Mercadonaren logistika Palman

Palmako "Estrellas & Duendes" jantoki sozialari egunero laguntza ematen hasi da Mercadona

2019ko azaroaren 28a
  • Balear Uharteetako beste jantoki sozial batzuekin duen elkarlanari jarraituz, Palmako Estrellas & Duendes elkarteak kudeatzen duen jantoki sozialari egunero produktuak ematen hasi da Mercadona.
  • Iazko ekitaldian 109 tona elikagai eman zizkien konpainiak Balear Uharteetako zenbait gizarte-erakunderi.

Mercadonak Palmako Estrellas & Duendes elkarteak kudeatzen duen jantoki sozialarekin lankidetza abiatu du, eta, horri esker, premiazko produktuak ematen dizkio egunero (hala nola fruta eta barazkiak, esnekiak, haragia, arraina, hestebeteak, kontserbak, ogia eta pasta), zentroaren erabiltzaile diren haur eta familiei janaria prestatu ahal izateko.

Duela lau urte zabaldu zuten jantoki sozial hau, eta Palmako Estrellas & Duendes elkarteak kudeatzen du; egunero 62 bat haur eta familia hartzen ditu, eta 98 mahaikide baino gehiago izaten ditu gosaria, bazkaria eta askaria kontuan hartuta (eskola-garaia den ala ez, horren arabera).

Goizeko lehen orduan egiten du entrega, astelehenetik ostiralera, Mercadonaren baliabide logistikoak eta giza baliabideak erabilita. Lucas Albacete eta José Miguel Rivera dendako langileak arduratzen dira produktuak jantokira eramateaz, konpainiako furgoneta erabilita, eta han egiten dute entrega zentroko boluntarioek janaria presta dezaten.

Bárbara Ordás Balear Uharteetako Mercadonako Kanpo Harremanen arduradunak dioenez, “oso pozik gaude jantoki sozial honi laguntzeagatik, eta harro gaude zentro horretara joaten diren haurren eta familien dieta osatzen laguntzeko elikagaiak eman ditzakegulako”.

Bestalde, Miguel Ángel Colomek, Palmako Estrellas & Duendes elkarteko ordezkariak, lankidetza-mota hauekin gustura daudela adierazi du: “egunero baliabide gehiago izaten laguntzen digute, premiazko produktuekin”.

Iazko ekitaldian, 109 tona elikagai eman zizkien Mercadonak Balear Uharteetako zenbait erakunderi, hala nola: Mallorcako Elikagai Bankua, Menorcako Maó eta Ciutadellako Udal Bankua, Ibizako eta Formenterako Elizbarrutiko Cáritas, Incako jantoki soziala (Mallorcako Elizbarrutiko Cáritasek kudeatua), Ca l'Ardiaca jantoki soziala (Palmako Es Refugi elkarte altruistak kudeatua), Tardor jantoki soziala (Palmako Tardor elkarteak kudeatua) eta Ibizako Santa Eulària des Riu eta Sant Antoni de Portmany herrietako jantoki sozialak (Ibizako eta Formenterako Elizbarrutiko Cáritasek kudeatuak). Gainera, supermerkatuetan ongintzako ekintzetan parte hartzen laguntzen du, hala nola Kilo Operazioan edo Bilketa Handian, biak Mallorcako Elikagaien Bankuak antolatuak.

Gizarte-ekintza jasangarriko politika, Mercadonaren erantzukizun sozial korporatiboan integratua

Mercadonak gizartearekiko dituen konpromisoetako bat da gizarteari itzultzea gizartetik jasotzen duenaren zati bat. Horretarako dauka, hain juxtu ere, Erantzukizun Sozialeko Plana, zeinak hainbat jarduera-ildo jasangarriren bidez jorratzen baititu konpainiaren alderdi soziala eta etikoa, hazkunde partekatuaren aldeko jardunaren sendogarri guztiak ere. Politika horren barruan, Mercadonak 170 jantoki soziali eta 60 elikagai-bankuri laguntzen die, bai eta Espainia osoko ongintzazko beste zenbait erakunderi ere; 2018an, guztira 8.300 tona elikagai eman zizkien, hots,140.000 erosketa-orgaren baliokidea. Halaber, bere dendak trencadisezko muralekin apaintzeko, 33 fundazio eta okupazio-zentrorekin lankidetzan jarduten da. Desgaitasun intelektuala duten mila lagunek baino gehiagok egiten dituzte mural horiek.

Ingurumen-jasangarritasuna da Mercadonaren Erantzukizun Sozial Korporatiboaren beste ildo estrategiko bat. Ingurumena Kudeatzeko Sistema propio bat du, hiru helburu dituena: logistika hobetzea, energia-efizientzia areagotzea eta hondakin gutxiago sortzea. Sistema horren parte batek ekonomia zirkularra du inspirazio-iturri, eta hau du xede: hondakinak berriz ere baliabide bilakatzea, totaler hornitzaileekin elkarlanean jardunez.

Horretaz gain, Mercadona lanean ari da, besteak beste, Hiri Banaketa Jasangarriaren Proiektua garatzen eta gure hirietako airearen kalitatea hobetzen, kamioi eta furgonetak higiarazteko teknologia garbiagoak eta eraginkorragoak erabiliz. Bestalde, bere saltokietan lorategi-estalkiak eta lorategi bertikalak eraikitzen ari da.

2009az geroztik, Jasangarritasunerako Banaketaren Europako Foroko (REAP) partaide da Mercadona. Hainbatean behin, erakunde horretako kide guztien jardueraren jasangarritasunaren kanpo-ikuskapenak egin ohi dira. Europako Batzordea ere erakundeko lehendakaritzako kide da. Bestalde, Mercadonak bere atxikimendua adierazi zion Nazio Batuen Mundu Hitzarmenari 2011. urtean, zeinak jasotzen baititu giza eskubideen, lan-arauen eta ingurumenaren aldeko eta iruzurraren aurkako borrokaren oinarrizko balioak.