona aitzindaria da lana eta familia bateragarri egiteko neurriak ezartzen, eta bide horretan hobetzen jarraitzeko hartu du erabakia, konpainiako 31 dendatan proba bat egin ondoren.

  • Neurria abuztuaren 3an jarriko da indarrean, eta mugarri izango da konpainiarako eta, oro har, banaketa-sektorerako; izan ere, langileek astean bi egun osoz atseden hartu ahal izango dute, eta urtean zortzi asteburu luze izango dituzte jai.
  • Ekimen hori bizkorrago martxan ipintzeko, lan erabakigarria egin du Hitzarmen Kolektiboaren Behatokiak, zeina 2019an sortu baitzuten ordezkaritza sozialaren eta enpresaren artean.

Mercadonak supermerkatu guztietan 5+2 formatuko lan-astea martxan ipintzea sinatu du Zentroarteko Enpresa Komitearekin, zeina Unión General de Trabajadores (UGT) eta Comisiones Obreras (CCOO) sindikatuek osatzen baitute. Neurri hori 2020ko abuztuaren 3tik aurrera izango da indarrean.

Lan-aste berriak berretsi egiten du Mercadonak enplegu egonkor eta kalitatezkoarekin duen konpromisoa. Halaber, sendotu egiten du konpainiak lana eta familia bateragarri egiteko neurri aitzindariak martxan jartzearekin duen engaiamendua, azken 25 urteko ibilbideak erakusten duenez. Hasteko eta behin, langile-talde osoa finko egiteko prozesuari heldu zion, eta apustu irmoa abiarazi zuen enplegu egonkorraren eta kalitatezkoaren alde. Harrezkero, urtetik urtera indartzen du konpromiso hori, langileen eta sindikatuetako ordezkarien ekarpenekin batera.

Azken neurria behin betiko martxan ipini aurretik, konpainiaren 31 supermerkatutan egin dira ordutegi-probak. Hori horrela, dendetako langile guztiek astean bost egunez lan egingo dute, eta bi atseden-egun izango dituzte. Baina, horretaz gainera, lan-aste berriak badu sektorerako ekimen aitzindari bat ere: Mercadonaren supermerkatuetako langile guztiek zortzi asteburu luze izango dituzte jai urtean (larunbata, igandea eta astelehena).

Mercadonara lan- eta gizarte-berrikuntza ekarriko duen neurri hori supermerkatu guztietan aplikatuko dute, eta  langile-taldearentzat balioa sortzeko enpresak duen konpromisoaren emaitza da. Halaber, erabakigarria izan da Behatokiak emandako bultzada, zeinaren elkarrizketa joriari esker aztertu eta txertatu baitituzte Mercadonak eta sindikatuek egun adostutakoaren tankerako neurriak.   

Horrekin loturik, Ana Micó UGTren Zerbitzu, Mugikortasun eta Kontsumo Federazioko Merkataritzako Sindikatu Sektorialeko idazkariak hauxe nabarmendu du: «UGT sindikatuan positibotzat dugu gaur sinatzen dugun lan-baldintzen aldaketa-akordio nabarmen hau, zeina erreferente gisa ageri baita hasiera-hasieratik merkataritza-sektorean eta, zehazkiago, supermerkatu-sektorean. Akordio honek mamitu egiten du UGTk Mercadonako langileekin harturiko konpromisoa. Hitzarmena negoziatzeko bileretara eraman ostean, alderdi guztien partaidetza artikulatzeko sortu zen Behatokiak zehaztasuna eman dio. Urte eta erdiz jardun dugu alderdi horiek guztiek lanean, akordio hau lortu ahal izateko. Ondorioz, Mercadonan lan egiten duten gizon-emakumeek astean bi atseden-egun izatea lortu dugu, baita urtean kalitatezko zortzi asteburu izatea ere: larunbata, igandea eta astelehena jarraian. Mercadonako UGTren ordezkariek landa-lan handia eta oparoa egin dute, eta, hari esker, langile-taldearen premiak ipini ditugu mahai gainean, zorrotz eta argudioak emanez».

Bestalde, Ángeles Rodríguez CCOO sindikatuko Zerbitzu Federazioko merkatu alorreko estatu-arduradunak ere positibotzat jo du ekimen hau, irizten baitio lortutako akordioa mugarri bat dela Espainiako supermerkatu-sektorean. «Mercadonako langileak izango dira sektoreko lehendabizikoak astean hiru jaiegun jarraian izaten: larunbata, igandea eta astelehena. Hitzarmen Kolektiboaren Behatokian lan-jardunaldiak antolatzeko beste zenbait aukera aztertzen jardun dugu. Akordio honen bitartez, Mercadonako langileek astean bost lanegun eta bi jaiegun izango dituzte, eta bermaturik edukiko dituzte urtean zortzi asteburu luze ere. CCOO sindikatuaren aburuz, akordio honek ederki erakusten du zer-nolako lorpenak ematen dituzten etorkizun-ikuspegiz ekindako negoziazioek, eta frogatzen du, halaber, merkataritza-sektorean ezar litezkeela lana eta bizitza pertsonala bateragarriago egiteko neurriak».

Ruth García Mercadonako Lan Harremanetako zuzendariak, berriz, hauxe azaldu du: «Gaurkoa egun oso berezia dugu Mercadonan; izan ere, 5+2 lan-astea pauso oso garrantzitsua da gure konpainiako lan-baldintzak etengabe hobetzeko bidean, azken 25 urteotan bereizgarri izan dugun moduan. Aldi honetan guztian, ekimen ugari txertatu ditugu; esate baterako, enplegu egonkorraren eta kalitatezkoaren aldeko apustua, berdintasunari emandako bultzada irmoa, sorturiko irabazien % 25 langile guztien artean banatzea, kontziliazio-neurriak indartzea edo Mercadonako gutxieneko soldata lanbidearteko gutxieneko soldata baino % 50 handiagoa izatea langileak lau urte baino gehiago daramanean gurean –eta horixe da, gainera, langile-taldearen % 90en kasua–. Konbentziturik gaude hori dela hobetzen jarraitzeko bidea. Eta konbentziturik gaude, era berean, gure Erabateko Kalitate Ereduari esker bilakatu direla neurriok guztiak errealitate, baita langileen eta sindikatuetako ordezkarien ekarpenei esker ere. Haiexek eta Mercadona osatzen dugun guztiok laguntzen dugu, zalantzarik gabe, aurrera egiteko bidean, guztia ere abangoardian eta punta-puntan jarraitu dezagun lan- eta gizarte-kontuetan». 

Logo EAktibatu