Mercadonak eta zeliakoen elkarteak gida bat egin dute glutenik gabeko produktuen etiketatzeari buruz

Zeliakoen Kataluniako Elkarteak eta Mercadonak gida bat prestatu dute, glutenik gabeko produktuen etiketak ulertzen laguntzeko

2019ko martxoaren 25a
  • Gida berriari esker, elikagaiek glutenik duten edo ez jakin ahal izango dute zeliakoek, haien senideek eta lagunek, eta jatetxe-jabeek.

Pertsona zeliakoen kezka nagusietako bat da askotan zaila dela jakitea jan nahi dituzten elikagaiek glutenik duten edo ez. Hori dela eta, Zeliakoen Kataluniako Elkarteak, Mercadona supermerkatu-katearekin elkarlanean, "Glutenik gabeko produktuen etiketatzea ulertzeko eskuliburua" argitaratu du. Gida honen helburua da zeliakoek hobeto ulertzea elikagaien etiketak, erosketak modu seguruan, konfiantzaz eta lasaitasunez egiteko.

Alderdi hauei buruzko informazioa ematen da gidan:

  • Elikagaien etiketei buruz gaur egun indarrean dagoen legeria
  • Elikagai-establezimenduetako kutsadura gurutzatua
  • Gluten-edukiaren araberako elikagai-sailkapena
  • Medikamentuetako glutena
  • Kosmetikoetako glutena
  • Eskola-materialeko glutena

Zer jaten dugun jakitea garrantzitsua da guztiontzat, baina elikagai jakin bati buruzko kontrol berezia eduki behar dutenek (beren osasunari kalte egiten dielako) erne egon behar dute etiketa irakurtzen eta interpretatzen dutenean. Gaur egun, zeliakoentzako tratamendu bakarra da glutenik gabeko dieta zorrotza jarraitzea bizitza osoan. Beraz, funtsezkoa da pertsona horiek ahalduntzea dietari zuzen jarraitu ahal izateko; izan ere, zeliakoen % 40k hausten dute dieta, eta % 75ek nahi gabe egiten dute. Eta dieta hausteak, beren borondatez egin edo nahi gabe egin, osasun-arazo larriak ekar diezazkieke epe luzera.

Horregatik, funtsezkoa da zeliakoek ahal den informazio gehiena izatea glutenik gabeko dieta jarraitu ahal izateko eta osasuntsu egoteko. “Helburu horrekin bat egiten du glutenik gabeko produktuen etiketak errazago ulertzeko gidaren edizio berriak” esan du Olga Cuesta Zeliakoen Kataluniako Elkarteko presidenteak, eta gaineratu du Mercadonak zeliakoen kolektiboarekin duen konpromisoari esker argitaratu ahal izan dela gida.

Zeliakoen Kataluniako Elkartea

1977an sortu zen, eta Espainian zeliakoen interesen alde sortutako lehen erakundea da.

Elkartearen bidez, zeliakoari eta haren familiari laguntzen diegu eta aholkuak ematen dizkiegu, zeliakoaren bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duen informazioa eta prestakuntza emanez.

Gure lanaren bidez, zeliakoek glutenik gabeko produktuak gero eta eskurago izatea nahi dugu, eta etxetik kanpo segurtasunez jateko aukera gehiago izatea. Gainera, glutena kontsumitzearekin lotutako patologien ikerketa finantzatzen dugu; zehazki, profesional medikoekin lan egiten dugu diagnostikoa, mediku-arreta eta gaixotasunaren jarraipena hobetzeko, eta, modu horretan, zeliakoen osasuna zaindu eta zeliakiarekin lotutako gaixotasunak sortzea saihesteko.

Entitate eta erakunde publiko eta pribatuen aurrean ordezkatzen dugu taldea.

1982an Herri Onurako Erakunde izendatu zuten gure elkartea, eta Katalunian eta Menorcan glutenarekin zerikusia duten patologiek eragindako 525.000 pertsona ordezkatzen ditugu (75.000 zeliakoak eta 450.000 glutenarekiko sentikorrak), baina, horrez gain, sektoreko fabrikatzaile, banatzaile, jatetxe-jabe eta zerbitzu-enpresentzat ere erreferentea gara.

Mercadona eta zeliakoak

Urteak dira Mercadonak konpromiso sendoa duela zeliakoekiko, eta, gaur egun, proteina hori ez duten produktuen aukera zabala du. Zehazki, glutenik gabeko 1250 produktu ditu, etiketan argi eta garbi identifikatuta daudenak. Duela 19 urte baino gehiago hasi zen konpainiaren eta zeliako-taldeen arteko harremana, eta bezero zeliakoen glutenik gabeko produktuen eskaerari erantzuteko sortu zen, zailtasun ekonomiko nahiz geografikoak baitzituzten haiek lortzeko. Gainerako produktuekin bezala, kalitate handieneko produktuak ahalik eta merkeena eskaintzea da Mercadonaren helburua.

Glutenik gabeko produktuak berme osoarekin eskaini ahal izateko, Mercadonako hornitzaileek etengabe egiten dituzte produktuen eta horiek egiteko erabiltzen diren lehengaien kontrolak. Kasu batzuetan, linea edo lantegi espezifikoak diseinatzen dira, eta glutenik ez dagoela bermatzeko prozesu esklusiboak definitzen dira. Izan ere, hornitzaile guztiek dituzte elikadura-segurtasuneko arau zorrotzen ziurtagiriak, kanpoko enpresek emanak, alergenoak behar bezala kudeatzen direla bermatzeko.

Nabarmentzekoa da azken urtean Mercadonak labeko eta opilgintzako (freskoak eta izoztuak) ataletan eta esnekien eta edarien ataletan egin duen ahalegina glutenik gabeko produktu berriak salgai jartzeko. Horrez gain, bezeroekiko eta hornitzaileekiko elkarlanaren ondorioz, lanean jarraitzen dugu, bezero zeliakoek Mercadonako apalategietan produktu-aukerarik onenak topa ditzaten.

Dokumentua espainieraz:

 

Guía etiquetado de productos sin gluten

Descargar