Juan Roig eta Mercadonako Zuzendaritza Batzordeko

Mercadonak % 46 handitu du inbertsioa, 2.200 milioiraino, eta % 5 gehiago fakturatu du, 25.500 milioi

2020ko martxoaren 10a

Aurrera egiten du bere “eraldatze-planean”, enpresa-eredu digitalagoa, produktiboagoa, sozialki arduratsuagoa, jasangarriagoa eta ingurune soziala eta ekonomikoa hobetzen laguntzeko duen erantzukizunaz kontzientea bultzatzeko.

 

  • Joan den uztailaren 2an, lehen supermerkatua ireki zuen Mercadonak Portugalen. Mugarri historiko bat. Hari beste 9 denda gehitu zaizkio; hala, 10 supermerkatu, 900 pertsona eta 300 hornitzaile portugaldar baino gehiagorekin amaitu du urtea, 2019an 150 milioi euro inbertitu ondoren.
  • Kontratu finkoa duten 90.000 langilerekin amaitu zuen iaz urtea Mercadonak, kalitateko 4.200 lanpostu egonkor sortu ondoren, haietatik 600 Portugalen; guztira, 1.636 supermerkatu eta 1.400 totaler hornitzaile espezialista.
  • Mercadonak, beste urte batez, eutsi egin dio hazkunde partekatuari, eta honela banatu du 2019an sortutako irabazi osoa: 340 milioi euro langileen artean, helburuak lortzeagatiko prima gisa; 282 milioi Gizartearentzat, zerga gisa, % 18ko zerga-tasa efektiboarekin sozietateen gaineko zergan; 493 milioi berrinbertitu dira enpresan baliabide propio gisa; eta 130 milioi, dibidenduen bidez, bere bederatzi akziodunen artean. Horrek guztiak 623 milioiraino igo du konpainiaren irabazi garbia, aurreko ekitaldian baino % 5 gehiago.
  • 2019an, Juan Roigek eta Hortensia Herrerok, hamarkada batez egiten ari direna errepikatuz, beren ondare pertsonalean jasotzen dituzten dibidenduen zati garrantzitsu bat berrinbertitu eta gizartearekin partekatu dute. . Zehazki, 50 milioi, Legatua Proiektuaren bidez, hainbat ekimenetan: Marina de Empresas, Trinidad Alfonso Fundazioa, Valencia Basket Club, L’Álqueria del Basket, Licampa 1617 (València Arena) eta Hortensia Herrero Fundazioa; eta 2020an beste 76 milioi partekatzea eta inbertitzea aurreikusia dute.

Mercadonak, supermerkatu fisikoen eta onlineko salmentakoen enpresak, % 46 handitu du inbertsioa 2019an, 2.200 milioi euroraino. Inbertsio-ahalegin hori, bere baliabideen kontura eginda, 2018-2023 eraldaketa-planean sartzen da, zeinaren helburua baita enpresa digitalago, produktiboago, sozialki arduratsuago eta jasangarriagoa izatea, oparotasun partekatua sustatzen inplikatua eta ingurune soziala eta ekonomikoa hobetzen laguntzeko duen erantzukizunaz kontzientea.

2019an, “Nagusiak” —hala deitzen die Mercadonak barruan bere bezeroei— harritzeko duen ausardiari esker, enpresak % 5eko hobekuntza izan du saltoki-azalera konstanteko salmenta bateratuetan, 25.500 milioi euroraino. Eta, era berean, “Nagusia” produktu berriekin eta, preziorik onenarekin beti ere, etengabeko zerbitzu- eta kalitate-hobekuntzekin gogobetetzeko duen konpromisoaren ondorioz, enpresak 80 tiketik gorako igoera izan du dendako eta eguneko, batez beste; horrek esan nahi du hiru urtean 205 tiketeko igoera metatua izan duela dendako eta eguneko.

Hamabi hilabete horietan, 46 supermerkatu zabaldu ditu Mercadonak, haietatik 10 Portugalen, eta, beren ezaugarriengatik Mercadonaren eredu eraginkor eta jasangarriagora egokitu ezin ziren 46 denda itxi ondoren, 1.636 supermerkaturekin amaitu du urtea. Era berean, bere supermerkatu-sarea berritzen jarraitu du, eta, urte-amaieran, Denda Eraginkorraren Eredu Berriko 800 supermerkatu zituen (8ko denda), 351 denda berritu ondoren. Bezeroek hurbileko produktuak eta tokiko produktuak eskatzen dituztela jabeturik, produktu horiek freskotasun eta kalitate handiagoa ematen baitiote eskaintzari, produktu freskoen atalak berritzen jarraitu du, Freskoen Globala estrategiarekin, eta 1.300 supermerkatutan baino gehiagotan bildu ditu produktu freskoen sekzioen hobekuntza eta berrikuntza guztiak.

Bezeroen beharretara etengabe egokitzeko prozesu horretan, "Jateko prest" (Portugalen, "Pronto a Comer") atal berria duten 319 supermerkatuak sartzen dira. Sail horrek, gainera, tokiko plater berriak eta edari hotz eta beroak gehitu ditu. Prozesu horren parte da, halaber, konpainiak denda batzuetan jarri duen gune berria, mahai eta aulkiz hornitua, “Nagusiek” supermerkatuan erositako produktuak bertan kontsumitzeko aukera izan dezaten. Ekimen hori aukera bikaina izan da 120 hornitzaile espezialista berrik baino gehiagok proiektu ireki honekin bat egiteko; izan ere, Juan Roig-en arabera, “irtenbide berrietara egokitzeko, tokiko platerak eskaintzeko eta kalitatea egunero bermatzeko, hornitzaile espezialista gehiago beharko ditugu”.

Espezializatzeko behar horrek bultzatuta, 2019an jarraipena eman dio Mercadonak aurreko urtean hasitako Totaler Hornitzaile kontzepturanzko eboluzioari, eta lanean jarraitu du proiektu ireki eta gizartearekiko arduratsu bat, bizkortasuna eta ezagutza partekatua dakarren proiektu bat, eraikitzeko. Urtea amaitzean, konpainia 1.400 hornitzaile totalerrekin ari da lanean. Haien espezializazioak aukera eman dio konpainiari bezeroarekiko koberrikuntzaren esperientziatik sortutako produktuak eskaintzeko, ezin utzizko erronka batekin: kalitatea, kalitatea, kalitatea eta, batez ere, kalitatea, produktuaren bereizgarri gisa.

Mugarri historikoa Mercadonarentzat, nazioartekotzea

2019ko uztailaren 2an, mugarri bat jarri zuen Mercadonak bere historian Portugalen bere lehen supermerkatua irekita, Canidelon, Vila Nova de Gaian (Portoko barrutia). Inaugurazio horri beste 9 denda gehitu zaizkio, guztiak Porto, Braga eta Aveiroko barrutietan kokatuak eta azken biak abenduan zabalduak. Hala, konpainiak errealitate bihurtu du nazioartekotze-prozesua, 2016. urtean iragarria: hiru urte hauetan eraiki da, 900 langile eta 300 hornitzaile portugaldarren ahaleginari esker.

Haien eguneroko lankidetzari esker, Portugalgo “O Chefe”arekin eta “O Chefe”rentzako produktu-aukera bat eraiki ahal izan da, eta guztira 32 milioi eurotik gorako fakturazioa lortu da lehen urtean. Horri gehitu behar zaio konpainiak proiektua garatzeko egin duen inbertsio-ahalegina, hasi zenetik 220 milioi eurotik gorakoa. Zenbateko horretatik, 150 milioi euro 2019an inbertitu dira, denda berriak zabaldu, lur berriak erosi eta Póvoa de Varzim-eko bloke logistikoa martxan jartzeko erabiliak, besteak beste.

Eraldaketa digitala, jasangarritasuna eta onlineko salmenta

Konpainiaren digitalizazioa izan da Mercadonaren beste erronka garrantzitsu bat 2019an. 160 milioi eurotik gorako inbertsioa eginda, amaitu egin da supermerkatuak digitalizatzeko eta eraginkorrago, produktiboago eta jasangarriago bihurtzeko 2018an hasitako lehen fasea. Eraldaketa digitaleko prozesuak aukera eman du, era berean, hobekuntzak egiteko bezeroen erosketa-egintzan, bizkortasuna handitzeko eta giro atseginagoa lortzeko, baita langileen kobratze- eta eskaera-prozesuetan ere, gaur egun tresna intuitibo eta produktiboagoak erabiltzen baitituzte. Bestalde, makina eta instalazioak monitorizatzeko aplikazio eta sistema berriak txertatuta, enpresaren garapen jasangarria indartu da, kontsumo elektrikoa murriztu eta optimizatu baita. Horri guztiari Villadangos del Páramon, Leónen, dagoen Datuak Prozesatzeko Zentro (DPZ) berriaren 44 milioi eurotik gorako inbertsioa gehitu behar zaio.

Era berean, eta teknologian aurrera egiteko etengabeko prozesu horretan, 8 milioi eurotik gora inbertitu ditu Mercadonak 2019ko ekinean bere bigarren online “Erlauntza” martxan jartzeko. Biltegi bat da, Bartzelonan (Zona Franca poligonoan) kokatua, onlineko eskaerak prestatu eta banatzeko, eta 50 posta-koderi baino gehiagori ematen die zerbitzua. Bigarren erlauntza hori 2018an Vara de Quart industrialdean (Valentzia) zabaldu zenari batu zaio. Hilean 6 milioi baino gehiagoko fakturazio bateratua eta 540 langile dituela, konpainiak ontzat dauka onlineko salmentaren bilakaera. Hala, Madrilen hasiko du onlineko zerbitzua 2020ko lehen seihilekoan. Eraldaketa digitaleko proiektu beharrezko hori gauzatzeko, talentua erakartzeko prozesu bati ekin zion Mercadonak, barnean eta kanpoan, eta horretan jarraituko du 2020an. Hari esker, 2019an 200 pertsona sartu dira Informatika Sailean. Urtea amaitzeko, 700 profesional espezializatuk osatutako informatikari-talde bat jarri du martxan.

Hazkunde partekatua, enplegua sortzea eta berdintasuna

Helburuak lortzeko egindako ahaleginari esker, iritsi nahi zuen puntura iristea lortu du konpainiak, eta 623 milioi eurora igo du irabazi garbia 2019an (aurreko urtean baino % 5 gehiago), proiektuan parte hartzen duten guztien eginahalaren emaitza. Lan eta inplikazio hori aintzatesteko, eta “arrakastak, partekatuz gero, zapore hobea du” dioen printzipioari jarraituz, sortutako mozkin osoaren % 27 banatu du Mercadonak plantillako langileen artean, helburuak lortzeagatiko primen kontzeptuan; zehazki, 340 milioi euro. Horretaz gainera, emaitzaren % 23, 282 milioi euro (2 milioi euro Portugali dagozkio), Gizarteari itzuli zaio zerga gisa, % 18ko zerga-tasa efektiboarekin sozietateen gaineko zergan; bestalde, % 40, guztira 493 milioi euro, enpresan inbertitu da baliabide propio gisa, eta gainerako % 10a, 130 milioi euro, akziodunen artean banatu da.

Hazkunde horren ondorioz, eta hasitako eraldaketa-prozesua bultzatzen jarraitu ahal izateko, enpresak 4.200 lanpostu finko berri sortu ditu 2019an, 3.600 Espainian eta 600 Portugalen; hala, 90.000 langile ditu, 89.100 Espainian eta 900 Portugalen. Era berean, gizarte-neurriak sustatzen jarraitu du; adibidez, 2019an, 2.284 pertsonak —guraso langileak— legez ezarritako amatasun- edo aitatasun-baimenak 30 egun luzatzea erabaki dute, eta 15.899 langilek lanaldi murriztuak izan dituzte. Esparru horretan bertan, eta berdintasun-politikaren barruan, nabarmentzekoa da 2019an plantillaren % 62 emakumeak direla, eta zuzendaritza-postuen % 47, 1.877 guztira, emakumeek dituztela.

Aktiboki konprometituak ingurumenarekin: “BAI esatea Planeta gehiago zaintzeari

Mercadonak bere negozio-eredu arduratsua bultzatzen jarraitu du, eta ingurumenaren aldeko konpromisoa indartu du, modu jasangarrian ekoizteko eta ingurumen-inpaktu positiboagoa lortzeko neurriak txertatuz. Horretarako, 44 milioi euroko inbertsio-ahalegina egin da 2019an. Konpainiak ekonomia zirkularraren printzipioak aplikatzen ditu prozesu askotan, baina badaki zer hobetu ugari duela oraindik Gizarteak eta “Nagusi”ek eskatzen diotenari erantzuteko. Horregatik, bere gain hartzen du “bai esatea Planeta gehiago zaintzeari”. Konpromiso hori hartzen dugu Mercadona osatzen dugun guztiok, banaka eta talde gisa, gure hornitzaile eta “Nagusi”en eskutik.

Mercadonaren ingurumen-kudeaketako sistemak aktiboki lan egiten du ingurumen- eta gizarte-erronketara egokitzeko. Konpainia hainbat proiektutan murgilduta dago helburu komun batekin: ingurumena gero eta gehiago zaintzea. Enpresaren barne-prozesuek inpaktu txikiagoarekin gehiago egin ahal izatea da Mercadonaren ardatza, eta faktore ekologikoa kontuan hartzen duten irtenbideak aurkitzea. Ahaleginak logistika jasangarrira, energia-eraginkortasunera, hondakinen kudeaketara eta plastikoak murriztera bideratuta daude.

Logistika jasangarriari dagokionez, garraio-flotaren eraginkortasuna eta jasangarritasuna handitzea da helburua. Horretarako, kutsadura murriztuko duten erregaiak behar dira, eta teknologia berriak erabili behar dira hornikuntza-bideak kudeatu eta planifikatzeko. Konpainiak nabarmen hobetu du energia-eraginkortasuna: berotegi-efektuko gasen emisioak murriztu ditu, instalazio guztietan hozteko gasak ordezteko plana garatu du, eta ura modu egokian kudeatu du. Gainera, ahalegin handiak egiten ari dira plastikoak eta hondakinak murrizteko. Ildo horretatik, lortu den lehen helburua izan da erabilera bakarreko plastikozko poltsa erabat kentzea kutxen lerroan; haren ordez, hiru poltsa berrerabilgarri eta jasangarri jarri dira: errafiazko saskia, paperezko poltsa berrerabilgarri eta birziklagarria eta plastiko birziklagarriko poltsa bat, Mercadonaren barne-prozesuetatik datorren plastiko birziklatuarekin egina. Azken horri esker, beste erabilera bat eman ahal izan zaio urtean 8.000 tona plastikori baino gehiagori, eta, horrekin batera, beste mugimendu batzuk ere egin dira, hala nola nekazaritzako erabileretatik berreskuratutako plastikoa Bosque Verde etxeko tresneriaren eta garbiketaren lerroan sartzea. Hain zuzen ere, duela 10 urte jarri zuen martxan Mercadonak, SP Berner hornitzailearekin lankidetzan.

Ekimen horiek asmo handiko proiektu baten barruan kokatzen dira. Proiektu horren helburua da birpentsatzea zer funtzio duen plastikoak hala nekazaritzako elikagaien kateko prozesuetan nola Mercadonaren eta beraren hornitzaileen prozesuetan, ekonomia zirkularraren helburuetarantz aurrera egitea eta ontziratzeko material berrien garapena sustatzea. Prozesu horren funtsezko zatia izan da ITENEk (Instituto Tecnológico de Embalajes, Transporte y Logística) gaur egun enpresak bere produktu gomendatuetan erabiltzen dituen ontzi guztiei egin dien ikuskapena. Haren ondorioz, Mercadonak plastikoa murrizteko estrategia bat onartu du (barnean 6.25 izenez ezaguna), 6 ekintzakoa, 2025era helburu hirukoitz bat lortuta iristeko: marka propioko ontzietan plastikoa % 25 murriztea (balio erantsirik ez duena ezabatuz, material birziklatua gehituz eta abar), data horretarako ontzi guztiak birziklagarriak edo konpostagarriak izatea, eta enpresak, gaur egun sortzen dituen hondakin guztien % 70 baino gehiago bereizten eta birziklatzera bidaltzen dituela kontuan izanik, % 100era iristea denbora-epe berean, plastiko-hondarrak hondakin bilaka ez daitezen.

1.800 milioi euroko inbertsioa 2020an etorkizuneko Mercadona bultzatzeko

Garapena sendotzeko eta etorkizuneko Mercadonaren oinarriak finkatzeko, 2023 eraldaketa-plana bultzatzen jarraituko du konpainiak, eta, horretarako, 2020an 1.800 milioi inbertitzea aurreikusi du. Inbertsio hori, batez ere, honetarako erabiliko da: supermerkatu berriak irekitzeko, 69 Espainian eta 10 Portugalen; 160 supermerkatu berritzeko, Denda Eraginkorraren Eredu Berrira (8ko denda) egokitzeko; eta Jateko Prest/Pronto a Comer atal berria ezartzeko beste 460 supermerkatutan urtean zehar.

Era berean, bere sare logistikoa sendotzen eta optimizatzen jarraitzeko asmoa du Mercadonak, bloke logistiko berriak eraberrituz eta inauguratuz; eta baliabide garrantzitsuak erabiltzen jarraituko du eraldaketa digitalerako, konpainiaren beste erronketako bat baita, eta Getafen (Madril) onlineko biltegi berri bat irekitzeko (Erlauntza). Horretarako, enpresak kalitateko 2.000 lanpostu egonkor baino gehiago sortuko ditu 2020an, Espainia eta Portugal artean.

Juan Roig Mercadonako Presidenteak honela adierazi du: “2019an, ‘Nagusia’ beti gidari dugula, Mercadona bizitzen ari den alimaleko eraldaketa sendotzen jarraitu dugu, eta uztailean mugarri historiko bat lortu dugu konpainia osatzen dugun guztiontzat: Portugalen nazioartekotzea. Hori guztia, eta oraindik aurrean ditugun erronkak, ezin izango litzateke lortu Mercadonaren eraldaketaren benetako indarra gabe: 90.000 pertsonak, haietatik 900 Portugalen, beren talentuarekin, ahaleginarekin eta lidergoarekin enpresa bat eraikitzen ari direnak, enpresa bat gero eta kontzienteagoa dena bere eginkizuna ingurune soziala eta ekonomikoa hobetzen laguntzea dela, modu eraginkor eta arduratsuan ekoiztuz, oparotasun partekatua sortzeko”. Eta ezin utzizko konpromiso horretan, “Mercadona osatzen dugun guztiok erronka argia dugu 2020 urterako: Bai esatea Planeta gehiago zaintzeari”.

Juan Roig eta Hortensia Herrero Legatua Proiektua 

Era berean, Juan Roigek zehaztu du nola partekatzen eta berrinbertitzen duten gizartean, bai berak, bai Hortensia Herrero Mercadonako lehendakariordeak, dibidenduen eta beren ondare pertsonalaren parte garrantzitsu bat; 50 milioi euro 2019an, Legatua Proiektuaren bidez, hainbat ekimenetan; Ekintzailetza, Prestakuntza, Kirola, Entretenimendua, Artea eta Kultura; eta 76 milioi euroko aurreikuspena 2020rako.

Konpromiso hori duela hamarkada bat hasi zen, eta bien konbentzimendu honetatik sortu zen: “benetako arrakastaren abiapuntua partekatzeko eskuzabaltasuna da, eta norberak dituen ezagutzak eta baliabideak besteen zerbitzura jartzea”. Eta honako hauen bidez gauzatzen da: Marina de Empresas, Trinidad Alfonso Fundazioa, Valencia Basket Club, L’Álqueria del Basket, Licampa 1617 (Valencia Arena) eta Hortensia Herrero Fundazioa.

2019ko datu nagusiak

Juan Roig, Mercadonako Presidentea, 2019ko prentsaurrekoa egin ondorenJuan Roig, Mercadonako Presidentea, 2019ko prentsaurrekoa egin ondoren.

Juan Roig eta Mercadonako Zuzendaritza Batzordeko kideak Denda Eraginkorraren Eredu Berriko mahai eta aulkien guneanJuan Roig eta Mercadonako Zuzendaritza Batzordeko kideak Denda Eraginkorraren Eredu Berriko mahai eta aulkien gunean.

 

2019. Urteko Memoria

Deskargatu

 

 

Goiburuko irudia: Juan Roig eta Mercadonako Zuzendaritza Batzordeko kideak Denda Eraginkorraren Eredu Berriko mahai eta aulkien gunean.